Herensugeen urteurrena eta 2022/23 taldeen aurkezpena ospatuko dira

0
310

Beheko testua: Isei Barbero (ART) / Argazkiak: ART artxiboa.

Ostiral honetan, hilak 23, Arrasate Errugbi Taldeak denboraldi berriko aurkezpen ofiziala egingo du. Ekitaldia Seber Altube plazan izango da, arratsaldeko 18:30etik aurrera eta, bertan, klub zuri-moreak ekipo guztien aurkezpena egingo du.

Horretaz gain, gerturatzen direnek, Agirre-etxe harategiaren eskutik, hanburgesa txikiak dastatzeko parada izango dute, baita egarria asetzeko aukera ere, Arrasate Errugbi Taldeko kideek barra bat jarriko baitute bertan.

Halaber, Arrasate Errugbi Taldeko beteranoek, Herensugeek, euren urteurrena ospatuko dute asteburu honetan. Pandemia zela medio, eta urtebeteko atzerapenarekin izan bazen ere, iaz ospatu zuten taldearen mende laurdena. Gauzak horrela, asteburu honetan “25+2” urteurrena ospatuko dute Arrasateko Herensugeek.

Ospakizunei ostiralean ekingo diete ART-ko beteranoek, 19:00etan Hotel Mondragonen elkartu ostean, 19:15ean familia argazkia aterako baitute Monte taberna parean. Ondoren, 19:30ean, Udaletxean harrera egingo diete gonbidatuei: Bordeleko Archiball, Donostiako Bera Bera eta Vigoko Melgachos. Horren ostean, poteoa egingo dute alde zaharreko tabernetan.

Zapatuan gonbidatuek, aukeran, plan bikoitza edukiko dute: Otalora jauregian Mondragon Taldeko kooperatiben inguruko aurkezpena ikusi, edota herriko alde zaharretik bisita gidatua egin. Eguerdi partean, guztiek elkarrekin bazkaldu ostean, 16:00etan lauko txapelketa jokatuko dute Mojategin. Gauean, 20:00 aldera, denok Mondragon Hotelera joango dira, eta lunch eder bat dastatu ostean, denok elkarrekin afalduko dute bertan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen