Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Solasaldi eta ikuskizunak

Liburuaren Eguna aitzaki, egitarau mardula antolatu dute bibliotekan

Apirilaren 23tik maiatzaren 3rarte ikuskizun eta solasaldi ugari garatuko dira Kulturaten eta Santamarinako bibliotekan. Aurten musikaren inguruan egituratu dituzte ekitaldi gehientsuenak. 

  (id: 1670094)

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / Kartelak: Kulturate Biblioteka / 2018ko apirilak 16, astelehena

 

Musika eta literatura ardatz hartuta, lau emanaldi mamitsu eta bi solasaldi dira aurtengo Liburuaren Egunaren bueltan Udalak eta Kulturatek elkarlanean programatu dituzten ekintza literarioak. Hala azaldu dute Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak, Mertxe Perez de Ciriza bibliotekako zuzendariak eta Asun Agiriano Haur bibliotekari teknikariak. 

 

Nahiz eta eguna bera hilaren 23an izango den, hurrengo egunean emango zaie hasiera emanaldiei, 'Ipuin Borobilak' izeneko ipuin kontaketa musikatuaren eskutik. Elena Setien eta Amaia Puin dira ikuskizuna bideratuko duten bi artistak. Lehenak biolinarekin laguntzen du bigarrenak errezitatzen dituen ipuinak. Elenak Kopenhagen egin zituen biolin ikasketak eta musikari sonatuekin kolaborazioak egiten ditu, Amaia Puin berriz gitarrajolea ere bada. 4 urtetik gorako haur eta familiei zuzenduta dago emanaldia.

 

Bi egun barru, apirilaren 26an, magia erakustaldia egingo du Imanol Ituiño mago gazteak Santamarinako auzo bibliotekan. Saioa 'Munduari bira (ia) 80 trukotan' deitzen da. 5 urtetik gorakoentzako egokituta dago, eta ikusi nahi ezkero aurrez eman beharko da izena Kulturaten bertan edo emaila bidaliz.

 

 

Egun berean kontzertu irudikatua joko dute 8 lagunek. Hauetako sei Noizbehinka Banda osatzen duten musikariak dira, Jexuxmai Lopetegik ahotsa jartzen duelarik. Beste bi kideak 'Itzal Zaunka' izeneko liburu irudikatuaren autoreak dira: Harkaitz Cano idazlea eta Antton Olariaga marrazkigilea hain zuzen. Biek ala biek liburuak sinatuko dituzte ekitaldian zehar. Ikuskizunean bi bideo proiektatuko dituzte: bata Lorena Martinez ilustratzaileak ondutakoa da eta bestea Iban del Campo zuzendari arrasatearrarena.

 (id: 1739938)

Maiatzaren 3an burutuko da azken ekitaldia. Hau ere ikuskizun literario musikala da formatuz, "Linbotarren itzalak ate ostean" titulupekoa. Izena bera eta edukia Asier Serrano idazlearen bi liburutan oinarrituta daude. 'Linbotarrak' eta 'Itzalak ate ostean' poesia liburuak hain zuzen. Asier Serranoz gain, Miren Fernandez eta Antton Sarasua musikariek osatuko dute emanaldia.

 

Ordutegiari dagokionez, arratsadeko 18:00etan hasiko dira umeei zuzendutako emanaldiak, eta arratsaldeko 19:00etan helduei zuzendutakoak

 

Eskaintza berezi hauetaz aparte, solasaldi literarioek ere, hilero bezala, euren tokia izango dute apirilean ere. Hilak 18 eta 19an garatuko dira hauek, arratsaldeko 18:30ean eta 18:15ean, hurrenez hurren. Lehena gazteleraz izango da, 'Literatura y viajes' zikloari hasiera emango diona. 'Ilona llega con la lluvia' izena dauka jorratuko den nobelak. Hurrengo egunean Garazi Arrula Ruiz 'Gu orduko hauek' bere lehen nobela aurkeztera etorriko da.

  (id: 1770911)

 (id: 1920373)

Urtero bezala, aurten ere zozketa egingo dute liburu maileguaren erabiltzaileen artean. Oraingo honetan liburuak eskuratzeko bi opari txartel banatuko dituzte, Elkar liburu-dendan 100€tako erosketa egitea ahalbidetzen dutenak. Opari txartel bat umeentzako liburuetan xahutzeko izango da, eta bestea helduentzako liburuetarako. Zozketan parte hartzeko, apirilaren 23tik 30era bitartean eman beharko da izena, beti ere Kulturaten libururen bat mailegatu eta gero.

 

Liburuaren Egunaren inguruko bitxikeriak

1995ean UNESCOk apirilaren 23an ezarri zuen literatura eta liburuak omentzeko data, egun honetan Shakespeare eta Cervantes hil zirelako. Erakundeak hiri batean antolatzen ditu urtero ekintza bereziak, eta aurten Atenas izango da egoitza nagusia.

 

 

 

 




Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE