100 lagun inguruk parte hartu dute, eta “baliteke Zuhaitz Egunik jendetsuena izatea”. Musakolako hezegune berrian espezie inbaditzaileak kendu dituzte. Udal-iturriek aurreikusten du “balio handiko” gunea izango dela.
Argazkiak: Piter Encinas eta Mondraberri
Eguraldia lagun, 100 lagun inguruk hartu dute parte goizeko landaketan, Antoña inguruan, Institutuaren atzeko partearen inguruan.
Pello Garai Udaleko Ingurumen teknikariak zuhaitz landaketa ugari zuzendu ditu herrian, eta “nik antzeman dudanaren arabera, inoizko Zuhaitz Egunik jendetsuena izan da”. “100 lagun inguruk parte hartu dugu”.
Horrela, aurreikuspenak gainditu direnez “nik uste parte-hartzaileak lan gehiago egiteko gogoz geratu direla. Datorren urtean landare kopuru nahikoa ekarriko dugu, inor gogoz gera ez dadin”. Ekitaldian hiru jarduera nagusi egin dituzte:
- 200 landare jartzeaz gain
- Landare inbaditzaile batzuk kendu dituzte
- Zuhaitz inbaditzaileei gerria zuritu diete
Antoña inguru honetan akaziak ziren nagusi, hau da, espezie inbaditzaile bat. “Horik erretzeko eta herbizidarik ez erabiltzeko, gerria zuritu diegu”.

Gainera, ciperus agrostis landare inbaditzaile kentzen aritu dira, “espezie oso kaltegarria”. Ondoren, altzak eta zahatzak landatu dituzte.
Hala lagundu diote Antoñako ekosistemari, eta ekitaldiak ere balio izan du hezegunea jendarteari aurkezteko:
“Ez da aurkezpen ofizialik egin, baina ekitaldi honekin hezegunea ezagutzera eman dugu. Familia ugari etorri dira”.
Bertan mineral garbitokiaren aztarnak daude. XX. mende hasieran burdin minerala atera eta garraiatzen zen aireko kable bitartez, Udalaitzeko meategietatik Antoniñako garbitokiraino.

Antoniña errekako urari esker, garbitu eta sailkatu egiten zuten, ondoren Bergarako labe garaietaraino garraiatzeko. Lan hauek iraun zuten aurreko mendeko 40. hamarkadara arte.
Garbitokiko presaren hormak, eta goiko baserrietara igotzeko pistak, sortu dute istinga (lupetza) artifizial bat.

“Horri laguntzeko, eta ura bertan denbora luzeagoan mantentzeko, arbola batzuk bota ditugu (izadian naturalki gertatzen den bezala) eta horiek presaren lana egiten dute. Ondorioz, inguru honetan hezeguneak sortzen dira”.
“Hezegune horiek espezie piloa erakartzen dituzte, eta honezkero bertan martin arrantzalea izeneko txoria ikusi dugu. Lanak bukatu berri ditugu, eta ondorioz hezegunea nahiko zakar dago, baina udaberrian (inguru hau naturalizatzean) itxura hobea izango du”.

Hezeguneak “bioaniztasunean oso aberatsak dira, eta hemen era guztietako txoriak ikusi ahalko ditugu. Ez da Urkulu edo Salburua bezalakoa izango, baina balio handikoa izango da”.
Horregatik guztiagatik, Udaletik balorazio “oso positiboa” egin dute. Lanaren ostean, lunch bat egin da bertaratutakoen artean.

