Txatxilipurdik eta Udalak antolatuta, igandero saio bana izango da, martxoaren 26ra bitarte. Aurten berrikuntza bat planteatzen da: “otsaileko eta martxoko azken domeketan, jarduera Santamaina eta Usaetxeko ludoteketan egitea, hurrenez hurren”.
Argazkia: MB artxiboa / Beheko kartela: Antolakuntza.
Txatxilipurdi elkarteak azpimarratu izan du “egitasmo hau hainbat guraso eta seme-alaben beharretik sortu zela. Izan ere, neguko asteburuetan (euria eta hotz egitean) ez zeukaten jolasteko espazio egokirik. Behar horretatik sortu zenez, egitasmoak arrakasta izaten du”.
Era berean, Familia Jolasean “ludoteketako taldetik sortutako ekimena da eta bertako langileek sustatzen dute”.
Ildo honetan, Txatxilipurdi elkarteak eta Udaleko Gazteria Sailak edizio berri bat abiatuko dute domeka honetan, urtarrilak 15.
Udalak adierazi duenez, ekimen honen helburua da “neguko domeka arratsaldeetan familiei denbora eta espazio bat eskaintzea modu ludikoan harremanak izateko eta gozatzeko”.
Halaber, “0-8 urte arteko haurrak dituzten familiek elkar ezagutzeko eta elkarrekin jolasteko aukera bat da, aniztasuna kontuan hartuta eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuta”.
Horretarako “bi hezitzaileren laguntza izango da, bai saioak dinamizatzeko, bai familiek behar duten informazioa emateko”.
11 saio izango dira guztira: urtarrilak 15, 22, 29, otsailak 5, 12, 19, 26, eta martxoak 5, 12, 19, 26. Ordutegia, arratsaldeko 17:30etik 19:30era.
“Okendoko ludotekan izango dira hitzordu gehienak, bi izan ezik: otsailaren 26an Santamainan eta martxoaren 26an Usaetxen”. “Izena eman daiteke bai Ludoteketan eta baita aktibitatean bertan”.
