Aurtengo liztor beltzaren kanpaina ixtear dago eta urteko balantze eta balorazioaren berri ematea tokatzen da: “Habien jarduna erabat bukatu ez den arren, dagoeneko aktibitatea asko murriztua dute eta neguaren gordintasuna nabarmentzen den einean, liztorren jarduna desagertu egingo da. Dagoeneko udazkenean jaiotako erregina berriak, erreserbak pilatu, ernaldu eta negualdia pasatzeko prest daude. Gainontzeko langileak eta erregina zaharra, azkenetan egongo dira”.
Honetaz gain “uzte dugu Apirilean 4-5 egunetan jarraian egin zituen izotz gogorrak, baldintzatu zezaketela aurtengo kabien kopurua, izan ere, beherazko joera txiki bat sumatu dugu, nahiz eta oraindik urtea ez den bukatu eta hostoak erori ahala gehiago ere bistaratuko diren. Otsaila, martxoan irten zuten erregina berrien jarduna atzeratu edo eta zenbait erregina akabatu izan zitezkeen. Eguraldiaren aldaketek erabateko eragina dute liztorrak bezalako intsektuetan, ikusirik jateko erreserbarik ez dutela pilatzen eta egunero irten beharra daukatela jatera”.
Kanpaina abian jarri zenetik orain arteko emaitzak hauek dira: Liztor beltzaren 58 kabi kendu edo deuseztu dira, horietatik 12 lehen mailakoak edo fase enbrionarioan harrapatu direnak, alegia, kolonia berria sortu eta indartzen dagoen garaia, eta beste 46 kabi bigarren mailakoak, kolonia indartuta dagoenean eta indar dena beraien ugalketara bideratzen duten unean. Horrezaz gain, bigarren mailako 5 kabi kendu edo tratatu gabe utzi dira arrazoi desberdinak tarteko. Horietatik bi erreka gainean daudelako eta eskuz kentzeko urruti egon eta tratatzea debekatuta dagoelako, eta beste hirurak, urruntasunagatik edo bertara iristeko inongo aukerarik ez dagoelako.
Bertakoak diren liztor arruntak eta liztortzarra deritzan krabro liztorren hainbat kabi ere desegin edo tokiz aldatu dira. Ahal den neurrian saiatzen baikara bertakoak diren espezieak babestu eta dauden tokian uzten, eta ezin bada, kabia osorik beste toki batera eramaten. Nahiz eta denen gainetik, pertsonon segurtasuna lehenetsi. Horrelakoetan, kabiaren kokapena aztertu, arriskuak baloratu eta erabakitzen da habia deuseztu, aldatu, edo dagoen tokian utzi, jarraipena eginez.
Guztira udalak aurten, 110 kexatik gora artatu ditu liztor, erle, eta antzeko intsektuei lotutakoak, eta hori guztia, noski, herritarren parte hartze aktiboagatik izan da. Beste behin ere, udalak eskertu nahi du eskainitako laguntza, eta berriro ere hurrengo urtera begira jarrera berdinarekin parte hartzen jarraitzeko eskatzen du. Beti bezala horretarako honako telefonoak errazten dira:
Harremanetarako kontaktuaK:
BAZ ……………………….………943252000
UDALTZAINGOA……………..943252010
UDAL TEKNIKARIA…………..628115673