Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Azaroaren 15 egingo da 40. urteurreneko omenaldia

Justizia exijituko du Emili, Zapa eta Robertoren aldeko omenaldiak

Guardia zibilek Munar inguruan hiru pertsona hil zituen 1978an. "Lekuko ugarik bertsio ofiziala gezurtatu zuten", EH Bilduk gogora ekarri duenez. Azaroaren 15eko ekitaldiak "sentsibilizazio-lan bat egin gura du", inpunitatearen aurka.

595.Emili.Roberto.Zapa.40urte.Omenaldi.Aurkezpen (id: 7710415)


Irudia: Antolakuntza / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2018ko azaroak 7, asteazkena

 

 

1978an, "trantsizio demokratikoa" delakoan, 'Voluntarios. Semillas de Libertad' liburu dokumentatuaren arabera, Jose Mari Iturrioz 'Zapa', Roberto Aranburu eta Kike Zurutuza Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren.


Azaroaren 15ean Aretxabaletako kuartelaren fatxada tirokatu zuten, inor hil edo zauritu barik, eta ondoren kotxe batean ihes egin zuten Arrasaterantz. Aretxabaletako Guardia Zibilak jarraitu egin zien, eta Munar inguruan aurkitu zituen.


Arratsaldeko ordu hartan ikasle ugari zebilen Eskola Politeknikoan eta inguruan, baita langile asko fabriketatik irteten ere, eta kotxea ilara batean geratu zen Munarko biribil inguruan, ez aurrera ez atzera.


Hiru gazteek Guardia Zibila segika zituela ikusita, kotxetik irten ziren eta ihesari eman zioten, lekukoek azaldu zutenez.


Guardia Zibilak, abisua eman barik, bi miltanteak tiroz hil zituen. Kike Zurutuza oso larriki zauritu zuen. Beraz, ez zuten atxiloketarik egin, eta ez zen epaiketarik izan.


Bertsio ofizialaren arabera, ordea, hiru gazteek Guardia Zibilari tiro egin zioten, eta tiroketaren ondorioz bi arrasatearrak hil egin ziren.


Hori gutxi balitz, handik gutxira, Arrasateko Guardia Zibila bertaratu egin zen, eta Aretxabaletako agenteak paisanoz jantzita zeudenez, eurei tiroka hasi zitzaien.


Tiroketa horretan, Emili Larrea bere etxe ingurutik gertaera ikusten zela, guardia zibilek hil zuten tiroz, eta hainbat zauritu ere eragin zituzten guardia zibilek.


Emili Larrea emakume arrasatearrak 52 urte zituen orduan. Beste pertsona batzuk ere Guardia Zibilaren biktima izan ziren zaurituta. Honen inguruan, orduko Barne ministro Martin Villak adierazi zuen Guardia Zibilak "ETA-ko terroristei erantzun diela, beharrezkoa den energiarekin".


Roberto Aranburu Iribarren garagartzarra 1957an jaio zen. Hiru urte zituela, bere familia San Josepe auzora bizitzera joan zen. San Viatorren eta ETEOn ikasi zuen.
1976-1977an mugimendu aldarrikatzailea puri-purian zegoen Arrasaten, eta 1978an Komando Autonomo Antikapitalistetako kide egin zen.


Jose Mari Iturrioz 'Zapa' 1954an Legorretan jaio zen. Bere aita zapataria zen, eta hortik zetorkion ezizena. 14 urte zituela, Arrasatera etorri zen Eskola Politeknikoan ikastera.


1969an, Arrasaten egin zen lehen manifestazioan parte hartu zuen. Hortaz gain, ikasleen komiteetako partaide izan zen. 1974an ETAn sartu zen. Bi alditan Ipar Euskal Herrira igaro behar izan zuen.


Hilketak egin eta egun batera-edo, hainbat arrasatearrek Herritar Batzorde Ikertzaile bat sortu zuten, kasua argitzeko eta ikerketaren berri emateko. Ekimen horretan alderdi ezberdinetako kideek parte hartu zuten.


Emaitza nagusia liburuxka bat izan zen, gaurko prentsaurrekoan EH Bilduk eskura jarri duena. "Ondorio nagusiena izan zen poliziaren enboskada bat izan zela".

 

595.Emili.Roberto.Zapa.40urte.Omenaldi.Kartela.EHBILDU (id: 8349577)


EH Bilduk gaur arratsaldean omenaldia iragarri du, eta prentsaurrekoan Xabier Zubizarreta Lasagabaster 'Txiron', Eneko Barberena Mondragon eta Yolanda Perez de Arenaza Sogorb-ek parte hartu dute.


'Roberto, Emili ta Zapa, 40 urte Justiziarik gabe, Oroimena eta Justizia' deituko da ekitaldia, hurrengo ostegunean, azaroak 15. Ekitaldiak bi zati izango ditu:


18:00etan Udala plazan (Munarko biribilean) lore eskaintza xume bat izango da, baita hitzartze labur bat ere. 19:00etan Kulturateko areto nagusian ekitaldi politikoa egingo da.


"Ekitaldian zuzenean inplikatutako pertsonen testigantzak entzungo dira, eta ineditoak diren irudi batzuk eskainiko dira, hilketen osteko protesten ingurukoak. Grabazio hauek etxe batean gordeta egon dira".


Eraildakoen senide batzuek omenaldian parte hartuko dute, eta lekuko batek behintzat hitza hartuko du.


Biak ala biak ekitaldi irekiak izango dira, "herritar guztientzat zabalik, eta bereziki gertaeren lekuko izan zirenentzat".


Helburuetako bat izango da oroitzea orain 40 urte Roberto, Emili eta Zapa hil zituztela guardia zibilek.


"Lau hamarkada igaro direnez, egungo belaunaldi berriek ez dute lehen pertsonan bizi orduan gertatukoa. Horregatik merezi du gertakari larri hauen inguruan gazteekin hitz egiteak".


Ekitaldiak Justizia eskatuko du, "ez baitugu bertsio ofiziala sinesten, eta bada garaia herritarrek eta alderdi politikoek jakin bazekitena argitan jartzea: guardia zibilak exekutatu zituela, epaiketa egin barik, Roberto eta Zapa".


"Emili polizia-operazio basati horren zeharkako biktima izan zen, herritar soila izanda".
Han inguruan prentsaurrekoko kide bat zegoen, Yolanda Perez de Arenaza arrasatearra, eta azaldu du hilketek "oilo azala jarri zigutela, beldurra eraginda, han inguruan geunden jendeari".


Arrasatear gehienek "ez genuen bertsio ofiziala sinetsi, baina hori nolabait nagusitu zen. Ezin dugu bertsio ofizial faltsua inoiz onartu, bestela berriro gertatzeko arriskua egongo da. Horregatik sentsibilizazio-lan bat ere egiten ari gara".


40 urte hauetan "estatu-botereak ez dira arduratu bertsio ofiziala zalantzan jartzeaz, egiaztatzeaz, eta hilketak zintzotasunez argitzeaz. Guk ezin dugu gauza bera egin".
Alde honetatik, "ezin dugu inpunitatea onartu, inpunitatea gehienetan herritarren aurkakoa izaten baita".


Eusko Jaurlaritzak biktimak aitortzeko prozedura bat abiatu zuen, eta lekuko bila ibili zen, "baina guk ez dugu prozedura horren emaitzik ezagutzen".


Galdetu diegu ea omenaldiak aukera eman dezakeen orain arte azaldutako lekuko garrantzitsu gehiago azaltzeko:


"Aukerak egon badaude, kontuan hartuta pertsona ugari zegoela bertan, baina ez dakigu azalduko den edo ez". Edonola ere, herritarren batzordeak egindako ikerketak "lekuko ugariren lekukotzak jaso zituen".


Hilketak epaitegietara eramateko aukeraz ere mintzatu dira: "Gai zaharragoak ikertzeko zirrikituak baliatu ditugu, gerra zibilekoak kasu, eta gure zeregina da Justizia aldarrikatzea".

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE