Besaide Mendizale Elkarteak antolatuta, plaza guztiak azkar bete ziren, eta BTTko txirrindulariek inguruan sufritu eta gozatu ahal izan dute.
Hirugarren argazkia: Antolakuntza.
Iaz ezinezkoa izan zen hitzordu estimatu hau egitea pandemiaren ondorioz, baina aurten Besaide Mendizale Elkarteak ohitura berreskuratu ahal izan du, Covidaren aurkako neurriekin:
Normalean parte-hartzaile denak elkarrekin abiatu ohi dira 09:00etan irteeratik, baina aurten parte-hartzaileen irteeren artean denbora tartea utzi dute. Izan ere, parte-hartzaileak 08:00etatik 09:00ak bitartean abiatu dira.

Anoa postuan ere Covidaren aurkako neurriak hartu dira: janaria eta edaria “poltsetan banatu ditugu, parte-hartzaile bakoitzarentzat pack indibidual bat, manipulatu gabeko jakiak”, azaldu digu Antolakuntzako Eneko Fernandez Ortiz de Luzuriaga ‘Keko’k.
Martxaren osteko lunchean ere neurriak hartu dituzte: “Normalean guk prestatu izan dugu, baina aurten Arrasateko catering bat azpikontratatu dugu. Eroskin erositako produktuak ere banatuko ditugu, manipulatu gabeko jakiak. Gainera dena biodegradablea da”.
Covidaren testuinguruan, aurtengo edizioa ezin izan da normalatasun osoz egin: “Ez dugu ia markarik egin ibilbidean, eta parte-hartzaile bakoitzak bere tracka baliatu du ibilbidea egiteko”.

Antolakuntzak denera 200 plaza jarri zituen aukeran eta guztiak laster batean bete ziren. Hala, BTT zaleak Arruena parketik abiatu dira goizean goiz, eta txirrindulariak ondorengo inguruetatik ibili dira:
Ziorla – Garagartza – Tellamendi aldea (Aramaioko lagunek egindako bi jaitsiera ezagutuz) – Besaide – Garagartza (beste bi jaitsiera) – Meatzerreka – Anporreta – Ziorla.
Mondran Bikeko Antolakuntzak eskertu du “pertsona asko animatu direla parte hartzera, nahiz eta eguraldi txarra egin, gogo handia zutenaren seinale”.