1512. Mondragoetarren esku-hartzea Nafarroako Erresumako Konkistan [Ramón Ugalderen testua]

9
932

Ez dakit izenburu egokia den, agian behar luke Arrasateko Udalaren parte hartzea Nafarroako Erresumako konkistan. Bego horrela.
Oso zabalduta dago gure artean Nafarroako Erresuma izan zela euskaldunok eraiki dugun erakunde estatal bat, eta erresuma horretan euskaldunok babestuta egon ginela. Baliteke. Baina segurutik konkista horretan parte hartu zuten mondragoetarrak euskaldunak izango ziren sortu zuten idatzizko dokumentazio guztia erdarazkoa izan zen baina. Dokumentazio honetan ez da inolako motibazio politikorik azaltzen: asko jota Gipuzkoako lurraldea “zaindu” behar dutela frantsesen ustezko inbasio batetik.

Urte horretan behintzat mondragoetarrak ez ziren Gipuzkoatik atera, Kontzejuko milizianoak ez ziren Nafarroan sartu. Dena dela gaur egungo ikuspuntu “abertzale” batetik ezin dugu epaitu garai hartako mondragoetarren ekimena. Edo bai, bidezkoa izan daiteke epaitzea eta ondorioz mondragoetar haiek egin zutena kondenatu nafar anaien aurka gerra egin zutelako eta Nafar Erresuma hori euskal estatua bihurtzeko aukera bat zapuztu zutelako. Ez dakit. Historia fikzioaren eremuan sartzen gara.


Nafarroako konkista asko landu da historiografian, Euskal Herriaren mendebaldeko militarren esku hartzea ere bai baina zehazkiago mondragoetarrena gutxi edo bat ere ez. Zorionez liburu interesgarri bat dago Eusko Ikaskuntzak 1998an ateratakoa eta Gipuzkoako Diputazioa eta Arrasateko Udalaren laguntza ekonomikoa izan zuena: Archivo Municipal de Mondragón Tomo VI. (1501-1520). Liburu horretako parte bat da: Libro de cuentas del Concejo (1501-1520). Liburu horrek informazio ugari ematen digu gai hau argitzeko ez eze baita garai hartako gauza pilo bat jakiteko ere.


Liburuaren egileek sekulako lana egin zuten Arrasateko Udaleko paper zaharrak transkribatzen baina lan horren emaitza oso interesgarria da.


“Libro de cuentas del concejo” hau da XVI. mendearen hasierako Arrasateko Udalaren diru kontuak: zenbat diru batzen zuten eta nola gastatzen zuten. Artikulutxo honetan saiatu naiz zehazten zeintzuk izan ziren Nafarroa konkistatzeko Arrasateko udalak 1512an bideratu zituen baliabideak: soldaduak bidali, materialen garraioa, armak erosi, beste erakunde batzuekin koordinatu … Horrela dakigu nortzuk izan ziren soldadu moduan joan zirenak (izen-abizenekin), zenbat kobratu zuten, nortzuk aritu ziren euren mando eta idiekin materiala garraiatzen, zer erosi zuten, nortzuk izan ziren mezulariak alde batetik bestera ibili zirenak.


Ezertan hasi baino lehenago aitortu behar dut ez dakidala asko garai hartako Arrasateko Udalaren funtzionamenduaz. Izan ere, gai honek ez du jaso ikertzaileen arreta, baina uste dut Arrasateko udalean inoiz ez zela egon indarrean herri batzarra. Euskal herrietan batzar irekia izan zen herriak gobernatzeko erakunde politikoa, hau da demokrazia zuzena. Adibidez Gatzagan herritarren batzar irekiak 1548 urtera arte iraun zuen. Dena dela, darabildan dokumentazioa ondo ulertu ba dut ondorioa da urte hauetan (1501-1520) Arrasaten gobernu oligarkiko bat zegoela: Kontzeju itxia edo “regimiento”. Udal gobernua urte batetik bestera aldatzen zen, baina urteetan ikusten dugu pertsona berdintsuak txandakatzen zirela agintean. Udal batzarretan 10/ 11 edo 12 kide baino ez ziren biltzen. Hasieran gainera udal batzarreko kide baten etxe partikularrean. Tarte honetan egin zuten kontzejuaren etxea. Udaleko edo kontzeju itxi honen kideak alkate, mayordomo, regidor, procurador, izaten ziren. Funtsean esan genezake gizon gutxi batzuk zirela Arrasateko gora beherak “maneiatzen” zituztenak.


Gaztela-Aragoiko errege erreginek (katolikoak) aspalditik zeukaten Nafarroako Erresuma bereganatzeko asmoa, baina asmo hori gauzatzeko eragiketa edo operazio militarrak 1512an hasi ziren.


Urte horretan Arrasateko udalak Arranbizkar mendia saldu zuen. Non dago edo non zegoen Arranbizkar? Argitzeke dago, baina mendi horretan berrogei zati edo “suerte” egin ziren eta suerte bakoitzeko 9340 marabedi jaso zuten. Mendi guztia 18 erosleen artean saldu zuten. Gasteluondon ere orube batzuk saldu zituzten: orube baten salneurria 5300 marabedikoa izan zen, bi orube 8560 marabeditan saldu ziren. Gainera Hazenderak ere bazeuden. Gaur egun “hazenderak” auzolanak dira Gaztelako herri txiki batzuetan baina XVI. Mendeko Arrasaten kofradiak ordaindu behar zituzten urteroko zergak ziren.


Beste diru iturri batzuk bazeuden udal gastuak pagatzeko baina badirudi, hori da nire ustea behintzat, Arranbizkarreko herri lurren eta Gasteluondoko orubeen salmenta Fernando IIaren kanpaina militarra finantzatzeko egin zutela.


1512an Arrasateko udalak 100 bat mondragoetar bidali zituen Nafarroako konkistan laguntzeko.


Konkista hau errazago egiteko Fernando IIak aliantza bat egin zuen Ingalaterrako erregearekin. Ingalaterrako erregea, Enrike VIII, Fernandoren suhia zen, Fernandoren alaba Aragoiko Catalinarekin ezkonduta baitzegoen. Nafarren erresistentzia zailagoa egiteko ingeles itsas armada Gipuzkoako itsas portuetara bildu zen Frantziako erregearen laguntza eduki ez zezaten eta bestetik Gipuzkoako kontzejuetako milizianoak Hondarribira joan ziren helburu berberarekin.


Ingeles itsas armadari laguntzeko Arrasatek kapitain bat bidali zuten, Juan Ibañez de Barrutia, eta bere agindupean 35 soldadu mondragoetar aritu ziren. Hondarribira bi kapitain joan ziren Pero de Ibarra 22 sodadurekin eta Juan Ochoa de Abendaño 39kin.
Dena dela esan behar da mondragoetar hauek, urte horretan behinik behin ez zutela borrokan egin nafarrekin. Fernando IIa katolikoak Hondarribiko soldadu pilaketa eta Ingalaterrako itsas ontziak Nafarroako indar armatuak “despistatzeko” erabili zituela. Nafarroako konkista militarra burutzeko Arabako lautadan ejertzito bat kokatu zuen, itxuraz Hondarribira joateko baina Agurainera iritsi zirenean Gipuzkoara barik Sakanatik zehar sartu ziren eta Iruña konkistatu.


Garraio lanetan ere ibili ziren mondragoetarrak eragiketa militar hauetan: idiekin edo mandoekin materiala eramaten Hondarribira, Getariara, Donostiara, Mutrikura … 17 gizonezko azaltzen dira 1513ko udaleko, kontzejuko, udaleko diru kontuetan. Izan ere 1512an egindako gastuak hurrengo urtean pagatzen ziren.


Azpiegiturak eraikitzen ere lagundu zuen Juan de Araos bat aipatzen da. Anton de Urisarryk 25 espingarda ( kañoi luzeko eskopetak) saldu zizkion kontzejuari, Donostian bolbora erosi zuten, Juan de Garrasek zerbitzu berezi bat egin zuen armak eramanez Getariara, Martin de Vitoriak 68 pika (lantza luzeak) egin zituen eta Nicolao de Guraak eta Ascensio de Larrariak espingardendako giltzak egin zituzten.


Eta nola joaten ziren mondragoetarrak gerra honetara? Badirudi gehienak oinezko soldaduak zirela (peones) eta erabiltzen zituzten arman pikak zirela, baina ballestak, suzko armak (espingardak) eta ezpatak ere aitatzen dira. Oinezko soldaduak artilleroen (kanoiak erabiltzen zituztenak) laguntzaileak ere izaten ziren.

9 IRUZKIN

    • Txotxolokeriak? Zelako errespetu falta eta zelako ostikoa kulturari. Oso interesgarria Ramonek idatzitakoa.
      Horren harira, ez du zentzuzkoa aspaldiko kontuak gaurko begiradarekin eta parametroekin juzkatzea. Baina historia ezagutzea beti da aberasgarria

  1. Espainiak bere menpeko herrietako zein hirietako herritarrak erabil zituen orduan hurbiltasunagatik eta hizkuntzagatik ere, kolonizazioa bururatze aldera. Flandrian Espainia gauza bera saiatu zen Iparrekoak hegoko lurraldeen kontra ipiniz, Herbereetako 17 eskualde horietako iparreko 7ek independentzia lortu zuten, erlijioaren banaketa hizpide, Espainiatik askatuz.

    Gaurko hizkerara ekarriz, “kolaboratzaileak”, Frantziako Vichyko gobernua bezala.
    Loiolako Eneko beste adibide bat besterik ez da, berak beranduago bere izena latindartu zuelarik; bai gizarteko goi mailan nahiz apalean.
    Kontua da, bai orduan, bai orain Espainiak denboratan oro jakin du zer egiten zuen Amerikan eta Europan, gaur bezala, bere zipaio politikoak erabiliz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen