11 lokal komertzial berrirekitzeko ideiak proposatzen dituzte Udalak eta Losadak

0
2301

Lokal hauetan jarduera berritzaileak abiatzea planteatzen dute estudio arrasatearrak eta Udalak: denda-tailerrak, showrooma, estanpazio tailer bat, coworcking gune bat,… Proiektuen fotomuntaiak ikusgai izango dira datorren astetik aurrera.

Irudiak eta argazkiak: Udala – Losada estudioa.

Arrasaten lokal komertzial ugari hutsik daude, eta Udalaren egitasmo honek zenbait helburu ditu, gaurko aurkezpenean azaldu bezala:

  • Lokal horiek berriro merkaturatzea
  • Ekintzailetza sustatzea
  • Ikusaraztea bertan jarduerak gara daitezkeela
  • Ideiak ematea negozio bat abiatu gura dutenei
  • Kaleei bizitza eta argitasuna ematea

Egitasmoaren aurkezpena gaur egin da Biteriko lokal batean, eta bertan parte hartu dute udal-ordezkariek, Losada estudioko ordezkariek eta lokaletako zenbait jabek.

Udalak estudio arrasatearrarekin abiatu zuen egitasmoa iaz, eta lehen pausoa izan zen Arrasaten hutsik dauden lokal komertzialetako jabeei gutun bana bidaltzea, egitasmoa azalduz.

Era berean, Udalak jabeak gonbidatu zituen, egitasmoarekiko interesa bazuten, Udalarekin harremanetan jartzera.

Denera 16 lokaleko jabeek eman zuten izena, “gehienak Arrasate erdialdeko lokaletakoek, baina baita auzoetakoek ere”.

“Azterketa bat egin genuen eta 16 horietatik batzuk ez ziren egokiak eta beste batzuk denbora tarte horretan alokatu ziren. Horregatik azkenean 11 lokalek hartu dute parte”.

Losada jabeekin harremanetan jarri zen, lokalak aztertu zituen, bertako neurriak hartu zituen,… Ondoren, ideia bana garatu du lokal bakoitzarentzat, lokaletan egin daitezkeen jarduerak proposatuz, lokalek izan ditzaketen osagaiak irudikatuz,…

“Idei hauek Arrasaten egun ez dauden gauzak proposatzen dituzte, gauza ezberdinak alegia. Adibidez, lokalek komertzioa izateaz gain, bertan tailerrak ere egitea, urtebetetze bat ospatzea,…”.

Proposamenak hobeto irudikatzeko, panelak egin dituzte, fotomuntaien bitartez. Lan horietan aritu dira Losada estudioko Elisabet, Alfredo, Janire, gremioak,…

Ideiak jendearentzat ikusgai egoteko, fotomuntaien panelak ikusgai izango dira “obra itxurarekin eta argiztapen egokiarekin”.

“Astelehenean hasiko gara horretan, eta datorren astean guztiak ikusgai izango dira. Proiektuak ikusgai izango dira erakusleihoetan urtebete gutxienez”.

Udalaren egitasmo honen aurrekontua 13.800 eurokoa da BEZ barik eta ia 17.000 eurokoa BEZ barne.
Jabe bakoitzak erabakitzen du 11 lokal horietako bakoitza alokagaia edo erosgai jarri. Proiektuak:

‘Gure geltokia’ proiektua, Biteri etorbideko 10 zenbakian, ekitaldiak egin ahal izateko. Horrela, taldeek alokatu ahalko dute urtebetetzeak ospatzeko, laneko otordu bereziak ospatzeko,… Horretarako, bertan proiekzioetarako gune bat jar daiteke, barra bat, umeendako jolas gune bat, rokodromo bat,… Erabilera anitzeko lokal bat izatea.

‘Fashion hemen’ proiektua, Maza arropa denda zegoen tokian, hau da, Erdiko Kale 1ean. Showroom moda, diseinatzaile gazteentzat, negozio izateko pentsatua.

‘Artile denda eta tailer’ proiektua, Erguin kaleko 2an, hau da, Munarko biribilaren ondoan, Construcciones Amaral inguruan. Asmoa da norberak bertan adibidez lanazko jertse bat diseinatzea eta produzitzea, lagunduta.

‘Bertako’ biltegi proiektua: Ibai-Arteko komertzioentzako biltegia, Erguin kaleko 10ean. Covid-aren ondorioz, Arrasaten plataforma bat sortu da, zenbait dendek produktuak online saltzeko. Plataforma horren biltegia hau izan daiteke. Ondorioz, erosleak ez luke dendara joan beharko, baizik eta biltegi honetan jaso ahalko luke edozein ordutan. Horretarako bertan buzoi eta teknologia batzuk jarriko lirateke.

‘Brunch & Cake’ garbitegi proiektua: Gipuzkoa etorbideko 9an, lehen Moto-kirol zegoen lokalean. Arropa garbitzen den bitartean, kafe bat hartzeko aukera proposatzen du.

‘Kunkla’ estanpazio tailer proiektua: San Andresko Leintzibar kaleko 2an. Kamisetak, poltsak, kapelak,… jartzea proposatzen da. Norberak erabaki dezake zein estanpazio jarri, eta norberak egin dezake estanpazioa.

‘Etxe-home’ proiektua: Etxerako apaingarrien eta osagarrien denda. Zeharkale, 1. Zara Home negozioaren antzeko bat izango litzateke. Iturriotzen jarriko irekiko litzateke, udaletxearen atzeko zeharkale estalian.

‘Loving artisautza’ proiektua: Artisautza galeria. Maalako errebala, 3. Lehen Zeziaga denda zegoen lokalean. Zenbait artisauek bertan izango lukete tokia, larrua, beira, zapaten konponketa,… lantzeko. Artisau bakoitzak egurrezko etxetxo bat izango luke. Aurreko eta atzeko sarrerak irekiko lituzke.

‘Argi-tu’ proiektua: Argi denda-tailerra. San Andresko Bañez Doktorea kaleko 4an. Ez da ohiko lanpara denda bat proposatzen, baizik eta adibidez lanpara baten osagai guztiak (bonbila, tulipa, kablea,…) eskura izatea eta norberak osagaiekin lanpara egitea. Horretarako, tailerrak ere eskaini ditzake.

‘Lixar’ proiektua: Litxarreria denda. Maisu Guridi kalea 1, San Andresko Gudarien plazan. Gozokiak ‘a granel’ saltzea proposatzen da, zenbait taberna dauden plaza honetan.

‘weARwork’ proiektua: Co-working gunea. Zerkaosteta 8an, Alai zinema ondoko kalexkan. Norberak bertan lan egiteko alokairu bat ordainduko luke. Langile ezberdinek tokia izan dezakete, enpresa ezberdinetakoak, eta lokalaren alokairua elkarrekin ordain dezakete. Holako guneetan sinergiak sor daitezke.

Aurkezpenean lokal hauetako jabeetako batek ekimena “bendizio” bat bezala definitu du. Beste jabe batek, ordea, adierazi du “guk ere gure lokala hobetzeko ideiak izan ditzakegula, eta Udalak ziurtatu behar digu, gure ondorengoek edota familiakoak ez direnek aldaketak egin gura badituzte, aldaketak onartuko dituela”. Izan ere, “orain arte ez digu utzi gure lokalean aldaketak egitea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen