Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ogasunak jarriko du, zorra kobratzeko asmoz

Fagor Hometek enkantean jarriko da 3'3 milioi eurotan

Fagor Electrodomesticosen ikerkuntza eta garapen gunea izan zen. Enkantea azaroaren 21ean egingo da Donostian.
595.Fagor.Hometek (id: 9251768)

Testua: mondraberri.eus / Argazkia: MB Artxiboa / 2018ko urriak 11, osteguna
 
Gipuzkoako Ogasunak kooperatiba ohiaren zorraren tramitea bete du, baina ez du ordainketarik jaso. Horregatik Fagor Hometek Coop enkantera eramango du, Noticias de Gipuzkoak azaldu duenez.
 
Zentro teknologiko honek etxeko elektratresnak ikertu, eraldatu eta hobetu zituen, batez ere, kooperatibaren produktuak. Alde horretatik, kooperatiba zen zentro teknologikoaren jabe nagusia.
 
Kooperatibaren itxieraren ondorioz, Hometekek ere ateak itxi zituen, eta CNA Groupek uko egin zion zentro teknologikoa berrabiatzeari.
 
Fagor Electrodomesticosek Gipuzkoako Ogasunarekin zorrak zituen, eta ondorioz Aldundiak zenbateko hori berreskuratzeko tramiteak hasi zituen.
 
Prozesu horretan Ogasunak hainbat ohar helarazi zizkion kooperatiba ohiari, baita urgentziazko jakinarazpen bat ere. 
 
Epe baten ostean, enpresak ez badu zorra kitatzen, erantzunik jasotzen ez badu, Ogasunak premiamendu-jakinarazpena bidaltzen du. Beste denbora bat igarota, zorra ordaintzen ez bada, Ogasuna enbargoak egiten hasten da, enkantean jarriko dituena, zor osoa edo zati bat behintzat kobratzeko.
 
Lizitaziora lursaila eta ondasunak aterako dira. Lursailak 9.535 metro koadroko zabalera dauka. Bertan bi pabilioi daude, San Andres auzoan. Eraikinik gabeko zonak 4.411 metro koadro ditu, eta eraikinek 5.124 metro koadro.
 
Aipatzekoa da bi eraikinak ez daudela Fagor Electrodomesticosen instalazioen barruan, unitate independenteak baitira. Eraikin batek 1.379 metro koadro ditu, eta 3 solairu ditu. Bertan dago ikergune nagusia.
 
Beste pabilioiak bi solairu ditu, eta partzelaren azalera 2.745 metro koadro dauzka. Eraikin honen funtzio nagusiena zen ur-berogailuak, biltegiko kudeaketak eta bulego lanak.
 
Enkantearen hasierako prezioa 3.300.440 eurokoa izango da. Enkantea azaroaren 21ean egingo da, goizeko 10:30etik aurrera, Gipuzkoako Ogasunaren egoitzan, Donostiako Errotaburun.
 
Lehen deialdi honetan, balizko interesatuek aurkeztuko dituzten eskaintzek gutxienez prezio horren %80 suposatu beharko dute.
 
Lotea ez balitz lehen deialdian adjudikatuko, bigarren lizitazio bat egingo litzateke, toki berean goizeko 11:30ean. Kasu honetan, balizko interesatuek gutxienez hasierako prezioaren erdia eskaini beharko lukete.
 
Bi ahaleginen ostean enkantea hutsik geratuko balitz, ondasunak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunaren esku geratuko lirateke, zorra kobratzeko asmoz.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE