17 taldek hartuko dute parte Arrasate Blues jaialdian ekainaren 11tik uztailaren 17ra

0
1276

Edizio honetan Arrasate Bluesek Mertxe Madinabeitia, Miren Gastañares eta Maria Pilar Etxebesteren ibilbidea aintzatetsiko ditu. Hirurek parte hartu zuten Arrasate Musikal abiatu zuen klaustroan, eta euren bizitza profesionala bideratu egin zuten arrasatear askori musika irakastera.

Testua: Ibai-Arte.

Arrasateko kaleei bizitasuna itzultzeko erronkarekin, Ibai-Artek Arrasate Bluesen laugarren edizio honi ilusio handiz eta erritmo biziz heldu dio. Aurreko hiru edizioek Arrasate Blues sustraitzea lortu dute eta oraingoan antolatzaileek Arrasate Blues haztea eta herri sarrailagileko leku gehiagotara heltzea nahi dute. Hartara, programa zabalagoa izateaz gain, ekitaldi berriak gehitu dira, eta musika topagune izango da bluesaz zuzenean gozatzera bertaratuko direnentzat.

Laugarren edizio hau uztailaren 14tik 17ra izango da, baina jaialdiak aurrerapen txiki batzuk izango ditu, bai ekainaren 11n, bai uztailaren 2an eta 10ean, publikoari blues programazio zabala aurreratuz. Zazpi egun hauetan zehar askotariko programazioa izango da, norberak gustuko duen blues doinua aurki dezan. Gainera, jaialdiak asmo du musika zaleen topagune izatea, baita asteburuan kulturaz eta gastronomiaz gozatu nahiko duten pertsonentzat ere.

Izan ere, jaialdi honekin Ibai-Arte elkarteak musikak herriko giroa dinamizatzea nahi du eta musika izatea Arrasateko kaleetako bizitzaren ardatza.

Aurkezpenean Ibai-Arteko Ion Apraiz, Maria Ubarretxena alkatea eta Paul San Martin musikaria

Hasiera esperantzagarria

Aurten jaialdia inoiz baino goizago hasiko da. Ekainaren 11n Arrasate Bluesek hasitzat emango du bere laugarren edizioa. Egun berean 1870 garagardoa aurkeztuko da, Arrasate Bluesen edari ofiziala, eta ordutik taberna kolaboratzaileetan dastatu ahalko da. Hortaz gain, laugarren edizio honetarako, Ternua markak polo berri bat sortu du Arrasate Blues logoarekin. Jantzi dotore honen aurkezpena ere baliagarria izango da blues erritmoei ongietorria emateko.

Aurkezpen hauek egin ondoren, Arrasate Blues martxan jarriko da 19:00etan Herriko plazan Wax & Boogie bandaren kontzertuarekin, hain zuzen, herri afroamerikarraren musika tradizionalaren benetako izpiritua bikain ulertu duena, eta eraldatu egin du bere adierazpen bide bihurtuz. Hau gutxi balitz, Otalora Lizentziaduneko eszenatokian 20:30etan jaialdiaren bigarren hitzordua izango da. Antolatzaileek taldea zein den ez iragartzearen aldeko apustua egin dute, baina hitzematen dute taldearen izena ez dela arrasatearrak harrituko dituen bakarra.

Baina musika jendearen behar bakarra ez denez, Arrasate Bluesek ere bi otordu blues-zale antolatu ditu. Uztailaren 15ean blues notak Udala auzoraino igoko dira,eta talde sorpresa batek uztartuko eta girotuko du Uxarte Jatetxearen menua. Hogeita lau ordu geroago Hotel Mondragonen txanda izango da, eta bertan beste talde batek bigarren otordua girotuko du. Proposamen berri hauekin, antolatzaileek helburu dute bluesa etxetik irteteko, uneak elkarbanatzeko eta harremanak izateko beste arrazoi bat izatea.

Blues uztaila

Zalantza barik urteko zazpigarren hilabetea Arrasateko hilabete blueseroa da, eta sasoi honetan biltzen dira jaialdiaren kontzertu eta proposamen gehienak.

Uztailaren 2an (22:00etan Herriko plazan) Sweet Marta & The blues shakers, bi album merkaturatu dituen taldea, Arrasate Bluesera helduko da bluesaren sustraiek bizirik jarraitzen dutela erakusteko, zenbait artista interpretatuz, tartean George Harmonica Smith, Koko Taylor, Bobbye Blue Blanda eta Junior Wells. Errepertorioari bere kantuak gehituko dizkio.

Uztailaren 10ean (13:00etan Herriko plazan) EIJOk erakutsiko du bluesak belaunaldi berriarekin etorkizun handia duela. Big band honek, Euskadiko zenbait kontserbatoriotako ikaslez osatua, musika modernoko diziplina ezberdinetako ikasleen topagune izan nahi du. Baita ikasle hauek jendaurrean aritu ahal izatea ere, ezaugarri hauetako talde batean esku hartuz. EIJO Arrasate Bluesera dator argi uztera gaztetasuna eta talentua sinonimo direla.

Paul San Martin Aretxabaletako Musika Eskolako irakaslea

Karteleko ekitaldi gehienak uztailaren 14tik 17ra izango dira

14an Arrasate Bluesek omenaldia egingo die Mertxe Madinabeitia, Miren Gastañares eta Maria Pilar Etxebesteri. Hiru irakasle hauek jaialdiaren saria Herriko plazan jasoko dute. Lehen jardunaldi hau Itxasok osatuko du, euskaraz eta ingelesez abesten duen artista bizkaitarra, eta musika euskalduneko izen handiekin nahiz jazz esparru estatalarekin kolaboratu duena.

Iazko kontzertu gogoangarrienetako baten ostean, uztailaren 15ean Itziar Yaguek Herriko plaza zapalduko du berriro (23:00). Oraingoan Yaguek, bere ohiko laukoteaz gain, Greg Izor-en kolaborazioa izango du alboan. Yaguek bere sorterriko herritarrekin izango duen hitzordu hau baliatuko du prestatzen diharduen diskoko zenbait kanta aurreratzeko.

Uztailaren 16an Bergaratik Diablues ta Bluezifer iritsiko da eta erakutsi gura du Missisipiko ertzeetan bezala, Deban ere blues ona konposatzen dela. Eta Bilbotik Los Brazos taldea helduko da. Power-hirukote honek Universal aurkeztuko du, aurreko martxoan abiatu zuten lana. Bi taldeek hitzematen dute ikuskizuna emango dutela eta publikoa eserlekuetatik altxatuko dutela.

Arrasate Bluesek teloia Arbolapetan jaitsiko du. 13:00etan Swingtronics-ek jaiadiaren azken egunari ekingo dio. Talde honek swingari base elektroniko modernoagoak gehitzen dizkio, musika herrikoiaren kantu entzutetsuak berrikusteko asmoz, jazz standard-ak barne, erabateko ukitu modernoa, erritmikoa eta alaia emateko. RAW diskoaren aurkezpenak, Hendaian bizi den JAC
‘bluesman’arena, izango da Arrasate Bluesen edizio hau itxiko duena.

Hiru aitzindari

Musika beti egon zen presente Mertxe Madinabeitiaren, Miren Gastañaresen eta Maria Pilar Etxebesteren bizitzetan. Musikara hurbildu ziren moja asuntzionisteneskutik. Solfeoaren ostean pianoa iritsi zen, eta Arrasaten zenbait urtez ikasi ostean, Bilbon azterketa egiteko unea iritsi zen. Karrera musikal bat egitea ez zen ohikoa orduan, baina hiru aitzindari hauentzat musika euren bizitzako parte zen ordurako. Ikasketa hauei esker Arrasate Musikaleko lehen klaustroaren parte izan ziren. Gogoratzen dute orain udaltzainek duten eraikinean orduan ia ez zituztela ez materialik eta ez ikaslerik: “hasieran ez genuen pianorik ere” gogoratu du Miren Gasteñaresek, baina urtez urte eskola txiki hura hazten joan zen. Aprendizen eskolan baldintzak hobetu ziren, eta horrek ahalbidetu zien ikasle eta baliabide gehiago izatea.

25 urtetan zehar ikasle asko eta asko izan dituzte, eta ondorioz ia egunero euren esker oneko ikasle batekin edo beste batekin elkartzen dira. “Konturatzen gara euretako askok musika utzi dutela, baina nolabait, jende gehiagorekin batera, Arrasaten musikarekiko sentitzen den amodioaren arduradun sentitzen gara”.

Hiru irakasle hauen omenezko ekitaldia uztailaren 14an izango da, Herriko plazako eszenatokian. Antolakuntzak musika-irakasle nekaezin hauen ikasle ohi guztiei eskatzen die merezitako omenaldiarekin bat egin dezatela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen