Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Bidaien %30 inguru gutxitu ditu Aldundiak

"Bus zerbitzuen murrizketari buruzko agerraldia betatu digu Aldundiak"

Arrasateko EH Bildu, Baleike eta Irabazik herritarren 1.650 sinadura lortu zituzten, murrizketak salatzeko. Halere, Aldundiak galarazi die gaia azaltzea Batzar Nagusietan, argudiatuz "Debagoieneko alderdi guztiek euren ikuspuntua azaltzeko aukera izan dutela jada".

595.Autobus.Murrizketa.Aldundi (id: 8742023)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2018ko ekainak 11, asteartea

 

Autobus zerbitzuaren inguruko prentsaurrekoa egin dute gaur eguerdian udaletxean hiru alderdi politikotako ordezkariek [ezkerretik hasita]:

  • Eneko Barberena, EH Bilduko zinegotzi
  • Iban Asenjo, EH Bilduko batzarkide
  • Patricia Gete, Podemos-eko batzarkide
  • Igor Urizar, Baleikeko zinegotzi
  • Juan Luis Merino, Irabaziko zinegotzi

Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza linearen lanegunetako zerbitzu kopurua %35 murriztu zuen iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak.


Hau da, lehen zerbitzuen maiztasuna 20 minutukoa zen, baina murrizketaren ondorioz orain 30 minutukoa da, EH Bilduk salatu izan duenez.


Asteburuetan kendutako zerbitzuak %25 dira, besteak beste, larunbat gaueko azken autobusa, oposizioko hiru taldeek gaitzetsi izan dutenez.


Aldundiak erabaki horiek "unilateralki" hartu zituela salatu dute gaurko prentsaurrekoan, hau da, "aurrez eskualdeko alkateei jakinari barik".


Erabiltzaileen kexa ohikoenek "maiztasunarekin, Oñatiko transbordoarekin,... zerikusia dute", oposizioak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez.


Egoera berria salatzeko, Arrasateko EH Bildu, Baleike eta Irabazik sinadura-bilketa bat egin zuten, 1.650 herritarren babesa lortuz.


Sinadurak Udalari aurkeztu zizkioten, baita Aldundiari otsailaren 9an ere, Donostiako egoitza nagusian, Aldundiari gainera bilera bat eskatuz.


Hala ere, Aldundiak ez zion erantzun, eta ondorioz oposizioak Batzar Nagusietan agerraldi bat eskatu zuen.


Izan ere, Batzar Nagusietan edozein talde politikok eska dezake "talde, pertsona,... baten agerraldia", Iban Asenjo batzarkideak azaldu bezala.


Horrela, "beste herri batzuetatik ere gauza bera eskatu zuten herritarren, autobusetako langileen,... kexen berri emateko".


Agerraldi horiek posible izateko, aurrez Batzar Nagusiek baietz erantzun behar dute, "eta ia beti eskaerak aho batez onartzen dira".


Izan ere, "inoiz ez da ezezko erantzunik ematen", eta legealdi honetan "EAJk eta PSEk soilik gai bat betatu dute, salbuespen bat egon da: Alarde Mistoaren balizko agerraldia (PP agerraldiaren alde azaldu zen)".


Bitartean, "EH Bildu eta Podemos ez gara inoiz agerraldi baten aurka azaldu, edozein dela proposatzailea (PP, PSE,...)".


Autobus zerbitzuko murrizketei dagokienean, Oñatiko alkateari (EH Bildu) agerraldia baimendu zioten EAJ-PNV eta PSEk, baita eskualdeko beste alkate batzueri ere, "euren kordakoak".


Besteak beste, Arrasateko alkateak autobus zerbitzuen inguruko agerraldia egin ahal izan zuen, urtearen hasieran. "EH Bilduk eta Podemosek agerraldi horren alde bozkatu genuen".


Aipatu behar da "alkate batzuek agerraldietan murrizketekin ados ez zeudela adierazi zutela, herritarren kexetan oinarrituta".


"Arrasateko alkateari (EAJ-PNV) ere utzi zioten gai honen inguruko bere ikuspegia azaltzea. Seguruenik ikuspegi hori eta gu hiru taldeon ikuspegia zeharo ezberdinak izango dira".


Horregatik galdera bat mahai gainean jarri dute: "Arrasateko alkatearen eta oposizioaren ikuspegia zeharo ezberdinak direla kontuan hartuta, zergatik ez diote oposizioari agerraldia egiten uzten?".


Oposizioak argudiatu du ere "herri bakoitzean Lurraldebusen errealitatea ezberdina" dela, zeren eta "murrizketek era ezberdinean kaltetu baitituzte. Esate baterako, Oñatin kalte gutxiago eragin dituzte".


Alabaina, Aldundiak ez die agerraldia onartu: "Aldundiak ofizialki ez digu oraindik erantzun".

 

Oposizioak Aldundiarekin hitz egitean, Aldundiak argudiatu du "Debagoieneko alderdi guztiek aukera izan dutela jada agerraldietan euren ikuspuntua azaltzeko".


Ondorioz, hiru taldeek "betoa" salatu dute gaurko prentsaurrekoan, eta gehitu dute "zerbitzu publikoetan murrizketak egitea zilegi ez" dela: "Autobus-zerbitzua sustatzeko unea da".

 

Erabiltzaileak kexatu arren, "murrizketetara ohitzen ari dira, eta hori kaltegarria da. Erabiltzaileak inposaketen aurrean protesta egin behar dute", adierazi du Juan Luis Merino zinegotziak.


"PNVk eta PSEk behin eta berriz errepikatzen dizkigute gobernantza berria, parte-hartzea,... sustatzen dituztela, baina agerraldia betatzeak erakusten du ez dela horrela".


Hiru taldeek euren ezinegona agertu dute: "Herritarrek euren sinadurekin eskaera bat egin dute, baina eskaera hori Aldundiak eten egin du, horrek frustrazioa eragiten duelarik".


Alde honetan, "zapore mingotsa uzten digu beto honek: Sinatzaileek galdetzen ziguten ea eurek sinadura emateak zerbaiterako balioko ote zuen. Guk baietz erantzun genien, eta orain, Aldundiaren ezetzarekin, zapore mingotsa uzten digu", Juan Luis Merinoren hitzetan.


"Oso larria da Arrasaten 1.650 herritarrek adierazitakoa betatzea", salatu du Patricia Gete batzarkideak. Bere hitzetan, "alkateak agerraldian adierazi zuen sinadura-bilketa ez zitzaiola ondo iruditzen".


Igor Urizar zinegotziak gehitu du Arrasateko oposizioko hiru taldeek azken hauteskundeetan 5.107 bozka lortu zituztela, eta alkateari eskatzen dio hori kontuan hartzea "legitimitateaz hitz egitean".


Aurrera begira, oposizioak "mozioak aurkeztuko ditugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Arrasateko Udalean. Udaletxekoa uztaileko udalbatzarrean aztertzekoa izango da".


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE