14 euskara ikasle eta AEK euskaltegia diruz lagunduko ditu Udalak

0
429

2020an euskara ikasleei bekak emateko diru-laguntza deialdia atera zuen Arrasateko Udalak euskararen erabilera sustatzeko, eta “14 dira onuradunak”.

Argazkia: AEK, artxibokoa.

Bestalde, martxan daude helduen artean euskararen zabalkundea sustatzen duten euskaltegiei bideratutako laguntzak ere.

Udalaren “jomuga” erraztasunak ematea da arrasatearrei euskara ikasi dezaten, “matrikularen ordainketa izan ez dadin oztopo bat euskara ikasteko”.

Aldi berean, Arrasatera etorri diren haur eta gazte migratzaileei laguntzak eskaintzea (zehazki 5-16 urte arteko adina dutenei), “integrazio normalizatuago bat izateko derrigorrezko hezkuntza arautuan”.

Udalaren hitzetan, “Udalak euskararekin duen konpromisoa berresten dute laguntza hauek, euskara sustatzea eta erabileraren alde egitea baita helburua”.

Udalaren aurtengo diru laguntza deialdiaren barruan helduen euskalduntze eta alfabetatzearen eremuan diharduten euskaltegiak finantzatzeko diru laguntza programa dago. “Eskaera bakarra egon da: Debagoieneko AEK euskaltegia-euskaraz kooperatiba elkartearena”.

Honakoak dira diru-laguntza hau emateko deialdian zehazten diren irizpideak: alde batetik, taldeen ikastorduak hartzen dira kontuan, eta talde ikastorduko gehieneko laguntza 13,50 eurokoa da; guztira, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa diruz laguntzeko jardueraren aurrekontuaren %50a da.

Arrasateko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak erabaki du Euskaraz kooperatiba elkarteari ematea 21.740,91 euroko diru laguntza. “%60 aurrerakin gisa emango da, onuradunak laguntza onartu ondoren. Gainerako %40 diru laguntzaren justifikazioa egin ondoren emango da”.

Diru laguntzak honela banatu dira: 21.740,91 € legokioke Debagoieneko Euskaraz kooperatiba elkarteari, 2019-2020 ikasturtean 2.147,25 ikastordu eman baitzituen (1.965 ordu ohiko taldeei dagozkie eta 182,25 auto ikaskuntzako ikasleei).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen