Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Andoni Gorosabel, Realeko jokalaria:

"Xabi Prieto eta Carlos Martinez izan dira nire erreferenteak"

 (id: 9666608) Elkarrizketatua: Andoni Gorosabel / Elkarrizketatzailea eta argazkiak: Hasier Larrea / 2018ko abuztuak 6, astelehena

 

Andoni Gorosabelek 22 urte bete zituen larunbatean, eta Realaren belaunaldi berriko aurpegietako bat da zalantzarik gabe. Uztailean lehen taldean jokatuko zuela jakin ostean, buru-belarri dihardu lanean Zubietan. Aurre denboraldiko partidetan ikusi da Asier Garitano entrenatzaileak berarekin kontatzen duela, eta Ligako partidetako hamaikakoetan toki bat egitea da orain bere helburua. "Ilusioa" eta "gogoa" dira Andonik gehien errepikatzen dituen hitzak.

 

Zer moduz doa aurre-denboraldia?

 

Gogorra izaten ari da, egur handia ematen ari zaigu entrenatzailea. Garbi dago denboraldirako ondo etorriko zaigula, ahalik eta punturik onenean egoteko.

 

Ze itxura hartzen diozu aurtengo taldeari?

 

Oso ekipo ona daukagula uste dut. Goiko taldeekin lehiatzeko moduko taldea dago, denboraldian zehar ikusiko da non egongo garen. Momentuz erritmoa hartzen gabiltza, eta poliki-poliki aterako dira emaitzak.

 

  (id: 9805859)

Ze helburuz hitz egiten da aldagelan?

 

Oraindik ez daukagu helburu argirik. Egunero gabiltza gogor lanean eta denboraldia hasten denean ikusiko da liga txapelketak non jartzen gaituen.

 

Zer aldatuko da aurtengo Errealean Asier Garitano entrenatzailearekin?

 

Intentsitate eta erritmo altuagoaz lehiatzeko xedearekin etorri da Garitano. Taldeak erritmo handiaz jokatuko du. Bi jokamolde partekatuko ditugu zelaian: baloiaren jabetza izaten saiatzeaz gain, joko zuzena ere baliatuko dugu gol aukerak sortzeko.

 

Nola integratzen dabiltza taldekide berriak?

 

Ba oso ondo. Oso talde ona osatzen dugu eta datozen jokalari guztiek harrera aparta jasotzen dute. Oso erraza da talde honetan integratzea.

 

Garrantzia handia ematen dio Realak harrobiko lanari, ez al da hala?

 

Bai, argi dago. Klubak daukan gauzarik garrantzitsuenetakoa hori da, oinarrizko lana ondo egitea geroz eta jokalari gehiago iristeko lehen taldera. Aurtengo taldean harrobiko jokalari dezente gaude, guztion artean lan hori ondo egiten ari garenaren seinale. Niri pasa den urtean eman zidaten aukera jauzia emateko, eta orain taldean toki bat egin dut. Atzetik datozenak, Sangali, Merquelanz, Guevara... guztiz gai dira euren etorkizuna Realean eraikitzen jarraitzeko.

 

 (id: 9741053)

Duela hilabete egin zizuten lehen taldeko fitxa. Nola hartu zenuen albiste hori?

 

Ez nuen espero, baina oso pozik hartu nuen. Familia guztiarentzat ere pozgarria izan zen. Beste pauso bat izan da niretzat eta lanean jarraitzeko gogo gehiago ematen dit.

 

Konpetentzia handia izango duzu hamaikakoan sartzeko?

 

Bai, noski. Postu guztietan dago lehia handia, eta hori ona da, zu zeu eta besteak hobetzea dakarrelako. Nik, eskuin hegaleko defentsa bezala, Aritz Elustondo eta Joseba Zalduarekin borrokatu beharko dut hamaikakoan tokia egiteko, baina konpetentzia sanoa daramagu elkarren artean. Batek edo besteak jokatu, badakigu zelaira ateratzen denak lan txukuna egingo duela.

 

Jarri al diozu zeure buruari erronka berezirik aurten?

 

Jo, bai egia esan ez. Egunerokotasunean ilusioarekin gogor lan egin eta ondoren ikusiko da zer gertatzen den. Lana eta ilusioa, beraz.

 (id: 9868746)

Ze jokalari eduki dituzu erreferente bezala?

 

Realean Xabi Prieto izan da niretzat erreferente handi bat, errealzale askorentzat izan den bezala. Ikono bat da eta normala beragan fijatzea. Carlos Martinez ere ispilua izan da niretzat, nire postu berean jokatzen du eta urte asko eman ditu Zubietan, asko ikasi dut beragandik. Beste taldeetara begiratuz gero, Dani Alves izan daiteke jokalari bezala eredu bat niretzat.

 

Taldekideen artean, norekin moldatzen zara ondoen?

 

Azken batean guztiekin moldatzen naiz ondo. Ez daude taldetxoak eta halakorik. Sansen eta azpiko kategoriatan egon naizen jokalariekin badaukat harremana lehendik garatuta, eta oso ondo moldatzen naiz beraiekin, baina orokorrean guztiekin daukat harreman ona.

 

Zeintzuk izan dira Realarekin bizitako momenturik onenak zuretzat?

 

Pasa den denboraldian Europa League jokatu nuenean, adibidez. Ligan debutatu nuenean ere ez dut edonola ahaztuko, ezta Sanserekin bigarren mailara igotzeko play-offa jokatu nuenean ere ez.

 

Eta momenturik txarrenak?

 

Sanserekin play-offetik kanporatu gintuztenean agian. Zorionez, lesioek errespetatu naute orain arte.

 

Realaren historiako azken harmakadetan beti egon da arrasatearren bat taldean jokatzen: Iñazio Kortabarria, Luis Mari eta Aitor Lopez Rekarte eta Mikel Gonzalez. Sentipen berezirik eragiten du hauen oinordeko izateak?

 

Dudarik gabe. Realean zure herriaren ordezkari izatea gauza polita da, eta ilusioa eragiten dit ohitura honekin jarraitzeak. Arrasatear bat beti Realean jokatzen aritzea pozgarria eta positiboa da herriarentzat. Espero dut herriko jokalari hauek bezala nik ere momentu politak bizitzea hemen.

 

Realean ez ezik, Real Union eta Beasainen aritu zara baita ere. Garbi dago gogor lan egin behar izan duzula lehen taldera iristeko.

 

Bai, lehen mailan jokatzea ez dizu inork oparitzen, eta lan handia egin behar izan dut honaino iristeko. Zorte pixkat izatea ere beharrezkoa da.

 

 (id: 9902934)

Beti jokatu duzu eskuin lateral bezala?

 

UDAn jokatzen nuenean media punta nintzen. Infantiletan probak egitera etorri nintzen, Zubietan partidak jolastu eta abar. Kadeteetan egin zidaten fitxa Realarekin, eta orduan atzeratu ninduten eskuin hegaleko defentsa postura.

 

Nolakoa da futbolari profesional baten egunerokoa?

 

Nirea oso sinplea da. Entrenamendu ostean etxera joaten naiz, siesta botatzen dut, ondoren paseoren bat eman... Pertsona normal bat bezala bizi naiz, ez da ezer aldatzen. Askotan Donostian egoten naizenez, hemengo lagunekin edo jokalariekin geratzen naiz zerbait hartzeko, eta Arrasatera natorrenean, ba koadrilako lagunekin egoten naiz, ez baitut kontakturik galdu. Neu etortzen naiz herrira edo bestela beraiek datoz Donostiara bisitan.

 

Futbolaz gain, ikasketa edo afizio berezirik ba al daukazu?

 

Orain bertan ez nabil ezer ikasten. Eta afizio aldetik, ba etxean nagoenean serieak eta pelikulak ikusten ditut. Zubietatik etxera noanean ez dut gogo handirik izaten beste kirolen bat praktikatzeko, egia esan. Errekuperatu beharra dago, eta ez dut denbora handirik izaten gauza handirik egiteko.

 

Pentsatzekoa da dieta zorrotz jarraituko duzula.

 

Bai, arlo fisikoa asko lantzen dugu eta dieta egunero jarraitu behar da ondo egoteko. Egunerokotasunean Zubietan gosaldu eta bazkaltzen dugu, eta afaldu nahi badugu tupper batean ekarri dezakezu janaria. Lan karga handiaren ondoren pasta, petxuga edo arraina jaten dugu normalean. Bestela entsalada eta janari arinagoak.

 

Hemen jaten duzuenarekin batzuk gose pixkat pasatzen dutela diote prentsan...

 

(Barre) Norberak jaten duenaren araberakoa da hori. Hemen zer eta zenbat jan aukeratzen dugu, eta gosearekin geratzen bagara gehiago jan dezakegu, neurrian beti.

 

Duela bost urte lehen taldean egongo zinela esango balizute, zer pentsatuko zenuke?

 

Ez nuen sinetsiko, orain dela bost urte... Sinatuko nuke, noski! Azken hilabete hauek ikaragarriak izan dira niretzat, eta orain hau bizi behar dut. Oso pozik nago gertatu zaidanarekin.

 

Eta hemendik bost urtetara, non egon nahiko zenuke?

 

Inork ez daki non egongo garen, ez bost urtetara ezta urtebetera ere. Egunez egun lan egin eta gero ikusiko da.

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE