1970, belaunaldi berri bat langile-mobilizazioen buru eta ETAko militanteen aurkako heriotza-zigorren kontra

0
895

60etako amaieran, pertsona erresistenteen belaunaldi bat klandestinitatean hasi zen, gure burua antolatuz eta Diktaduraren aurkako mobilizazioak bultzatuz, baita gure bizitza- eta lan-baldintzak hobetzeko ere. Hutsetik hasi ginen, esperientzia barik eta aurreko erakunde sindikalekiko harreman barik.

Testua eta argazkiak: Juan Ramon Garai – Intxorta 1937 kultur elkartea.

Gerraren ostean, Arrasaten UGT eta STV izan ziren erakunde sindikal gisa klandestinitatean jarduten jarraitu zutenak, eta ikaragarrizko egoera errepresibo batean mobilizazioak bultzatu zituztenak. 1947ko maiatzean, STV-ELA, UGT, PNV eta Partido Comunistak osaturiko Greba Batzorde lokalak grebarako deialdia egina zuen Bizkaiarekiko elkartasunez, azken orduan Eibartik abisu bat iritsi zen lanuztearekin bat ez egiteko. Apirileko greban, 1951ko 23 eta 24an, belaunaldi horrekin batera, sindikalista gazteek ere parte hartu zuten, gazteak izanik, gatazkaren lekuko zuzenak ez zirenak. Garbantzuen greba bezala ezaguna, bizitzaren merkatzea zela eta, Arrasaten eragin handia izan zuen.

1956ko apirilaren 13 eta 14an ere grebak jarraipen zabala izan zuen. Azkena 1962ko maiatzean izan zen, Unión Cerrajeran 17 egun iraun zuena, STV-ELAk bultzatuta. Ondorioak izan ziren:

  • Hainbat langileren aurkako atxiloketa eta Melitón Manzanasen torturak
  • Hainbat pertsona kaleratzea
  • Lanuztea babestu zuten Enpresako Epaimahaiko kideen kanporatzea
  • Grebalari guztien aurkako zigorra bosturtekoak kenduz, antzinatasuna kenduz

Greba honen ostean, enpresa honetako lider sindikalak kooperatibetan barneratu ziren. Aipatu behar da mobilizazio horietan guztietan, 1947tik 1962ra, atxiloketa asko egin zirela.

Bien bitartean, gerran zehar jaiotako sektoreak, eta erakunde horiekin inolako harremanik ez zutenak, euren burua antolatzen hasi ziren lantegi batzuetako zinpekoen eta sindikatu bertikaleko artekarien bitartez, bai eta USO, HOAC eta JOCen bitartez ere.

60etako erdialdetik aurrera, gizonezko eta emakumezko langileen belaunaldi berria osatzen zuten:

Batetik, hemen jaiotako pertsonak, ELA, UGT eta CNT erakunde historikoei loturik sentitzen ez zirenak, ez antolakuntzari dagokionez, ez bizitzako esperientziari dagokionez (errepresio eta beldurrezkoak).

Bestetik, estatuko leku ezberdinetatik etorritako pertsonak, horietako asko Arrasatera lan egitera etorri ziren; gehiengo zabala landa eremutik edo pobretutako inguru batetik zetorren, 20 urte inguru zituzten eta aurrez ez zuten UGT eta CNTrekin kontakturik, landa-eremuan presentzia handia izan zuten erakunde sindikalak.

Bi kolektiboek ezaugarri amankomunak geneuzkan: gazteak ginen, ia ez ginen patroien, euren estatuaren eta euren poliziaren debekuen eta errepresioen beldur, eta ez genuen esperientzia sindikalik.

Orduan, 60etako azken zatian, 20 urte inguru zituzten gazte hauen belaunaldi hau, gerra eta gerraosteko lehen urteak zuzenean ezagutu ez genituenok, taldeak eratzen hasi ginen, enpresa ezberdinetan antolatuz.

UGT eta STV ez bezala, gure belaunaldia batu zuen arrazoia ez zen ideologikoa izan, patronalari eta diktadurari elkarrekin aurre egiteko beharretik batu zen. Hala jaio ziren, 70etako hasieran, lehen lantegi-taldeak: Unión Cerrajeran ‘Oinarrizko Taldeak’ eta ‘Langile batzuk’. ELMAn ‘Langile Batzuk’ izenarekin jaio ziren. Kooperatibetan (ULGOR) hasieran ‘Langile Batzuk’ izenarekin eta gero UTC (‘Unión de Trabajadores Cooperativistas’). Hiru enpresa hauek ziren, orduan, Arrasateko garrantzitsuenak, eta lehen bietan milatik gora pertsonak lan egiten zuten. Gizonezko eta emakumezko langileok ez genuen eskubiderik:

  • Ez ziguten antolatzen uzten, ezta greba egiten ere
  • Ez ziguten elkartzen uzten, talde gutxietan nahiz asanbladetan
  • Ez ziguten informatzen uzten, ezta gure burua informatzen ere
  • Kaleratzen, atxilotzen eta kartzelaratzen gintuzten

Edozein legez kanpoko greban grebalarien jarduera guztiak ilegalak ziren. 1965era arte, jarduera horiek ‘sedizio delitutzat’ jotzen ziren.

1964an, ELAko militante Josu Otaduiren atxiloketaren ondorioz, lehenbiziko langile-manifestazioa egin zen herrian, eta 1968ko maiatzaren 1ean, langile-borrokaren inguruan mobilizatutako belaunaldi berriek lehenbizikoz manifestazio batean hartu genuen parte.

Manifestazioa udaletxeko plazan hasi zen, parte-hartzaileek zirkuluan biraka ibiliz. Apurka-apurka gero eta pertsona gehiago sartu ziren manifestazioan, guardia zibilen ‘sekreten’ begiradapean. Han, egunkariak puskatu ziren, prentsa diktadura zalea salatuz. Alkateak, Juan Manuel Azkoagak, sakabana gintezela eskatu zigun. Ez zitzaion kasurik egin eta Portaloirantz joan ginen; handik Ferrerias kalerantz, eta bertan segada bat egin ziguten. Guardia zibilak alde batetik eta bestetik bidea itxiarazi zigun, eta guardia zibilak Ferrreriasen euren fusilekin kolpatzen hasi ziren. Egin genuen presio handiak garaje bateko atea zabaldu zuen, eta bertan pertsona ugari babestu ginen, Guardia Zibilak atea kolpatzen zuen bitartean.

1968ko ekainaren 8an Txabi Etxebarrieta (ETAko liberatua) eraila izan zen. Mobilizaioak oso jendetsuak izan ziren, gazte ugarik zuzendu zituzten eta gazte ugarik parte hartu zuten. Nabarmena izan zen Guardia Zibilaren basakeria, Jesús Muñecas Aguilar kapitainaren zuzendaritzapean: manifestariak erreprimitu zituen eta atxilotutako dozenaka pertsona basakeriaz torturatu zituzten.

1969ko urtarrilean hiru asteko greba egin zen ELMAn.

Burgosko prozesua 1970eko abenduaren 3an hasi zen. Langile Mugimendua indar anti-frankista handia bezala azaldu zen, grebak zuzenduz. ETAko militanteen aurkako heriotza-zigorren kontrako mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren, eta hilabete osoa iraun zuten, indultatuak izan arte.

Unión Cerrajeran ‘Langileen Taldea’k abangoardia batzar bat deitu genuen (kontzientzia gehien genuen lantegiko langileak) eta erabaki genuen lanuzteei ekitea lantegian zehar ‘sugearena’ eginez (hau da, pertsona ilara bat antolatu genuen, eta lanpostu ezberdinetatik igarotzen ginen, sigi-saga, eta bertako langileak ilaran parte hartzera animatzen genituen). Abenduaren 3a zen, 1962tik lana geratzen zen lehen aldia. Hiru pertsona biltegian elkartu ginen, eta ‘sugearena’ egiten hasi ginen Trokelatze sailetik, ondoren Txantxiku sailera joan ginen. Lantegi osoa gelditu genuen, bai eta hilabete hartako egun askotan ere. Borroka metodo hau, Asambleay ‘sugea’, 70etan zehar erabili genuen.

Arrasateko Unión Cerrajera ez ezik, elkarte anonimo guztiak gelditu ziren, besteak beste, ELMA, Gamey, Ifam, Industrial Mondragonesa … eta kooperatibetan: ULGOR, Arrasate, Amat, Fagor Electrónica eta Eskola Profesionala, egungo Mondragón Unibertsitatea.

Aretxabaletako Copreci Kooperatiban ere ‘sugearena’ egin zen, enpresa osoa geratu zuena, eta langileak manifestazioan herrirantz atera ziren. Oñatin, Garay eta Cegasa gelditu ziren; bietan ala bietan, grebarekin bat egin ostean, enpresaren aurrealdean bilkura egin zuten, guardia zibilaren kargak sufritzen. Gainera guardia zibila lantegien barrualdera sartu zen, lantegiak gera ez zitezen presionatuz. Elizen barruan elkarretaratzeak egin ziren, eta bertatik irtetean ‘grisek’ kargatu egin zuten. Bergaran, Unión Cerrajera (Altos Hornos), Mayc, Algodonera eta Torunsa geratu ziren. Torunsa (Elgetarako bidean, San Joan auzoan) enpresako gizonezko eta emakumezko langileak herriaren erdialderantz abiatu ziren, eta ibilbidean zeuden tailerretako langileek ere bat egin zuten mobilizazioarekin. Manifestazio jendetsuek guardia zibilen biolentzia sufritu zuten.

Arrasateko manifestazioetan milaka pertsonak parte hartu zuten, eta guardia zibilek kolpeka sakabanatu zituzten, manifestariak taberna batzuetan babesa hartzen zuten eta guardia zibilek taberna irtenarazi zituzten. Horietako batean, Bar Mendi aterarazten ari zirela, ondoko balkoi batetik, Olatxo harategiaren gainean, Blas Sagastak lurrean etzanda ‘h. de p.’ oihukatu zien, eta guardiek gora begiratzen zuten arren, ez zuten inor ikusten. Biktor Bonet eta beste arrasatear batzuk Burgosko Gobernu Militarrera joan ziren, epaiketaren lekura. Bilkura sakabanatu egin zuten indar errepresiboek.

Lantegi batzuetan, mobilizazio hauek sustatu genituenak belaunaldi gazteak ginen, eta klandestinoki egin genuen. Beste enpresa batzuetan Zinpekoen eta Bitartekarien inguruan antolatutako gizon eta emakumeak izan ziren.

Lantegietako eta kaleko mobilizazioek alderdi politikoetan afiliatutako pertsona guztien babesa jaso zuten: PNV, Partido Comunista, Partido Socialista, ETA, ETA-VI, Movimiento Comunista … Mobilizazio hauen ondorio garrantzitsuenetako bat izan zen Diktaduraren aurkako eta askatasun politikoen aldeko antifrankista guztiak borroka bateratu batean elkartu ahal izatea. Milaka pertsonako mobilizazioek (Arrasateko lehenbizikoan 5.000 lagunek hartu genuen parte) diktadurari galarazi zioten heriotza-zigorrak exekutatzea, eta batez ere lagundu zuten kontzientzia eta konfiantza sortzen langile gazteen artean, izan ere, agerian geratu zen diktaduraren errepresioa ez zela garaiezina, frankismoa garaitu zitekeela.

Langile Mugimendu berri hau, 1969an herriko lantegietan antolatzen hasia, batera gorpuzten ari zen. Unión Cerrajerako ‘Oinarrizko Taldea’n, 1973tik aurrera Unión Cerrajerako ‘Langile Batzordea’, politikoki independenteak ziren pertsonaz gain, ikusmolde edo militantzia ezberdinetako langileek bat egiten genuen: ETA VI-LCR, ETA, Movimiento Comunista. Elman, ‘Langile Batzordea’z gain, ‘Langile Batzordeak’ eratu zen. Kooperatibetan, ‘Langile Kooperatibisten Batasuna’n.

Gipuzkoa mailan, hiru koordinakundetan banatzen zen. Ikusmolde ezberdinak zeuden, Langile Mugimendu barruko joera politiko ezberdinen ondorioz. Horregatik ezbaiak zeuden antolaketari, borroka bideei eta programari zegokienez. Hala, Langile Batzordeek ‘Langile Ekintza’ argitaratu zuten, Comisiones Obreras-ek (bitan zatiturik) ‘Biltzar’ argitaratu zuten (Partido Comunistak bultzarik) eta ‘Guipúzcoa Obrera’ (ORT, PTE, Movimiento Comunista eta ETA VI-LCRek bultzaturik).

Comisiones Obreras – Guipúzcoa Obrerak defendatzen zuen, bere egituran parte hartzeko beharrezkoak ziren gutxieneko 4 puntuetatik, puntu bat klandestinitatearena izan behar zela (Guipúzcoa Obrera-ren 2. zenbakia, 1971ko apirila). Ordea, Comisiones Obreras – Biltzar-rek bestelako iritzia zuen: “uste dutenek lantegietako batzordeak klandestinoak izan behar dutela, ahalbidetzen dute batzordeak eraginik gabeko erakundeak izatea Langile Mugimenduaren baitan” (Biltzar 4. zenbakia, 1973ko maiatza/ekaina).

Ez ziren desadostasun bakarrak: Comisiones Obreras – Biltzar Sindikatu Bertikaleko zinpeko eta bitartekari ondratuak baliatzearen aldekoa zen; Comités Obreros – Langile Ekintzak 72ko abenduko bere lehen zenbakian adierazten zuen “exijitzen dituela zinpekoen eta bitartekarien dimisioa, eta asanbladak aukera eta baliogabetu ditzakeen batzordeak antolatzea”; aldi berean, Comisiones Obreras – Guipúzcoa Obrerak bere 14. zenbakian, 1973ko uztailean, bestelako apustu egiten zuen: “gure antolaketa sortzea, garatzea eta indartzea sindikatu bertikal faxistatik aparte eta honen kontra”.

1970eko abenduko mobilizazioetatik aurrera, erakunde politiko eta sindikalak nabarmen garatu ziren, langile- eta herri-borrokak orokortu ziren, eta frankismoaren aurkako azken erasorako baldintzak prestatu ziren. Errepresio urte gogorrak falta ziren, batez ere Puig Antich-en erailketaren harira, eta ETAko eta FRAPeko militanteen fusilamenduaren harira, 1975eko irailaren 27an, baina diktadura frankistaren amaiera iristear zen.

70etako hamarkadan, belaunaldi berriak Arrasaten sustatutako langile-mobilizazioetatik nabarmendu ziren:

  • 1973ko IFAMeko grebalariekiko elkartasunezko grebak (hiru hilabete iraun zuten)
  • Unión Cerrajerako greba 1974ko ekainean
  • Ulgor eta Fagor Electrónicako greba 1974ko ekainean
  • Greba orokor eta politiko-sindikala 1974ko abenduaren 11n
  • Heriotza-zigorren aurkako grebak 1975ean
  • Gamey-ko kaleratzeen aurkako borroka solidario eta jendetsua 1976an
  • Gasteizko erailketen aurkako 1976ko martxoko greba orokorra
  • Amnistiaren Aldeko astea 1977ko maiatzean
  • Metalaren herrialdeko hitzarmenaren grebak 1977 eta 1978an
  • Txandakako plus-aren aldeko borroka Unión Cerrajeran 1978an eta elkartasunezko lanuzteak herrian
  • 1978ko greba orokorrak Iruñeko German Rodriguezen erailketaren aurka eta Arrasateko Emili, Zapa eta Robertoren erailketen aurka

Borrokaren batasuna ahalbidetu zuten kontsigna politikoak ondoak izan ziren: Askatasuna! Behera Diktadura Hiltzailea! Gorputz errepresiboen desegitea, Erantzukizunak erabiltzaileentzat, Guk anaiok ez dugu ahazten, … Gainera, Autodeterminazio Eskubidea aldarrikatzen zen, Amnistia preso politikoentzat eta Amnistia laborala kaleratutako pertsonentzat (Arrasaten, diktadura amaitzean, enpresa batzuetatik kaleratutako pertsonak zeuden: Gamey, Ifam, LIMSA (La Cucharera), Santiago Bastida, Bihurtu … , ikastetxeetan: Ikastola, osasun zentroetan: Zentro Asistentziala, eta Ulgor eta Fagor Electrónicako 24 kooperatibistak.

Lantegiko asanbladak (batasun testuinguru bezala), ‘sugeak’ antolatzea borroka zabaltzeko bide gisa, enpresetako itxialdiak, herri-asanbladak udaletxearen plazan, Sebero Altuben eta auzoetan, manifestazio jendetsuak … borroka metodo ohikoenak izan ziren urte horietan guztietan.

Trantsizioaren ostean gertaturikoa ez zen bat etorri Diktadurarekin bukatzea helburu zuten borroka horiekin guztiekin:

  • Frankismoko sektoreekin ituna egitea
  • Hiltzaileak eta torturatzaileak amnistiatzea
  • Poliziak berak, epaitegi berezi berberek eta ejerzito berberak bizirik jarraitzea
  • Gaur egun oraindik daukaten inpunitatea
  • Krimen guztiei justizia etengabe ez aplikatzea

Hauek guztiak ez datoz bat urte haietako borroka eta ametsekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen