Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Asier Elorza (kooperante arrasatearra):

"Zabortegian bizitako pertsonekin elkarlanean gabiltza Kolonbian"

Mundukidek 20 urte egiten ditu aurten, eta atzo fundazioaren 'familia' elkartu zen Kulturaten. Lau kooperantek proiektuetako xehetasunak eman zituzten, tartean Kolonbiako egitasmo berria.

595.Mundukide.Topaketa.19.Topaketa (id: 8846822)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urtarrilak 8, asteazkena

 

Mundukidek aurten 20 urte betetzen ditu, eta atzo fundazioaren 'familia' Kulturaten elkartu zen, bi urtean behin egiten duten topaketan.

 

Josu Urrutia lehendakariak aurkezpen-lanak egin zituen, eta iragarri zuen Mundukidek onartutako  2018-2021 Plan Estrategikoaren helburuak ondorengoak direla:

 

"Mozanbike eta Brasilgo proiektuak finkatzea, eta Kolonbian, Ekuadorren eta Afrikako beste herrialde batean programa bana abiatzea".

 

Atzoko ekitaldian Mozanbikeko proiektuaz Neida Vila mintzatu zen, Brasilgoaz Etor Arregi eta Julio Martinez, eta Kolonbiakoaz Asier Elorza. 

 

Kolonbiakoa abiatzeko Asier Elorza arrasatearrak lanean dihardu Hego Amerikako herrialdean. 2008an Mundukiderekin lanean hasi zen, eta ordutik Mozanbikeko eta Brasilgo hainbat proiektuetan parte hartu du.


Asier Elorza Laboral Kutxaren Bidaia Solidarioaren bitartez iritsi zen orain direla 3 hilabete San Juan de Pasto hirira, 500.000 biztanle ingurukoa eta Ekuadorrekin mugakide.

 

Atzoko hitzaldian azaldu zuen proiektuaren abiarazteaz gain, Mundukidek ere beste lan batzuk egiten diharduela Kolonbian.

 
Programa honi dagokionez, arrasatearrak San Pastoko hondakinen birziklatzaileen kolektiboarekin elkarlanean dihardu, eta pertsona hauek "euren burua definitzen dute gizarteak erakutsi nahi ez duen lanaren egileak bezala".


"Hemen herritarrok oso ohituak gaude etxean birziklatzera, baina han ez dago halako kulturarik". Ondorioz, "hango birziklatzaileek kalean zabor poltsak zabaldu behar izaten dituzte, barruan aurkitutako materialak bereizteko".


Langile hauek "lehen zabortegietan bizi ziren, eta aipatutako lana zabortegietan bertan egiten zuten. Orain direla 20 urte inguru jesuiten fundazio sozial bat hasi zen pertsonak zabortegietatik ateratzeko eta lana duintzeko ahaleginetan".


Urtebete geroago San Juan de Pasto-ko Udalak hondakinen kudeaketa aurreratuago bat aplikatzen hasi behar izan zuen, eta enpresa bat sortu zuten.


Enpresa berriaren "akzioen %50 enpresa pribatu baten esku geratu zen, %45 Udalaren esku eta %5 birziklatzaileen kooperatiba berriaren esku".


Kooperatiba honek 150 bazkide inguru izan zituen hasieran, hau da, zabortegietan lan egiten zuten ia denak, eta kooperatibaren bitartez lana duintasun handiagoz egiteari ekin zioten.

 

595.Mundukide.Topaketa.19.Asier.Elorza (id: 8871373)

 

Gaur egun 38 bazkidek dihardute, batzuk enpresa berrian eta beste batzuk kooperatiba berrian, horren truke Kolonbiako gutxieneko soldata maila lortu dutelarik.


Alabaina, Kolonbiako legea aldatu egin da, eta orain birziklapenaren sektorean dirutza dago jokoan. Horregatik "lehen zaborraren sektorean ziharduten enpresa handiek, orain birziklapenaren sektorera pasa dira. Pentsa, enpresa horietako bat Alvaro Uribe presidente ohiaren semearena da".


Prozesu horrek arrisku bat dakar birziklatzaileen kolektiboarentzat: "Birziklapena enpresa handiek egiten badute, birziklatzaileak lan barik geratuko dira".


San Juan de Pasto hiria Bogotá hiriburutik urrun dagoenez, "enpresa handien eragin horrek oraindik ez du eragin handirik izan gurean".


Pasto-ko birziklatzaile asko Asociación Nacional de Recicladores elkartekoak dira, eta elkarteak epaitegietan lortu zuen birziklatzaileak kolektibo ahul izendatzea, ofizialki. Horrek esan nahi du eskubide batzuk onartu dizkiela Konstituzioak, esate baterako "birziklatzaileek enpresa handiekiko lehentasuna dute".

 

595.Mundukide.Topaketa.19.Entzuleak (id: 8893334)

 

Mundukidek kooperatibarekin elkarlanean dihardu, baina fundazioarentzat eragozpen bat da kooperatibak soilik 38 bazkide izatea. Horregatik "aurreikusten dugu Pastoko birziklatzaile guztiekin lan egitea, 570 pertsonekin".


Mundukideren helburu nagusia da "San Joan de Pastoko hondakin solido guztiekin lan egitea, lehengai ugari horrek ahalbidetuko lukeelako kooperatiba handitzea eta 570 pertsonak kolektibo batean elkartzea".

 

Galde-eskeen txandan, herritar batek kooperante arrasatearrari galdetu dio ea nola eragiten duen Venezuelako krisiak Kolonbian.


"Errefuxiatuak Bogotara, Pastora eta Kolonbiako beste toki batzuetara iristen ari dira. Pastok muga egiten du Ekuadorrekin, eta venezuelar errefuxiatuen gehiengoa Pastotik igarotzen dabil. Diotenez, 3 milioi venezuelar baino gehiago igaro direla bertatik".


"Badirudi, venezuelarrei Peruk lana eskaini diela, eta Peruk izan duela jarrerarik irekiena. Paston lehen eskaleak kolonbiarrak ziren, orain venezuelarrak dira".


"Nik bisaren tramiteak egiteko, mugan sartu-irtena egin behar izan dut, eta ilaran hiruzpalau ordu itxaron behar izaten dira".


Entzule berberak galdetu dio ea Kolonbian langileen artean, batez ere gizonezkoen artean, lan-absentismorik dagoen: "Guri ez zaigu gertatzen, eta Pastoko beste enpresetan oro har ere ez da gertatzen".

 

Mundukideren webgunea


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE