“10 urte egingo ditugu ostiralean kantu-afariak eta Sei Pistols & Trabuko Batek”

0
1587

Sanjoanen testuinguruan, ostiral honetan, musikariek alaituta eta lagunduta, afari kantaria ospatuko da HERRIKO PLAZAN.

Argazkiak: MB artxiboa, lehen urtekoak / Agiria: SP&TB.

10 urte dira lehen kantu-afaria ospatu zenetik eta Sei Pistols & Trabuko bat kolektiboa martxan jarri zenetik.

Orduan sei lagun genituen, baina orain 9 lagunek osatzen dute taldea: Iñaki Barrena, Kepa Urteaga, Igor Herrarte, Mikel Albistur, Jon Gardoki, Urki Larrea, Oier Sarasua, Andoni Arana eta Aitor Ziardegi.

Iñakikin izan gara eta taldearen sorrera gogora ekarri du: “Taldea Sanjoanetako Jai Batzordeko bilera batean sortu zen. Bertan proposatu zen kantu-afari bat egitea, eta Udalaxpeko lagun batzuk elkartu ginen, baita gure inguruko pertsona batzuk ere, taldetxo bat eratuz. Gainera, Kepa Urteagak, orduko Kultura zinegotziak, taldetxoarekin bat egitea proposatu zigun”.

Taldea Sanjoanetako kantu-afarirako sortu zen, eta aurten 8. ekitaldia plazaratuko du, pandemiako bi urteetan ez baitzen ekitaldia ospatu.

Taldeak gauza bat argi utzi nahi du: “Gurea ez da kontzertu bat, kantu-afari bat baizik, hau da, gu ez goaz bertara kontzertu bat ematera, baizik eta gura dugu ekitaldi herritar eta parte-hartzaile bat egitea. Hartara, gu bideratzaileak gara, nolabait esatearren”.

“Hasi ginen esparru bat betetzeko asmoz, ez genuen talde bat eratzeko asmorik, lagundu nahi genuen, baina poliki-poliki taldekideok eroso sentitu gara lan honetan”.

Horrela, urtean bi hitzordu izaten dituzte, Arrasateko Sanjoanetan eta Aretxabaletako Sanmigeletan bana, taldekideak bi herrietakoak baitira.

10 urteko ibilbidean “kantuak gure estilora egokitzen aritu gara eta taldekide berriak sartu dira (hasieran 6 ginen, eta hortik dator ‘Sei Pistols’ izena): perkusionista, baxu-jolea eta muxukia jotzen duen Andoni. Oso gustura gabiltza taldearekin eta bi ekitaldiekin”.

Iñakik iragarri du ostiraleko kantu afariaren hasieran “izotza apurtzeko, hasieran hainbat kantu plazaratuko ditugula baina ostean kantu-liburu bana jarriko dugu afariko partaideen esku, eta eurek eskatzen dutena joko dugu”. “Errepertorio klasiko samarra da baina kantu berriagoak ere eskainiko ditugu”:

  • Eñaut Elorrietaren ‘Hemen gaude’
  • Zea Maysen ‘Negua joan da ta’
  • Akelarreren ‘Kantuz’
  • Oskorri
  • “Denetarik pixka bat”

Hamarkada honetan pasadizo txiki batzuk ere bizi izan dute: “Lehenbiziko urtean, argi nahikorik ez zegoenez, partiturak gobernatzeko eta letrak irakurtzeko lanak izan genituen, eta egoera nahiko xelebrea izan zen”.

Beste batzuetan “talde bat baino, lagun talde bat garenez, tonu bat adosten dugun arren, tonoz konfunditu eta kantua berriro hasi izan dugu”.

Beste behin “neska bat mozkortuta eszenatokira igo zen gu zuzenean ari ginela, eta gurekin hitz egiteko gogoz ibili zen, guri tabakoa eskaintzen,… Guk ezin bera eszenatokitik jaitsi, baina azkenean alde egin zuen. Horrelako pasadizo txikiak izan ditugu”.

Oro har, “gure emanaldietako arrakasta parte-hartzaileetan datza, ez musikarietan, eta guk denon artean ekitaldia osatzea nahi dugu, uste baitugu kantuak sentsibilitate eta adin ezberdinetako pertsonak batu ditzakeela”.

Beraz, “afariko pertsonak kantuan egitera animatzen badira, herritarren feed-backa jasotzen badugu, guretzat lagungarria da eta askoz politagoa da guztiontzat”.

Adi! Ekitaldia Joxe Letona plazan ospatu izan da, baina aurten 10. urteurrena beteko denez, ekitaldia Herriko Plazan ospatuko da. Euria botako balu, ekitaldia udaletxeko arkupetan ospatuko litzateke.

Sanjoanetako ekitaldi honetara bertaratzera animatzen du Iñakik: “jendea anima dadila, norberak ekitaldira afarira eraman dezala, eta momentu ederra pasatuko dugu denok batera”. Zorionak kantu-afaria eta Sei Pistols & Trabuko bat!

Ondorengo karteleko QRari sakatuta, kantu-afarirako aurreikusitako abestiak kontsultatu ahal dituzu. Hona hemen kartela:

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen