1641ean, Arrasateko baserritarrak kapa beltz deitutakoen pribilegioen kontra [Testua: Javi Balanzategi]

0
619

Irudiak: Javi Balanzategik bidalitakoak.

Arrasateko hamazazpigarren mendean bazegoen jada arrakala soziala nekazal munduko biztanleria eta hiribildukoen artean, bereziki herriko pertsonak boteretsu eta aberatsenekin. Baserritarrak azken hauei kapa beltzekoak deitzen zieten, Gaztelako zaldunen erara janzten zirelako, hau da, kapa beltz batekin estalita; eta bazirelako urteak faboreko tratua jasotzen zutela udal kontzejuaren aldetik, batez ere zerga kontuetan.

1641ean Udal Kontzejuak zerga berezi banaketa bat agindu zuen, non baserritarrek kapa beltzekoek baino gehiago ordaindu behar baitzuten; eta baserritarrek, egoera honi irtenbide bat emateko nahian, Arrasateko kontzejua auzitara eraman zuten probintziako korrejidorearen aurrean.

Baserritarrek Arrasateko kontzejuaren aurka egindako salaketa. [1]

Epaiketaren abiapuntua garai hartan frantziar eta espainiarren artean piztu zen gerran zegoen. Gerra hasi zenetik, 1636an, tertzio espainiarrek gutxienez bi bider hartu zuten atseden Arrasaten Frantziako mugara zihoazenean: 1638an eta 1640an.

Lehenengo kasuan ez daukagu berri asko, baina bigarrenean aipatzen da Diego de Toledo eta Irlandar tertzioak akuartelatuta egon zirela, azken hauek —goiko irudian agertzen direnak— Espainiako koroari Flandriako gerretan laguntzeko sortu ziren eta geroztik beste hainbat gudan ibili ziren.

Tropa hauen egonaldiak kalte ekonomiko handiak eragin zituen Arrasateko udaletxean, bera izaten baitzen sortzen ziren gastuez arduratzen zena, janariarenak eta lo egiteko lekuenak, besteak beste.

1641ko maiatzean Kontzeju buruak, tertzioek udal kontuetan utzitako galerak konpontzeko, zerga-banaketa berezi bat egitea erabaki zuen, non baserritarrek “kaletarrek” —hiribilduaz gain arrabalekuen biztanleak sartzen ziren multzo honetan— baino gehiago ordaindu behar baitzuten; Kontzejuko agintarien esanetan horrela egin zen baserriko jendeak ez zuelako parte hartu tertzioek suertatutako gastuetan.

Baserritarrek soldaduen kargu egin zirela berresten zuten, eta, beraz, kontzejuak ez zuen arrazoirik euren zerga-ordainketaren kopurua igotzeko; hortaz korrejidorearengana —probintzia mailako justiziaren burua— jo zuten Udaletxeak egin nahi zuen diru banaketa bertan behera uzteko.

Epaiketaren nondik-norakoak: alde bakoitzaren argudioak eta testigantzak.

Epaiketa 1641eko ekainetik azarora arte luzatu zen, eta, baserritarren aldetik, eskaera Ugaraneko elizateetakoez gain — Uribarri, Gesalibar, Garagartza eta Udala— Musakola, San Andres eta San Balerio araneko baserritarren izenean egiten da ere.

“Kontzejuaren agindua pasartea, baserriaren jatorriaz —San Baleriokoa izan ezik— eta zenbat ordaindu behar zuten adierazten duena”:

“Cada millar se aya de regular ( para con los vecinos de la dha) villa y sus arrabales a respecto de diez y ocho mds y para los de ugaran musacola y san andres y todos las caserias de esta dha villa a respecto de veinte y ocho mds cada millar”.

(Domingo de Viciola , Esteban de Abarrategui, Marcos de Guridi y Martin de Zabarte contra el concejo
de Mondragón…., AGG-GAO COLCI1509, 49zk irudia)

Dena den, prozesuan zehar , Pedro de Viciolak -Mendia baserrikoa- izan zuen protagonismo berezia, tramite asko bere izenean eta bere senideen izenean eginak daudelako. Adibidez, dokumentuaren azalburua hurrengoa da: “Pedimento de Domingo de Viciola y consortes, vecinos de la villa de Mondragón contra la villa sobre cierto repartimiento”.

Baserritarren kexa nagusia zen kapa beltzekoekin alderatuta gutxietsiak izaten zirela, ez bakarrik 1641ko maiatzean ezarri nahi zen zerga kopuruan, baizik eta beste arlo batzuetan ere bai.

Adibidez, baserritarren etxeetan ohikoa zen ezkon berriak alde bateko gurasoekin bizi izatea, eta kontzejuak bi kobrantza egiten zion etxebizitza horri, etxebizitza zeintzuk partekatzen zutenaren arabera: suhiari eta aitaginarrebari, aitari eta semeari, eta abar.

Beste kexa motibo bat herriko pertsona aberatsenek erosi berri zuten baserriekin gertatzen zen, zeren eta etxe hauek zerga banaketan ordaintzeaz libratzen zirelako.

Eta bazegoen hirugarren kasu bat, mingarriena zena, zeren eta tertzio foralak osatzeko deialdietan gehienbat baserritarrak izan ziren deituak, eta baserriko lanak baztertuta utzi behar zituzten; eta kapa beltzekoek, nahiz eta haziendetako lanera lotuta ez egon, zerbitzutik kanpo gelditzen ziren.

Gehiegikeri hauez gain, baserritarrak salatzen zuten ere Kontzejuak ez zuela baimenik lortu banaketa egiteko, ez udal-bileran, ezta Aldundiakoetan ere, halako kasu berezietan egiten zen moduan.

Arrazoi hauek egiaztatzeko baserritarrek zazpi lekukoen testigantzak aurkeztu zituzten, Udala eta Uribarriko elizateko apaizak eta beste bost herritar.

Denek berretsi zuten baserritarren bertsioa, eta aipatzekoak dira batzuen testigantzak. Hala nola, Asencio de Barrutia – Udalako apaiza – eta Pedro de Garrazteguirenak, zeintzuk etxebizitza batengatik ordaintzen duten pertsona aberatsen izenak ematen duten: Melchor de Zelaa, Jaureguibarria doktorea, Juana de Arizpe, Maria Saez de Zelaa, Juana de Otalora eta Juan Bañez de Artazubiaga.

Edo Ignacio de Irigoien lekukoren , zeinek aitortzen duen berak eta beste herritar batek atxilotuak izan zirela eskatutako dirua ez zutelako ordaindu hasiera batean, eta hurrengo egunean hura ordaintzean aske gelditu zirela.

Kontzejuak, bere aldetik, zortzi lekuko aurkeztu zituen; Arrasateko San Juan parrokiako lau apaiz eta Aretxabaletako lau auzokide, eta horiek ez ziren ados jarri udal karguen postura sostengatzeko.

Gehienak ados zeuden baserritarrek gehiago ordaindu behar zutelako erabakiarekin, tertzioen azken egonaldian ez zituztelako soldaduak atenditu, eta onesten zituzten baserritarrei kalte egiten zizkieten neurriak, aspalditik horrela egin zela argudiatuz.

Tertzio foralerako deialdiaren inguruan, baserritarrak hautatzeko, osasuntsu zeudela eta armak erabiltzeko prestatuta zeudela arrazoitzen zuten; eta beraz ez zen komeni zozketa bat egitea.

Baina, San Juan elizako Marcos de Barrutia apaizaren testigantzak apurtu egin zuen taldearen adostasuna. Bere esanetan etxebizitza batean kide bat baino gehiagori kobratzea edo etxe batzuei —kapa beltzekoei— ez kobratzea ohitura gorrotagarriak ziren eta anulatu behar ziren.

Aurretik aipatu dugun moduan, epaiketa azarora arte luzatu zen, eta korrejidorearen sententzia baserritarren aldekoa izan zen, gehiegizko kobratu zietena bueltatzeko agindu baitzuen; eta soldaduen hautaketaren kasuan, modu justuagoan egiteko agindu zuen, zozketa baten bitartez, non pobreak sartuko ziren, baina baita aberatsak ere.

[1]Jaso dugun informazio guztia hurrengo agiritik aterata dago : “Domingo de Viciola , Esteban de Abarrategui,
Marcos de Guridi y Martin de Zabarte contra el concejo de Mondragon, sobre validez o nulidad de cierto repartimiento que impugnan los demandantes que representan a las anteiglesias de Uribarri, Santa Agueda, San Miguel de Garagarza y San Esteban de Udala, por haberse entre otros motivos, distribuido injustamente cargando a los caseros y aliviando a los ricos y de capa negra”; AGG-GAO COLCI1509.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen