11-16 urte arteko arrasatearrak Tik-tokekin Bziber Lehiaketan aritu ahalko dira

1
695

Beheko testua eta goiko bideoa: Euskaltzaleen Topagunea.

Zer da Bziber Lehiaketa?

Bziber lehiaketa (Bi ziber ahozkatuta), TikTok sarean oinarritutako euskarazko lehen lehiaketa da. Gazteek biziki erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea du helburua, baita erreferente euskaldunak indartzea ere.

Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatutako lehenengo eta bigarren edizioaren harrera ona ikusirik, lehiaketa berriro ere martxan jarriko da martxoaren 26tik apirilaren 12ra bitartean, gazteen Aste Santuko oporraldiarekin bat eginda.

Aurreko edizioan bezala, Edurne Azkarate izango da lehiaketaren gidaria eta erronkak botako dituena. Edurnerekin batera beste gazte erreferente eta tiktoker-ak izango ditugu lehiaketan zehar. Lehiaketari buruzko info guztia www.bziber.eus webgunean dago.

Nork jolas dezake?

11 urtetik 16 urte bitarteko edozein gaztek. Sareko lehiaketa bat izanik, ez dago lurraldetasunik.

Noiz izango da Bziber Lehiaketaren hirugarren edizioa?

Martxoaren 26tik apirilaren 12ra bitartean.

Zelan jolasten da?

Oso erraza da lehiaketa honetan parte hartzea, izan ere, ez da izen-ematerik egin behar aurretiaz. Bi pauso baino ez dira jarraitu behar:

  • Bziber lehiaketa jarraitu behar da sare sozialetan (@bziber_lehiaketa perfila Tik Tok eta Instagramen).
  • Parte hartzaileek proba bakoitza bere TikTok perfilera igo behar du eta Bziber etiketatu behar du, beharrezkoak diren traolak jarriz.

Nola aukeratzen dira irabazleak?

Parte-hartzaileek ez dute zertan 4 probak egin saria eskuratzeko. Probak egin dituztenen artean egiten da zozketa, eta 2 saridun ateratzen dira proba bakoitzetik.

Honela ba, 8 saridun aterako dira 3. edizio honetan. Zozketa guztiak lehiaketaren amaieran egiten dira eta azken egunean iragartzen dira irabazleak.

Zein da saria?

Guztira 8 sari egongo dira, proba bakoitzak irabazle bi izango du eta zozketa bidez aukeratuko dira. Saria, TikTok kutxa bat izango da, hau da, bideoak ondo grabatzeko beharrezkoak diren materialez osotutako kutxa: argi aroa eta kroma egiteko erremintak. Horretaz gain, Bziber-en sudadera bat lortuko dute.

Erreferenteak, eredu gisa:

Hirugarren edizio honetan ere Edurne Azkarate izango da lehiaketaren gidaria; une honetan TikTok sarean boladan dauden erronkak botako ditu.

Horrez gain, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan, tartean, Euskadi Gazteako kideak, Kai Nakai, Pello Reparaz, bai eta @elemelonsv eta @libebeitia tiktoker-ak baita ere. Guztiak oso aktiboak dira sareetan eta euskarazko edukia igotzen dituzte.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen