110 lagun inguru aritu dira ‘Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan’ jardunaldian

0
589

Beheko testua eta argazkia: MU

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan jardunaldiaren bigarren edizioan 110 lagunek hartu dute parte. Eskoriatzako campusean egindako topaketan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMAko) kide diren zenbait udalerritako hezkuntza-komunitateetan azken bi urteotan gauzatzen ari diren esperientziak eta praktika onak partekatu dituzte parte-hartzaileek.

Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko ekimena 2021ean jarri zuten abian Zaldibian, eta iaz Zestoa, Aizarnazabal, Ondarroa, Ibarra eta Leitza batu ziren, UEMArekin elkarlanean. Aurten beste 14 udalerritara zabaldu da ekimena: Azpeitia, Markina-Xemein, Oñati, Orio, Bera, Alegia, Legorreta, Arbizu, Lizartza, Areatza, Asteasu, Itsasondo, Mutriku eta Ereñotzu. Jardunaldian parte hartu dute herri horietako eskoletako eta Euskal Herriko udalerri desberdinetako ordezkariek.

Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak inauguratu du jardunaldia. Bere hitzetan, “euskara eta kulturartekotasuna bi ardatz garrantzitsu dira Fakultatean” eta aurreratu du jardunaldiaren helburua: “euskaraz bizi duen hezkuntza komunitateari ekarpena egitea unibertsitatetik”.

Ondoren, Karmele Perez Fakultateko irakasle eta ikertzaileak hartu du hitza eta jardunaldiaren gaia aurkeztu du: “euskara ardatz izanda, lortzea modu abegikorrean komunikatzea euskaraz ez dakiten eskoletako gurasoekin”. Gainera, aurreratu ditu familia berriekin eta ez euskaldunekin marko linguistikoa konpartitzeko egin dituzten ahaleginak eta komunikazio egoerei erantzuteko probatu dituzten formatuak, hala nola, ikasturte hasierako bileren berrantolaketa, azalpen triptikoak, aldi bereko itzulpena, azalpenak emateko bideen grabazioak edo bat-bateko mezularitzaren erabilera.

Amelia Barquín Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak eta Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal ikastetxeko zuzendariak azaldu dituzte Zaldibian emandako urratsak jatorri guztietako gurasoak eskoletako bileretara erakartzeko. Barquínen esanetan, “beste ekintzen artean, proposatu genien ikasturte hasierako bilera zaharkitu haiek alde batera uztea eta bi urratseko bileren formatua probatzea”.

Amundarainen hitzetan, “kostatu zitzaigun onartzea ikasturte hasierako bilerak zaharkituta zeudela, baina, Mondragon Unibertsitatetik egindako proposamena onartu eta bilera bi fasetan egiten hasi ginen. Lehenengo bilera azalpen orokorrena da, bigarrena, aldiz, talde txikitan egiten da. Horietan, gainera giro gozoagoa dago, eskaintzen baita kafea eta pasta), talde dinamikak prestatzen dira, bilerak aurretik hobeto prestatzen dira, etorriko direnen ziurtapena izanik, bakoitza non eseriko diren zainduz, amaieran hizkuntza desberdinei kinua eginez…”.

Ondoren, Maialen Zuazo Aurrekoetxea UEMAko ordezkariak hartu du parte. Bere hitzaldian, Zuazok gainbegiratu du udalerri euskadunen egoera eta ohartarazi du herri horietan ere ematen ari den aldaketa hiztunen profilean. UEMAren ordezkariarentzako, egitasmo hau estrategiako da “konturatu gaudelako udalerri euskaldunenetan ere ez dagoela bermatuta beti horrela izango denik eta UEMArentzat gakoa da elebidun gehiago sortzea”.

Ildo beretik, Nora Palmitano Rossi, Zestoako euskara teknikariak, adierazi du, hizkuntza politiketan ez dela inmigrazioa lantzen eta inmigrazio politiketan euskara ere ez, eta gaineratu du: “proiektu honi esker biak uztartzen dira”.

Gurasoen txandan, parte hartu dute Zineb El ghaouti El gharrad-ek Zaldibiko Lardizabal eskolatik, Josu Egigurenek Ondarruko Zaldupe eskolatik eta Amaia Mendizabalek Azpeitiako Ikasberri ikastolakoak. Hirurek nabarmendu dute proiektuak egin duen ekarpen positiboa eskoletan eta herrietan,eta euskaldun eta ez euskaldunen kontzientziazioan eragiteko izan duen garrantzia. Amaia Mendizabal esanetan,“Azpeitian harremanak hobetu dira, gauza txikietan igartzen da, esaterako, Telegrama erabilita, orain, goizero elkar agurtzen dugu lehenago harremanik ez genuen gurasoek”. Etorkizunera begira, eta proiektua bizirik mantentze aldera, Zineb El ghaouti El gharrad-ek aipatu du gakoa dela “jarraitzea komunikatzen proiektuaren garrantzia. Kontzientziatu behar dugu gurasook euskarak suposatzen duenaz gure herrietan eta gure seme-alaben etorkizunean”.

Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan jardunaldiak jaso du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa.

Jardunaldiko argazkiak: https://flic.kr/s/aHBqjB4UkB

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen