Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2018ko uztailak 11, asteazkena
Arrasate eta Bergara arteko errepidean, Kataideko bihurguneetako batean ezbehar ugari izan dira, azken urteetan batez ere.
Adituek 3 arrazoi nagusi aipatu izan dituzte, eta horietako bat asfaltoa laua zen. Hau da, errepidea ez zen zimurtsua (gaztelerazko 'rugoso'), eta ondorioz ura ez zuen behar bezala drainatzen, kanporatzen.
Aurreko astean, baina, asfaltatze-lanak egin dituzte Aldundiko langileek bertan, eta egoera "asko hobetu da", azaldu digu Xabier Fernandez 'Purito' pilotu arrasatearrak.
Arazo hori konponduta, eta aurreikuspenen arabera, baliteke hemendik aurrera istripu kopuruak behera egitea.
Beste arrazoietako bat errepidearen desnibela zen, "oso gutxi peraltatuta" baitzegoen, aditu arrasatearrak azaldu bezala. Horren ondorioz, errepideak ibilgailua kanporantz bideratzeko joera zuen.
Konpontzeke dagoen arazo bat autobusak bertan geratzea da. Izan ere, ibilgailu handi hauek bertan geratzen dira batzuetan, txoferren aldaketa egiteko. Horrek eragin izan du toki horretan olioa asfaltora erortzea, eta ondorioz asfaltoa labankor egotea.
Gainera, "autobus bat aurrean geldi ikusteak gidari batzuk sustatzen ditu", Xabier Fernandezek azaldu bezala.
Aurreko ostiralean asfaltatze-lanak amaiturik zeuden baina oraindik trafikoko marrak marraztea falta da.
Kataideko istripu kopuruak herritar askoren kezkak eta kexak eragin izan ditu, eta Arrasateko EH Bilduk iaz Gipuzkoako Foru Aldundiari arazoa konpontzea eskatu zion.
Erlazionatutako albisteak:
"Kataideko kurban arazoa ez da abiadura, asfaltoa baizik"
2017ko uztailaren 5ean argitaratutako albistea
Kataideko bihurguneaz galdetu du EH Bilduk Batzar Nagusietan
2017ko irailaren 12an argitaratutako albistea