29 hauteskunde-mahaietarako kideen zozketa egin da Osoko Bilkuran

0
2575

Mahai bakoitzeko 3 kide izango dira, eta kide bakoitzeko 2 ordezko izango dira. Zozketak kide horiek guztiak zehaztu ditu, eta Udala gaur hasiko da kide izatea tokatu zaien herritarrei jakinarazten.

Jakina denez maiatzaren 28an Udal- eta Foru-hauteskundeak izango dira Arrasaten ere. Hartara, gaur goizean Osoko Bilkura egin da, puntu bakar batekin:

Hauteskunde-mahaietako kideak zehazteko zozketa. EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEko ordezkariak bertan izan dira, baita udal-idazkaria eta bi udal-teknikari ere.

Zozketa egiteko udalek estatu espainiarreko INEren (Instituto Nacional de Estadística delakoaren) plataforma erabili behar dute. Era berean, IDA_Celec ataria baliatu da zozketa egiteko.

Denera Arrasaten 29 hautes-mahai izango dira, eta mahai bakoitzean 3 kide titular izango dira, alderdi politikoetako ordezkariez gain. Era berean, kide titular bakoitzeko 2 ordezko izango dira.

Kontuan hartzekoa da tokatu zaien herritarren zati batek alegazioak aurkezten dituztela. Ildo honetan, ez da beste zozketarik egingo, eta aplikazioak gehienez ere uzten du 14 ordezko aukeratzea.

Osoko Bilkuraren ostean, Udalak dokumentazioa prestatzen dihardu, hau da, hautes-mahaiko kide izatea tokatu zaien herritarrei entregatzeko jakinarazpenak prestatzen dihardu.

Horren ostean, gaur bertan, agiri horiek Udaleko bi jakinarazleak banatzen hastekoak dira. Hartara, kide izatea egokitu zaien herritarren etxeetara bertaratuko dira, eta kasu batzuetan lantokietara.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen