159 lan jaso dituzte Arrasate Literatur Lehiaketek, “sasoi onean”

0
324

Beheko testua: AED / Argazkia: MB artxiboa.

Pasa den astean bukatu zen Arrasate literatur lehiaketen 34. ediziora lanak aurkezteko epea eta 159 lan jaso ditugu denera.

Parte-hartzaileek sei lehiaketa zituzten aukeran, hiruna adinaren arabera.

  • LH5etik DBH2ra bitartekoek, bertsopaperak, ilustrazioa eta narrazioa.
  • DBH3tik Batxilergoko 2. Mailara artekoek, mikroipuina, komikia eta poesia.

Aurten, txikienak ibili dira finen, bertsopaper eta ilustrazio lehiaketak izan baitira parte hartze altuena izan duten lehiaketak. AEDtik eskerrik asko guztioi!

Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 27an izango da, Kulturateko areto nagusian, 19:00etatik aurrera. Gonbidatu oso berezi batekin egingo dugu gainera, Oihana Arana Cardenal idazlea, hainbat urtetan Arrasate literatur lehiaketak irabazi izan dituen eskoriatzarra.

Aranak bere lehenengo poesia lana argitaratu berri du SUSA argitaletxearekin, “Lazunak azkazaletan”, eta sormen lan horren prozesuaren inguruan hitz egingo die, besteak beste, eguneko protagonista nagusiei. Zein izango diren? Maiatzaren 21ean jakingo dugu hori, egun horretan ezagutuko baititugu finalisten izenak.

Osasun neurriak tarteko, mugatua izango da ekitaldirako sarrera. Halere, AEDren youtube kanaletik zuzenean jarraitu ahal izango da, eta Goiena telebistarako ere grabatuko dugu hurrengo egunetan ikusi ahal izateko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen