15 urte “eskola berria” amesten, eta obrak hasi direnean, zer? [Testua: Familia talde bat]

1
2179

Dagoeneko izango dira hamabost urte, Arrasateko Musakola Herri Eskolan Lehen Hezkuntzako eraikinaren proiektua garatzen hasi zela. Urte luzeak eta gaziak izan dira hauek, gobernuen partetik esperantza faltsuz eta desinformazioz beteak. Egoera hau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sare publikoarekiko erakusten duen utzikeriaren isla da. Zorionez, horrenbeste urte luzeren ondoren eta hainbat pertsonen lanari eta presioari esker, 2023ko abendutik eraikitze prozesua martxan da.

Proiektu honen bidez, Arrasateko Musakola auzoak 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak izango ditu. Horregatik, lorpen handitzat jotzen dugu eraikin berriaren eraikuntza martxan jarri izana. Ezin baitugu ahaztu eraikinei dagokienez,
Arrasate Herri Eskolaren egungo egoera zein den: Haur Hezkuntzako 2 eraikin, bakoitza herriaren punta batean (Musakolan eta Bedoñaben); Lehen Hezkuntzako zentro bakarra, Erguinen; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eraikinak Musakolan. Erdigunean ez dago hezkuntza publikoaren eraikinik, nahiz eta ezin dugun ahaztu Ferixalekua publikoa izanda itunpeko ikastetxeek kudeatzen dutela. Zergatik daude herriaren kanpoaldean eskola publikoaren 4 eremuak? Zergatik ez da Eskola Publikoarekiko apustua egin Arrasateko erdigunean? 22.000 biztanleko eta Debagoienako ardatza den herri batentzat egoera sinezgaitza eta onartezina da, bai, baina erreala. Eta bien bitartean, alde guztiak isilik, denon eskubidea den Kalitatezko Euskal Eskola publikoa ukatuz.

Musakolako eraikin berriaren gaira itzuliz, lanak 2023ko abenduan hasi ziren, baina hasteak ez du esan nahi gauzak ondo egiten ari direnik. Obra hasi zenetik, desinformazioa besterik ez dugu izan arduradunen partetik: obraren hasiera data bat ez izatea, fase bakoitzaren datak jakitea, ikasleen babes neurriak zeintzuk izango diren, aterpearekin zer gertatuko den, behin behineko sarrera-irteera berriak zeintzuk izango diren, etab. Guzti horrek familiengan ezinegon handia sortu du. Azken finean, kontuan izan behar da eraikin horretan 0-6 urte bitarteko 75 haur inguru daudela eta eraikin berria egin aurretik, aterpe zaharra kendu eta aurreko eraikina bota egin behar direla, horrek dakarrenarekin. Zein da Musakolako haurren egungo egoera? Haurrak bizi duten egoera zaurgarria da. Obraren lehen fasean kanpo espazioko eremuan itxitura partziala egin zuten. Horren ondorioz, 900m2 inguruko kanpo espazioko galera izan dute, eta 330m2 baino gutxiagoko eremuarekin gelditu dira. Horri, 285m2-ko aterpearen galera gehitu behar zaio. Guztira, urtea hasi denetik, kanpo espazioa 1200m2-tik 330m2-ra pasatu da, eta zegoen aterpe bakarra desagertu egin da. Egun euritsuetan eta eguzkitsuetan, haurrek ez dute non
babestu. Obrak 18 hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta kontutan izan behar da, oro har atzerapenak egoten direla horrelako obretan. Legez, Eusko Jaurlaritzari dagokio obrak irauten duen bitartean behin behineko estalpe bat jartzea, baina eskaerari uko egin dio, eta eskolako haurrak babesik gabe geratu dira. Gaur egun, eskola Udalarekin aukera desberdinak aztertzen dabil, baina orain arte eskainitako aukerek ez dute ganorazko aterpe bat eskeintzen. Ez da bideragarria 10 karpa txikiz (3x3metroko karpak) osatutako puzle bat izatea irtenbidea. Gainera, irakasle eta gurasoek hartu beharko genuke hauek astero jarri eta kentzeko ardura. Negua aurrera doa, dagoeneko 3 hilabete pasa dira, eta gaur-gaurkoz eskolak aterperik gabe jarraitzen du. Zeintzuk dira guzti honen kaltetuak? Haurrak. Ez al da inor konturatu estalpe gabe egongo direla, duela urtebete proiektua aprobatu zenetik hona? Nola liteke hau guztia inork kontutan
ez hartu izana? Herriaren eskola da, publikoa, ez gabiltza eskola pribatu batez hitz egiten. Ulertezina eta onartezina da guretzako. Eskola Publikoak jasaten duen egoeraz eta instituzio publikoetako babes faltaz eta utzikeriaz nekatuta gaude.

Musakola herri eskolako guraso talde baten izenean, hau guztia salatu nahi dugu, eta gure haurrek egoera duin bat izan dezaten aldarrikatzen dugu. Dagokionari eskatzen diogu, gure seme-alaben izenean, obra honek irauten duen bitartean, gutxienez kanpo espazioa erabiltzeko aukera duin bat izatea, eta lehenbailehen bai euritik eta bai eguzkitik babesteko estalpe bat jartzea. Era berean, salatu nahi genuke ez dugula bateragarria ikusten horrelako obra bat gauzatzea haurrak bertan egonda. Naiz eta arriskurik ez dagoela esan, haurrak patioan dauden eremuan (metalezko hesi txiki batez bananduta) makina erraldoiak dabiltza lanean. Herritar guztiak gonbidatuak zaudete Musakolako haurrek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzera.

“Kalitatezko euskal eskola publiko laikoa denon eskubidea delako” gure seme-alaben eskubideak erdigunean jartzeko lanean jarraituko dugu

Iruzkin 1

  1. Orduan auzoka getifikatuko gara? Uriben ere eskola bat nahiko dute san andresekoekin ez nahasteko? San andres, ez gara auzo duina eskola gurean egon ahal izateko?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen