Inaugurazioa egin da 600 metro koadroko instalazioetan gaur goizean. Pello Osorok (munduko top 10eko triatletak) ere ekitaldian parte hartu du.
Inaugurazioak herritar ugari erakarri ditu, eta 600 metro koadroko gimnasioa ikusteko eta probatzeko aukera izan dute.
Enpresako bazkide Roberto Ruizek esker oneko hitzak izan ditu, eta ondoren hitza pasatu dio Pello Osorori, hau da, munduko top 10eko euskal triatletari.
Eibartar kirolariak adierazi duenez, “ez dut crossfita praktikatzen baina nire hainbat lagunek bai, eta oso gustura dabiltza”.
Ondoren, bertaratutakoek crossfit probatu dute Aitor Telletxea irakasleak gidaturik. Arrasate Crossfit gimnasioan Laura Ruiz eta Iñaxio Illarramendik ere irakasle lanak egingo dituzte.
Inaugurazioaren amaieran lunch bat izan da, eta ekitaldiaren ostean CrossFit Arrasateko arduradunek adierazi digute 110 lagun inguruk eman dutela izena orain arte.