2019-2023 legealdiaren azken ohiko osoko bilkura egin da

0
508

Gaur arratsaldean egin da 2019-2023 legealdiaren ohiko azken osoko bilkura. Osoko bilkuran, besteak beste, honako hauek onartu dira: Udal ordenantza arautzaile berria, lokalak etxebizitza bihurtzearen gainekoa, irisgarritasuna, efizientzia energetikoa eta bizigarritasuna hobetzeko kasuetan bizitegi-eraikinen kanpoko bolumetrian aldaketak egiteko jarraitu beharreko prozedura arautuko duen udal ordenantza, eta Elorregiko biribilgunean autobus geltokia eta komuna egokitzeko, hiri altzari berezi honen mantenua eta kudeaketarako lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena.

Era berean, 8. kreditu aldaketaren (kreditu gehigarrien modalitatekoa), eta transferentzien eta diru-laguntzen eranskinaren aldaketa onartzeko proposamena onartu da. Puntu honetan, EAJko zinegotzi eta bozeramaile Anuska Ezkurrak azaldu du “gobernu taldeak kredituen 6. aldaketaren soberakina 5 milioi euro inguru uztea erabaki duela, hurrengo legealdian kudea daitezen eta hurrengo gobernu taldeak erabaki dezan zer proiektu edo ekimenetara bideratuko diren. Udala egoera ekonomiko osasuntsuan utziko dugu.”

Eva Abuín Elkarrekin Arrasateko zinegotziak autobus berria erosteko dagoen diru partidaz galdetu dio. “Galdetu nahi nuen ea autobus hori AVANZA enpresari oparituko zaion, 4 urteko kontratua baitugu harekin, eta enpresa bera da autobusen mantentze-lanez arduratzen dena?” Galdera honi Ezkurrak erantzun dio “autobus berrirako kontratazio bat egingo da, eta kontratazio guztiek bezala, batez ere horrelako kostu bat dutenean, legeak ezartzen dituen urrats administratibo guztiak jarraitu beharko dira.” Puntu hau EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren kontrako botoekin onartu da.

Amerika Elkartearen mozioa

Gaurko osoko bilkuraren 12. puntua Amerika Elkarteak aurkeztutako mozioa izan da: ‘Esenciales-en legegintzako herri
ekimena, Espainiako estatuan pertsona migratzaileen ezohiko egoera erregularizatzea’. Mozioaren edukia Brigitte Castro Amerika Elkarteko kideak azaldu du. Castrok azaldu duenez, “elkarteak Latinoamerikako herriak eta Euskal Herria kultura, gizarte eta politika arloetan integratzea du helburu.”

Azaldu duenez, “Amerika Elkartea Regularización ya! mugimenduko kide da. Mugimendu horrek sinadura-bilketa bat egiten du, COVIDak sortutako krisiak administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonengan dituen ondorioak arintzeko. 2022an 700.000 sinadura bildu ditugu hainbat elkarte feministaren, sindikaturen eta herritarren laguntzarekin, eta 70.000 sinadura izan dira Euskadin.”

Castrok azaldu duenez, “Euskal Herrian 40.000 pertsona inguru daude egoera irregularrean, eta gehienak zaintzaren, ostalaritzaren eta abarren sektorean lan egiten duten emakumeak dira. Irregulartasuna lan-esplotaziora kondenatzea da.” Mozioan Arrasateko Udalari eskatu diote ez begiratzeko beste alde batera migratutako pertsonen gaian, “asko baikara hemen bizi garenak. Migrazioa ez dela arazo gisa hartu behar, ekonomiaren eta kulturaren motor gisa baizik. Migratzaileok geratzeko etorri gara, eta osagarri izan nahi dugu euskal gizartearentzat. Badakigu udalak ezin dituela gure arazo guztiak konpondu, baina ekarpen handia egin behar du: gizarte-laguntzak, aholkularitza eta bekak.”

Eva Abuinek Amerika Elkartea zoriondu du egiten duen lanagatik. “Eskerrik asko gure udalerrian emakume migratzaile askok pairatzen duten errealitatea mahai gainean jartzeagatik, eta erregularizazioa zuekin dugun zor historikoa delako eta erregularizazioa borondate politiko kontua delako.”

Bestalde, Anuska Ezkurrak eskerrak eman dizkio Amerika Elkarteari. “Eskerrik asko zuen eskaerak eta zuen errealitatea gurekin partekatzeagatik, eta guk mozioaren alde bozkatuko dugu. Gauzak egiten ari direla uste dugu, baina oraindik asko dago egiteko.” Mozioa aho batez onartu da.

Katearen Loturaren mozioa

Galde-eskeen puntuan, Eva Abuinek galdetu du “zergatik geratu den azken osoko bilkura honetatik kanpo Katearen Lotura elkartearen mozioa, epez kanpo erregistratu dela argudiatuta? Izan ere, udal gobernuak ez ditu bere arauak betetzen, osoko bilkurak hileko lehen asteartetik kanpo jarriz, orduan egin beharko bailirateke.”

Anuska Ezkurrak erantzun du “barne araudi bat dago eta mozioak sartzeko epeak ezagutzen ditugula, eta hau epez kanpo zegoen.” Bestalde, Maider Morras EH Bilduko zinegotziak erantzun du “denok dakigula beste batzuetan epez kanpoko mozioak onartu direla gure artean akordioa lortu denean, eta are gehiago kontuan hartuta irailera arte ez dela osoko bilkurarik izango. Gure ustez, kasu honetan sar zitekeen.”

Bestalde, Maria Ubarretxena alkateak hitza hartu du esateko “hori ez dela horrela, eta Amerika Elkartearen mozioaren kasuan martxoko osoko bilkurarako berandu sartu zutela eta gaur aztertu dela. Ez da hori gertatzen den lehen aldia, zuei ere gertatu zaizue PSErekin batera aurkeztu zenuten mozio batekin.”

Kepa Urtega EH Bilduko zinegotziak erantzun du “egia dela, baina orduan mozioak hurrengo osoko bilkurara arte itxaron zezakeela, baina kasu honetan legealdiko azkena da, eta irailera arte ez da besterik egongo. Kasu honetan, begirune pixka bat izan zitekeen.”

Agurren eguna

Amaitzeko, gaur ere agurren eguna izan da. Maider Morrasek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie EH Bilduren helburuen eta proiektuen alde lan egin duten guztiei. “Ezinbestekoa da guretzat herritarrei, elkarteei eta dinamizatzaileei eskerrak ematea haien laguntzagatik. Jarrai dezagun herri bizi bat egiten, merezi eta nahi dugun herria sortzen. Gora Arrasate!”

Anuska Ezkurrak agur esan du EAJko bozeramaile gisa 8 urte eman ondoren. “Maiderrek esandako hitzak balioesten ditut, baina aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko EAJko nire kideei, PSEko gure gobernukideei, baita ere oposizioari, bai Evari bai Maiderri eta EH Bilduko kide guztiei. Asko ikasi dut zuengandik eta aurkari handiak izan zarete. Hemen gauden guztiok helburu bera dugu, Arrasate hobea egitea.” Era berean, eskerrak eman dizkie bere gurasoei, senarrari eta semeari 8 urte hauetan emandako laguntzagatik. “Amaitzeko, Maiderrek esan bezala, Gora Arrasate!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen