“240.000 euroen saritu arrasatearrak eskerrak ematera etorri dira, oso pozik gaude”

0
1175

Erdiko Kaleko Alegria loteria administrazioak 4 sari banatu zituen aurreko astean. Urrian ere 6.000 euroko beste sari bat banatu zuen. “Sarituek eta guk elkarri eskerrak eman dizkiogu”.

Elisa Lezeta Ruiz de Alegria arduradunak banatu zituen sariak, eta azaldu digu nola izan zuen albiste pozgarriaren berri:

“Zapatuetan zozketa adi jarraitu ohi dut baina aurreko zapatuan eskaera bati erantzuteko eguerdiko 13:00etan hemendik presaka irten behar izan nintzen”.

Loteria banatu ondoren, “etxean nengoela, tabernetako batek telefonoz deitu zidan, eta uste nuen loteria eskatu behar zidala, sasoi honetan oso ohikoak baitira horrelako eskaerak Gabonei begira”.

“Baina ni zoriontzeko deitu zidan, eta orduan izan nuen sarien berri. Ordutik aurrera oso pozik gabiltza, laino batean bezala”.

Izan ere, lau dezimo saridun banatu zituen Alegriak: “Aste osoan erosgai, zintzilik izan genuen jendaurrean baina jende askorentzat ez zen gustuko zenbakia”.

“Ni ahalegintzen naiz gutxienez zenbaki bakoitzeko lau dezimo saltzen, eta zenbakia jendearentzat oso gustukoa ez bada, gutxienez bi dezimo saltzen”.

Saria tokatu zaien lau pertsonak “arrasatearrak dira eta laurak etorri dira eskerrak ematera. Ni eurekin ere oso eskertuta nago. Gainera betiko bezeroak dira, pozarren nago” baieztatu digu irribartsu.

Diskrezioa oso garrantzitsua da lanbide honetan: “Bezeroek badakite diskrezioz lan egiten dugula: 100 milioi pezetako sari bat banatu nuenean, seiko Primitiva bat, inoiz ez dut sarituen identitatea ezagutzera eman. Uste dut profesionaltasunez lan egin behar dela”.

Zapatuko sari garrantzitsuen ondoren, “herenegun (astelehena), atzo eta gaur betiko bezeroek etortzen jarraitzen dute. Jende asko etorri da, baina hau ohikoa da Gabonen aurreko sasoi honetan”.

Astelehenean “Loteriaren Donostiako arduradunak etorri ziren sariaren kartela ikusgai jartzera. Izan ere, tokiko loteria administrazioak ezin du bere kabuz kartela jarri, kartel ofiziala behar da”.

Gainera, Erdiko Kaleko loteria administrazio honek urrian beste sari garrantzitsu bat banatu zuen:
“Dezimo bat tokatu zen, makina bidez egindako erosketa baten ondorioz. Sarituak sariaren berri hemen, loteria administrazioan izan zuen. Betiko bezero bat da eta poz handia hartu nuen. 6.000 € tokatu zitzaizkion”.

Aurten ere “6.500 euroko sari bat banatu dugu Primitivarekin. Zorte oneko bolada batean gaude eta beste sari garrantzitsu bat hemen tokatzea espero dugu. Gaztelerazko esaerak dioen bezala: ‘No hay dos sin tres'”.

“Polita litzateke saria Santamasetan tokatzea, hori ez dut inoiz bizi izan, ‘Potoloa’ bai, baina beste sari handia ez, eta jendeari eskerrak ematen dizkiot jendea nigatik ere poztu baita”.

Komertzio hau 1948. urtean ireki zuen Elisaren familiak, eta lehen administradorea Ruiz de Alegria abizeneko emakumea bat izan zen. Komertzioa emakumeok kudeatu dugu”.

“Lehenengo estankoa izan zen, gero estankoa eta loteria administrazioa aldi berean, eta duela 10-8 urte inguru bi negozioak banatu behar izan genituen”. Sarietara itzuliz, zorionak Elisa, Alegria loteria administrazioa eta saritu guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen