1. mailan aritutako Egoitz Jaioren aholkua: “Gazteek kirolaz goza dezatela”

0
484

Duela 15 egun Arrasaten lanean hasi da Egoitz Jaio Gabiola (Abadiño, 1980), futboleko 2. mailan ibilbide luzea egin zuena. Gogora ekarri duen bezala, “bizitzan kirola parte bat da”.

Argazkia: C.D. Numanciaren artxiboa.

Zelan ikusten duzu gaur egungo futbola?

Futbolak alderdi on asko ditu eta beste batzuk ez hain onak. Azken finean enpresak dira, diru asko mugitzen da, eta diru asko mugitzen den heinean, beti ez da guztiontzat atsegina. Hala ere, kirola izan da, jendeak ondo pasatzen du, jendeak ikusten du eta nik uste futbol barruan daudenek asko disfrutzen dutela. Baliteke oso gustuko duten ogibide batean lan egiten dutelako.

Zelan ikusten duzu egungo euskal futbola?

Nik ez dut futbola larregi jarraitzen, baina baliteke azkenaldian gehiago jarraitzea. Futbola utzi eta urtebetean edo bi urtean ez nuen ezer jarraitu. Orain apur bat gehiago, eta Durangon bizi naizenez, Athletic pixka bat gehiago jarraitzen dugu.

Aurten oso ondo hasi dira, eta zer esanik ez Reala, azken denboraldietan gauzak oso ondo egiten ari da eta goiko postuetan dabil.

Oro har, euskal futbola ondo ikusten dut, nahiz eta Eibarrek aurreko denboraldian igoera ez lortu eta Alavesek mailaz jaitsi. Nik uste honelako herri txiki batek lehen mailan laupabost talde mantentzea oso-oso zaila dela. Hau da, duela bi denboralditako egoera mantentzea oso-oso zaila da.

Zelan oroitzen duzu zure futbolari ibilbidea?

Ba egia esateko oso-oso urrun, futbola utzi nuenetik 7-8 urte igaro dira baina inpresioa daukat 20 urte igaro direla.

Normalean ez zait gogora etortzen, eta horretan jarri behar naiz oroitzapen horiek gogoratzeko. Izan ere, futbola ixtean beste arlo bati heldu behar diozu eta egunokotasunean buru-belarri sartzen zara, lana dela, ikastea dela.

Garai onak izan ziren, baina oso-oso urrun senitzen ditut. Batzuetan oso ondo pasatu nuen eta beste batzuetan ez hain ondo, baina jende piloa ezagutu nuen. Taldeetan urterik urte aldaketa asko izaten ziren, batez ere bigarren mailan, eta horrek aukera ematen zizun jende berria ezagutzeko, hori aberasgarria zen neurri batean.

Lehen mailan ere jokatu zenuen, zer-nolako esperientzia izan zen?

Egia esateko, uste dut ligako bost partidu bakarrik jokatu nituela. Inoiz ez naiz sentitu goi mailako futbolaria, eta batez ere bigarren mailan jokatu nuen. Igoera eta taldekideekiko harremanak oso onak izan ziren.

Egia esan, lehen mailako partidu askotarako deialdi barruan ez nengoen, eta alde horretatik ez zen hain esperientzia gozoa izan, normalean futbolari denek eta kirolari guztiek jokatu nahi dutelako. Futbol talde bateko 22-25 jokalarietatik guztiek ezin dute jokatu. Beste batzuetan, ordea, buru-belarri jokatu behar izan nuen, denera moldatu beharra dago.

Ze moduz orain Arrasaten? Ze moduz tratatzen zaitu herriak?

Momentuz ondo, egia esan, denbora oso laburra daramat Arrasaten lanean. Duela hamabost egun hasi nintzen bertan, eta momentuz ‘lurreratzen’ ari naiz. Printzipioz lankideekin ondo, arazo barik eta pozik.

Beste zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera Egoitz, zurea da hitza.

Gazteek kirola egiten goza dezatela, beste ezertan pentsatu barik, bizitzan kirola parte bat delako. Lagunak egin ditzatela eta ondo pasa dezatela.

Ongi etorri Egoitz eta eskerrik asko!

Zuei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen