Aurten, covid-19aren krisia medio, esfortzua bikoiztu du Udalak, kontratu kopurua handituz. 28 kontratuetatik 8 herritarren laguntzaileak izango dira, 7 baso-erreka langileak, 4 lorazaintzako peoiak, 5 eraikin garbitzaileak, 2 pintoreak eta beste bi gazteen lan munduratzea bultzatzeko enplegu-planaren baitan.
Testua: Arrasateko Udala.
Irailean jaulkitako Enplegu Sustapen Planaren baitan, zeina Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko egokitu den, Arrasateko Udalak 28 langabe kontratatu ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. 417.828euro bideratuko dira kontratazio hauek burutzeko. Ekimenak helburu du herritar langabeen lan-munduratzea bultzatu eta erraztea, enplegu aukerak eskainiz herriaren garapen ekonomiko zein soziala sustatuz.
Aurten, covid-19aren krisia medio, esfortzua bikoiztu du Udalak. Kontratu kopurua handitu da: 2020-21 Enplegu Sustapen Planean 28 kontratu egin dira (2019-20ko planean 17 kontratu egin ziren). Pertsona multzo zaurgarrienen alde egiteko, hobetsi da kualifikazio maila apaleko langabeentzako postuak eskaintzea: peoiak, hiritarren laguntzaileak…
Kontratatutako guztiak langabeak dira, eta 5 hilabeteko kontratuak izanen dira. 26 kontratu brigadillak osatzeko izango dira eta gainerako bi kontratazioak gazteen enplegua sustatzeko programaren bidez egingo dira: turismoko teknikari bat eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.
Brigadillei dagokienez, kontratazioak horrela egin dira: 14 emakume eta 12 gizonezko. Horietatik 5 pertsona 55 urtetik gorakoak dira eta 11 DSBE prestazioaren titular edo onuradunak.
Aurten, gainera, bi lanpostu mota berri jaulki ditu Udalak, Covid-19aren aurrean herritarrei laguntza eta arreta berezia eskaintzeko: ‘Herritarren laguntzaileak’ eta ‘eraikin garbitzaileak’ dira horiek.
Brigadillei dagokienez, lanpostuen ezaugarriak honakoak dira:
- Herritarren laguntzaileak (8): langabeen artean enplegu aukerak ematea administrazioan herritarren elkarbizitzaren inguruko gaietan laguntzeko. Egitekoak: herritarrei informazioa ematea, herritarrak artatzea, aisialdi eremuetan informazioa jaso eta herritarrei ematea, kaleko hiri-altzarien egoeraren berri ematea udal zerbitzuei, udaleko zenbait dokumentu eramatea (zirkularrak, bandoak…), hezkuntza zentroetako haurrei zenbait ekintzetara laguntzea (kiroldegira, liburutegi, kultur-etxera… hezkuntza zentroek eskatuta), haurrei eskolarako bidean dauden oinezkoen pasabideetan laguntzea.Jardunaldi osoa lan egingo dute, bi erreleboetan: 7:00etatik 14:15era arte, eta 13:00etatik 20:15era arte. Astelehenetatik ostiralera arte.
- Baso erreka langileak (6) eta taldeburua (1): erreka ertzen garbiketa eta landare inbaditzaileen erradikazioa. Natura bideen sarea eta natura guneen mantenua. Eginkizunak: errekan pilatutako zaborra atera, landare inbaditzaileen kontrola, zuhaitz landaketak eta inausketak, landa guneko lursailen desbrozeak, lursailen arteko mugarriak jarri, natura bideen sarearen mantenua, aisialdiko baratza parkearen mantenua.
- Lorezaintzako peoiak (4): lorategien hobekuntza ekintzak. Zenbait hobekuntza zehatz lorategietan, edo belar gune eta alkorkeetan dauden zuhaitzetan eta baita ere zuhaizkak dauden guneetan, lanak egitea, ondorengo mantentze lanak errazteko.
- Eraikin garbitzaileak (5): COVID-19aren ondorioz sorturiko garbiketa behar puntual berriei aurre egitea. Eginkizunak: udal eraikinen garbiketa bereziak.
- Pintoreak (2): hondatutako herriko hainbat altzari, seinalizazio eta bestelako elementuei erabilera-bizitza luzatzea, ezohiko mantenuko tratamendua emanik, denbora gehiago erabilgarri eta txukun jarraitzeko. Eginkizunak: herriko herrian zehar hiri altzari, seinalizazio eta udal baliabideak margotzea.

Covid-19aren egoerari egokitutako Udal Enplegu Planaren parte
8 lerroz dago osatua 2020-21eko Enplegu Plana eta 665.328 euroko aurrekontua du: Udalak herriko langabeak kontratatzea interes publikoa duten proiektuak garatzeko (417.828€); Arrasateko Enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak (87.500 €); Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako diru laguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko diru laguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekitaldiak, enplegu azoka (15.000 €); Ekintzailetzaren sustapena (23.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).