Hiru ezezagun bertara sartu ziren herenegun eta atzo arteko goizaldean, eta 4 ordu inguru egon ziren materiala desmuntatzen eta eramaten.
Lapurrek 2 bizikleta estatiko eta spinning bizikleta bat ostu zituzten, baita haltera guztiak ere bi izan ezik. Udalak zehaztu duenez, 22 haltera lapurtu zituzten, 1 eta 15 kilo artekoak. Horretarako goizaldeko 01:30etik 05:00 aldera arte ibili ziren, burua makurtuta eta kaputxa banarekin ezkutaturik. Badirudi ez zutela linternarik erabili.
Bertako segurtasun kamerak lapurretaren irudiak jaso zituen. Hurrengo goizean, gimnasiora bertaratzean, Uarkapeko irakasle bat lapurretaz ohartu zen eta abisua eman zuen.

Udalari gaur galdetu diogu ea zenbatekoa den ostutako materialaren balorea, eta erantzun du “ikerketaren baitan balorazio hau egiten ari direla. Oraindik ez dugu datu zehatza”.
Udalak baieztatu du “Udaltzaingoa gertakaria ikertzen ari dela”, eta eskatzen du norbaitek zerbait ikusi bazuen “Udaltzaingoarekin kontaktuan jartzeko edo 112ra deitzeko”.