17 desfibriladore jartzen hasi da Udala, auzo denetan 1 gutxienez

1
1556

Prentsaurrekoan Bexen Cardio kooperatibako zuzendari nagusiak ere parte hartu du. Desfibriladoreak “bizitza asko salba ditzakeela” azaldu dute eta boluntarioak behar dira Erreskatatzaileen sarea osatzeko. APP bidezko laguntza alerta bat ere abian jarriko da.

Argazkia eta beheko testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak 17 desfibriladore jarriko ditu Arrasate osoan zehar, horrela iragarri du gaur goizean prentsaurrean Maider Morrras Azpiazu Arrasateko alkateak, Oxel Etxebarria Etxagibelek lagunduta, Bexen Cardioko zuzendari nagusia.

Gaur hasi dituzte 17 kokalekuen instalakuntza lanak, eta hilabete amaierarako amaitzea aurreikusten dute. Proiektu hau martxan jartzearen helburua “osasun ekosisteman aurrera urratsak” ematea da. “Arrasate herri osasuntsua izatea nahi dugu, eta zerbitzu honek, bizitza asko salba ditzake. Izan ere, bihotz-biriken geldialdi bat jasan duen pertsona bat bizirik irten ahal izateko ezinbestekoa da biktima azkar artatzea. Datuek diote sei minutu igaro baino lehen artatu beharra dagoela. EAEn, 2018ko datuen arabera, ordea, anbulantzia batek batez beste hamaika minutu behar ditu biktimarengana heltzeko” azaldu du Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkateak.

Desfibriladore batzuk totem laranja batekin lagunduta egongo dira, Musakolakoa kasu, eta, beste batzuk, eraikin ezberdinetako paretetan kokatuta izango dira. Guztiak behar bezala seinaleztatuta.

Erreskatatzaileen sarea: herritar boluntarioen beharra

Zerbitzua martxan jartzeko ezinbesteko garrantzia izango dute boluntarioek, eta elkartasunaren garrantzia azpimarratu du Morrasek. “Behin makinak jarrita, erreskatatzaileen sarea sortzea dagokigu. Elkartasuna, izan ere, oso garrantzitsua baita proiektu honetan. Herritar guztion inplikazioa ezinbestekoa izango baita sistema honek funtziona dezan”.

Boluntarioek desfibriladorea erabiltzeko formakuntza jasoko dute, eta “erreskatatzaileen sarean” sartuko dira. “Udalak desfibriladoreen eta bihotz-biriken bizkortzean oinarritutako doako formakuntzak jarriko ditu herritarren eskura, eta 200 boluntario dira erreskatatzaile sarea sortuko duten pertsonak. Boluntarioek jasoko duten formakuntzak hiru ordutakoak izango dira, eta instalatutako desfibriladoreak nola erabiltzen diren eta bihotz-biriken bizkortzean oinarrituko dira. Gainera, praktika, errealitate birtualaren bidez egiteko aukera izango dute” azaldu du Etxebarriak.

APP bidezko laguntza alerta

Erreskatatzaile komunitatea osatzen duten 200 lagunei, Reanibex Alert aplikaziora sarbidea emango zaie, desfibriladoreekin konektatuta egon daitezen. Reanibex Alert aplikazioak, bihotz-biriken geldialdi baten aurrean, erreskatatzaileen sarera bideratuko ditu alertak, gertaeraren berri emateko eta haien parte-hartzea koordinatzeko, baita puntu geografiko zehatza koordinatzeko ere, geolokalizazioaren bidez. “Modu horretan, erreskatatzaileak biktimarengana joango dira, ahal den neurrian lagundu ahal izateko”.

“Zerbitzu berri honekin Arrasate herri kardio-babestua izango da, bihotz-biriken geldialdien aurrean azkar erantzuteko aukera emango digu, anbulantzia medikalizatuak heldu bitartean. Izan ere, honako hau, osasun ekosistema indartzeko beste urrats bat da” Morrasen esanetan.

Desfibriladoreen kokalekuak Arrasaten

Honako hauek izango dira eremu publikoan kokatuko diren defibriladoreak:

  1. SAN FRANTZISKO ELIZA ondoan, Olarte Kalea hasten den tokian: TOTEMA.
  2. EUSKAL HERRIA PLAZAren atzean, Santa Marina FARMAZIAko atzekaldean (Lanbide).
  3. MUSAKOLA. TOTEMA. Antso Abarka kalea 11 inguruan
  4. SANTA TERESA. Agerre Kalean, Igogailuaren 2. pisuan, pasarelaren bukaeran.
  5. MAKATZENA. Igogailuaren horman, erdiko aldean.
  6. ALTAMIRA. Plazan, Yoga Elkartearen inguruan.
  7. ETXEAZPIA. Etxeazpia eta Larragain kaleen artean. 10 eta 12. atarien arteko
    pasabidean.
  8. UDALPE.TOTEMA. Igogailuaren goiko aldean, Udalpe eta Elizalde kaleen arteko
    plazoletan.
  9. URIBARRI-URIBURU. Uribarri kalean, Arrandegiaren aurrean.
  10. ARIMAZUBI. Udal Euskaltegi zaharraren horman.
  11. SAN ANDRES. Etxaluze eraikineko horman. Jangelaren aldean (Larrialdi-irteera aldean).
  12. KATAIDE. Bidegorrian – Industrialdeak eta kirolarien eskura egoteko.
  13. GESALIBAR – Jentilola Elkartearen inguruan.
  14. GARAGARTZA. Leze Txiki Elkartearen sarreran.
  15. UDALA. Goiko aparkalekuan
  16. BEDOÑA. Frontoiaren atzeko horman.
  17. MEATZERREKA. Meatzerreka Elkartearen ezkerraldeko horman.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen