Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko talde politiko berriari elkarrizketa

Jaiki: "Alderdien dinamikatik kanpo egotea ezinbestekotzat ikusi dugu"

Arrasateko talde politiko berriak argitu du ez dela hauteskundeetara aurkeztuko. Gaineratu du "ez diogula inori lehiarik egiten". Iragarri dute euren aktibismoa instituzioetatik at garatuko dutela.
595.Frontoian.JAIKI (id: 9940955)

Argazkiak: Jaiki / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2018ko urriak 11, osteguna

Nola ikusten duzue Arrasateko panorama politikoa?

Arrasateko panorama Euskal Herriko panorama politikoaren barruan kokatu behar da, non eztabaidaezina den Herri Mugimendua geldialdi eta atzerakada bat sufritzen ari dela esparru askotan. Neurri batean, Arrasate ez da hain kasu latza ere, badaudelako hainbat eragile aktibo (euskararen aldeko taldeak, preso politikoen aldeko taldeak, feministak, animalistak, ikasle antolakundea, erakunde internazionalista, gazte asanblada, langile asanblada sektorialak...); baina ikuspegi sektorialaz haratago, perspektiba politiko global erradikala (zuztarretara joateko beharra dagoen heinean) daukan zerbait falta zela uste dugu, alderdi eta hauteskunde dinamika estutik aske egongo zena, bai analisiak egiteko, bai herri aktibismoa bultzatzeko edota borroka ezberdinak babesteko; baita Euskal Herriko langile klasearen etsaiari herri mailan aurre egiteko ere.

Herri mailan, bestalde, ikusi dugu gobernu kontserbadore eta erreakzionario bat dagoela, eta beren proiektua (kapitalista eta unionista) errotzeko prozesuan dagoela. Gainera, badaude arazo estruktural batzuk ere: drogen kontsumo eta trafiko masiboa, langile klasearen esplotazioa eta  noraez ideologikoa, eta independentismoaren aldarrikapenen gainbehera progresibo bat. Horri era globalean diskurtsiboki eta praktikoki aurre egiten lagundu nahi genuke, gure esku dagoen neurrian. Erreferentzia bat eratu nahi dugu pixkanaka, borroka aktibatzeko eta kanpaina nahiz ekintza desberdinei aterki politiko bat emateko; baita formazio politikorako aukera batzuk sortzeko, hitzaldi, jardunaldi eta propagandaren bitartez.

Zergatik erabaki duzue Jaiki sortzea?

Esan bezala, alderdien dinamikatik kanpo egotea ezinbestekotzat ikusi dugu; instituzioetako araudi eta funtzionamendu zurrunak ez duelako uzten zenbait eduki politiko eta aktibismo mota garatzen. 
 
Horregatik, hainbat taldetan lan politiko ezberdina egiten ari ginen militante batzuek “etxe” komun baten falta igarri genuen, batera lan egiteko ahots propioarekin.
 
595.Pankarta.Egiten.JAIKI (id: 9962347) 
Zenbat pertsonak osatzen duzue Jaiki?

Bileretan 12 eta 15 lagun artean elkartzen gara, egunaren eta plangintzaren arabera. Hala ere, kopuru eta izen-abizen zehatzen gainetik, gure lana betetzeko baldintzak bermatu nahi izan ditugu. Izan ere, Euskal Herrian, ondo dakigun bezala, Estatuak baimendutako diskurtsotik irtenez gero, benetako arriskua dago errepresio gordina jasateko; horrexegatik, gure lan politikoa epe luzera eta askatasunez egiten jarraitu ahal izateko, zuhurtasunez jokatzea erabaki dugu, gure nortasuna komunikabideei azaltzeko orduan.

Hainbat herritarrek Jaiki Arrasateko Sorturen lehiakidetzat hartu dute, zer adierazi nahi duzue horren inguruan?

Ez. Guk ez diogu inori lehiarik egiten, gure antolakundeko militantzia ez dator Sortutik, eta ez diogu inori indarrik kendu. Gainera, hein handi batean, gure diskurtsoa eta Sorturena osagarriak dira, baina lan mota desberdina egokituko zaigu kasu askotan. 

Bestalde, egia da zenbait aldarrikapenetan ñabardura batzuk egongo direla, baita irakurketa batzuetan ere. Horrexegatik ere ikusi dugu beharra diskurtso osagarri bat sortzeko; baina ez gara jausiko kritika edo dinamika toxikoetan, ez da gure helburua. Are gehiago, indarrak batu behar diren guztietan, ondoan izango gaituzte.
 
595.Monterron.JAIKI (id: 9984518) 
Jaiki hauteskundeetara aurkeztuko da?

Ez.

Zer jarduera egingo ditu Jaikik?

Gorago ere aipatu bezala, jarduera ezberdinak egingo ditu: jardunaldiak, hitzaldiak, formazioa oro har, irakurketa publikoak, deialdiak, propaganda lana eta borroka ezberdinei babesa bermatzea eta horiek elikatzea; beti ere gure indarren neurrian eta apaltasunez.

Zein erreakzio jaso duzue herritarren partetik?

Oraindik goiz da, eta denborak esango du. Oraingoz, inguruko lagunen partetik, harridura, poza nahiz zalantzak jaso ditugu, normala den bezala. Horrek gure lana zorroztasunez eta zintzotasunez egitera bultzatzen gaitu. 

Zelako Arrasate duzue amets?

Arrasate antolatu, euskaldun, feminisita eta borrokalaria amesten dugu, Euskal Herri independiente eta sozialista baten barruan biziko dena, epe luzera.  

Zerbait gehitu nahi baduzue, edo zerbait azpimarratu, aurrera, zuena da hitza

Herritarrak animatu nahi genituzke antolatzera eta borrokatzera, bai Jaiki barruan, bai edozein antolakunde abertzale, langile eta iraultzailetan. Hortxe dago etorkizuna, sozialismoa eta komunismoa ipar, kapitalismo basatia gainditu behar dugu aske izateko eta munduaren beraren biziraupena bermatzeko. Langileok ez baitaukagu beste biderik.

Kalean, lantokietan eta ikastetxeetan ikusiko dugu elkar.

Aurrera bolie!

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE