“14.000 haur erail dituzte oraingoz Gazan, zuen laguntza behar dugu”

0
341

Mohamed Farajallah palestinarrak eskatu du hemengo herritarrek “mezua zabal dezatela, mobilizazioetan parte har dezatela, ahal duten bezala lagun dezatela”. Hitzaldian ere UNRWA Euskadiko Barbara Ruizek parte hartu du.

‘Palestina: Gizatasun krisia’ izeneko hitzaldia egin da gaur arratsaldean Kulturaten.

Emakume Saharauien Espainiako Ligak eta Sanitarioak Palestinarekin Euskadik antolatu dute.

Bertan parte hartu dute Palestinako errefuxiatuen alde lan egiten duen UNRWAko Barbara Ruiz Balzolak, erakundearen Euskadiko ordezkari gisa.

Ekitaldian estatu sionistaren genozidioa salatu da, eta egun Euskal Herrian bizi den Mohamed Farajallah-ek ere hitza izan du.

“Haurtzarotik euren indarkeria sufritzen dugu, eta ni horren lekuko izan naiz”. Testuinguru horretan “heriotza inguruan dago, eta jada ez diogu heriotzari beldur, euren eskuetan egoteari baizik”.

Gazako pertsonek egunero behar dituzten “ura, elikagaiak, argindarra,… Israelen menpe daude, euren kontrolpean daude, eta Gazatik ezin da irten”.

Esaterako “egunean soilik lau ordutan dago argindarra”, eta honezkero “zona asko erabat suntsituta utzi dituzte”.

UNRWA erakundeak salatu du Israelen genozidioak 14.000 haur erail dituela orain arte. Gainera 17.000 haur umezurtz geratu dira edo euren gurasoengadik banandu dituzte.

“700.000 pertsonendako ospitale bakarra dago Gazan”, gaitzetsi du Mohamed-ek, eta ondorioz “hainbatetan ebakuntzak kalean egin behar dira”.

Mohamed Farajallah palestinarrak baieztatu du “zuen laguntza behar dugula, eta lagun gaitzakezue gure mezua zabaltzen, mobilizazioetan parte hartzen, ahal duzuen bezala laguntzen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen