Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Baita urbanoa doan, bizikleta azoka,... ere
Bizikleta elektrikoa probagai, trenbide zaharretik bira,... izango dira Mugikortasun Astean
Udalak antolatuta, irailaren 16tik 23ra mugikortasun iraunkorra sustatzeko astea egingo da Arrasaten. Ekimenetako bat Mugikortasun Adimentsuaren Informazio Kanpaina izango da, kontzientziazioa helburu.

595.Mugikortasun.Astea.18.Aurkezpena (id: 682121)


Kartela: Udala / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2018ko irailak 12, asteazkena


Arrasateko Mugikortasun Astea 2002an egiten hasi zen, eta igande honetatik hurrengo igandera arte aurrera eramango da, irailaren 16tik 23ra bitartean.


Maria Ubarretxena alkateak eta Nerea Lazpiur Garapen Iraunkorreko teknikariak aurkeztu dute gaur goizean trenbide ohiaren geltokiko eraikinaren ondoan.


Hala, 5. mailako neskatila-mutikoek 'Eskolara Oinez' ekimenean parte hartuko dute, Udalako Ingurumen Eskolako monitore batek gidaturik.


Helburua da "eskolarako bidea kotxez edo autobusez egin ohi dituzten haurrek, bidea oinez egitearen esperientzia bizitzea, eurek ohitura hori har dezaten".


Ekimenari amaiera emateko, ostiralean hamarretako osasungarri bat emango zaie: pintxo eta sagar bana.


Herri-busa edo 'urbanoa' erabiltzea doakoa izango da domeka honetatik hurrengo zapatura. Ekimen honek "bidaiari kopurua igotzen du".


Ostiralean haurrendako birziklapen tailerra egingo Herriko plazan, Txatxilipurdi elkarteko lagunekin.


Larunbatean (irailaren 22an) bigarren eskuko bizikleten ohiko azoka izango da. "Ehun bizikleta baino gehiago jartzen dira salgai, eta azoka arrakastatsua izaten da. Hainbat herritar jada deika ari da Udalara, azokarekiko interesa agertuz".


Gainera, egun berean, eta Mondragones kalean ere, bizikleta elektrikoak, tolesgarriak, paseokoak,... probatzeko aukera izango da.


Igandean (irailaren 23an) bizikleta bira didaktiko bat izango da, parte hartu nahi duten herritar guztiendako zabalik, lehengo Vasco-Navarro trenaren ibilbideari jarraituz, bere sorreraren 100. urteurrenaren harira.


Bira hau Arantza Otaduy Turismo teknikariak gidatuko du, eta trenaren historia azalduko du biran egingo diren 3 geldialdietan. Ondoko tokiak bisitatuko dira:


Goizeko 10:30ean Seberotik abiatuko da, eta Otaloratik Araba etorbidera joan da, eta zubitxo bat zeharkatuz, lehengo Vasco-Navarroko ibilbidean sartuko dira, eta Intxaustin lehen geldialdia egingo da.


Zerrajera kaleari jarraituta, lehengo trenaren geltokian (egungo Lanbideren egoitzan) beste geldialdi bat egingo da. Ondoren, Gipuzkoa etorbidetik San Prudentziora joango da, eta bertan beste geldialdi didaktiko bat egingo da. Gero itzulerako bidea egingo da, ibilbidea osotuz.


Biran ez da hamaiketakoa faltako, ezta paseoko bizikleta baten zozketa ere. Biran parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea.


Azpimarratzekoa da ere Ibai-Artek 3 bizikleta eta hoverboard patinete 1 zozkatuko dituela Merkataritza Berdearen Astearen barruan. Zozketan parte hartuko dute irailaren 1etik 21era Arrasate Txartelarekin erosketak ordaindu duten pertsonek. Zozketa ostiralean izango da, Herriko plazan 20:15ean.


Datorren astean ere Mugikortasun Adimentsuaren Informazio Kanpaina jendarteratuko da, aholkuak gomendatuz:


"Kotxeak erabiltzearen kalteak azaltzen ditu, baita garraio publikoaren erabiltzearen, bizikleta erabiltzearen eta oinez egitearen onurak ere. Udalak sortutako dokumentu bat da".


arrasate.eus webgunean ikusgai izango da, eta Udalak enpresetara, elkarteetara,... bidaliko du lantokietan, jendartean,... jakitera eman dezaten.

 

 

 

460.Mugikortasun.Astea.18.Egitaraua.UDALA (id: 717528)

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE