Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Anabel Ugalde Gorostiza (Historian doktore):

"Erdi Aroko eresiak eta egungo bertsolaritza antzekoak dira"

Erdi Aroko Arrasateko eresiak, bertso paperak, XIX. mendeko Lore Jokoak,... azaldu ditu emakumeen ikuspegitik, AZEk antolatutako hitzaldian.

595.AZEAnabel.Ugalde.Mili.Lasturko1 (id: 3050932)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko azaroak 12, asteartea

 

Arrasate Zientzia Elkarteak antolaturik, Anabel Ugaldek aurreko astean hitzaldia eman zuen: 'Santxa Ozaetako, Milia Lasturkoren eresiaren egileak, andre bertsolariak ote?'.

 

Santxa jatorriz batzuentzat Arrasatekoa zen, beste batzuentzat Aramaioko eta besteentzat Maturanakoa. Bere senarra, Martin Bañez Artazubiaga, Ibarretako burdinola erail zuten 1464an Aramaioko oñaztarrek.  

 

Santxa alargunak hiletan, gorpuaren aurrean kantatutako eresia da ondorengoa, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi kontserbatua, eta Garibayk jasoa. Bertan "mendekua agindu zuen":

 

Oñetako lur au jabilt ikara
lau aragiok berean bezala;
Marti Bañez Ibarretan il dala.
artuko dot esku batez gezia,
bestean suziri irazekia:
erreko dot Aramayo guztia. 

 

Beraz, erailketa "mendekatzea" adierazten du ereserkiak. Garai hartako beste eresi batek Milia Lasturko du protagonista. 

 

Milia Lasturko "oso gazte hil zen, umea izan eta hil. Badirudi bere senarrak bazuela amorante bat, Marina Arrazolako, eta Milia lurperatu orduko, senarrak ezkontza zuela buruan".

 

Hori jakinik, Miliaren ahizpa bat sutan jarri zen, eta Debatik Arrasatera etorrita, ondorengo eresia abestu zuen, hildakoaren aldeko onretan: 

 

Zer ete da andra erdiaren zauria?
Sagar errea, eta ardao gorria.
Alabaia, kontrarion da Milia:
Azpian lur hotza gainean harria.  

 

Hau da, Arrasaten lurperatua zuten baina "familia horrekin antza ez zegoen oso gustura, nahiago zuten Milia Lasturrera eramatea eta han lurperatzea".  

 

Lasturrera behar dozu, Milia.
Aita jaunak eresten dau elia,
Ama andreak apainketan hobia.
Hara behar dozu, Milia. 

 

Bigarren honetan hiletetan zegoen banaketa aipatzen da: "aitajaunak [aitonak] ganadua etxera dakar ospakizunetarako, eta amandreak [amonak] hilobia apaindu behar du".  

 

Horren aurrean, Santxa Urtiz-ek, Peru Garcia Oro-koaren arrebak, onretan bertan, ondorengoa erantzun zion:

 

Ez dauko Peru Garziak beharrik
hain gauz handiak apukaduagatik
Zeruetako mandatua izanik,
Andrariok ala kunpli jasorik.

 

Hau da, "Milia Arrasaten bizi izan den bitartean, oso-oso ondo sentitu dela, eta zeruko mandatua izan dela Milia hiltzea, ez besterik". Hurrengo olerkiak zera dio:


Gizon txiki sotil baten andra zan
atea artean zabalean ohi zan,
giltza porra handien jabe zan,
ondra han kunplitu jakan 

 

Horrek esan gura du "etxe handi batean bizi zela, ez Alde Zaharreko etxe estu batean, giltza sorta ugari zituela, eta behar bezala hilobiratu zutela". Azken zatian Milia Lasturkoren ahizpak ondokoa dio:

 

Mondragoeri hartu deutsat gorroto
Giputz andraok hartu ditu gaxtoto
Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
Artekalean andra Otxanda Gabiolako,
Errebalean andra Milia Lasturko.

 

Hau da, "Miliari gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zitzaion Iturriotzen Maria Baldakori, eta Artekalean (gaur egungo Erdiko Kalean) Otxanda Gabiolakori. Milia Maalako errabalean bizi zen".

 

Hileteta-elizkizunek "egun asko irauten zuten", eta XVIII. mendeko Larramendi jesuitak azaldu zuenez, "elizaren aurrealdera idi bat edo aharia ekartzen zen". Santxa Urtizen garaietan, hileten gastuen artean, Elizari "500 dukatu" ordaintzen zizkion hildakoaren familiak. Beste gastuetako bat zen "jende askori jaten ematea hiletetako egunetan". 

 

Emakume eresigileak agertzen dira XIII-XIV. mendeko sepulkro batean. "Eresigileak 'llanteando' ibiltzen ziren, uluka, aieneka, ileetatik tiraka, aurpegiari tira egiten, errezoka eta eresiak abesten. Batzuetan gizonak ere horrela aritzen ziren".

 

595.AZEAnabel.Ugalde.Mili.Lasturko2 (id: 3092840) 

"Imajinatu behar ditugu horrela gure Santxa eta beste arrasatearrak. XIV. mendeko ereserki hauek belaunaldiz belaunaldi transmititu zituen jendeak, eta guganaino iritsi dira".

 

Orduko "Elizak ez zuen gustuko emakumeak zaratatsu ibiltzea, horrelako zereginetan aritzea, eta ereserkiak debekatu zituen: Bizkaian 1526an, Nafarroan 1590ean,... Dena den, arrakasta gutxi izan zuten, XX. mendean ohitura hau bizirik jarraitzen baitzuen".

 

Emakumeak "kantu edota bertso hauetako protagonistak ere baziren". Abesteagatik emakume batzuk Gipuzkoan epaitu zituzten, "adibidez Antonia de Zabala eskoriatzarra, Eibarren kartzelaratua, ospe onekoak ei ziren pertsonen aurkako kantuak egiteagatik".

 

"Ohorearen aurkako" ustezko delitu hauen harira, idatzi ziren agiri judizialetan, eraldaketa bat izan zen: "1668an 'kantuak eta koplak' bezala definitu ziren, 1721ean 'koplak' bezala eta 1817an jada 'bertsoak' bezala".

 

Hala, XIX. mendera iritsi ziren, eta aditu "denak bat datoz: gaur egungo bertsolaritzaren jatorria ereserkiak dira". "Bertsogintzak XIX. mendean aldaketa bortitza izan zuen":

 

"Ordura arte bertsoak etxeko sukaldean, ganbaran,... abesten ziren, baina hemendik aurrera plazan, ferian, tabernan, sagardotegian,... abestuko dira". Gainera "bertsoak salerosteko produktu bihurtu ziren, baita ikuskizun publiko ere".

 

Anabel Ugaldek hitzaldian azpimarratu zuen Antonio Zabalak egindako "bilketa lan izugarria, beste inork ez du halakorik egin. Gizon honek uste zuen bertso-paperen jatorria Gabonetako bertsoak zirela".

 

Adibidez, Vicenta Mogelek Gabon-kanta dezente egin zituen XIX. mendearen hasieran. "Jende guztiak jakin bazekien berak eginak zirela, baina berak badaezpada ez zituen bere izen-abizenekin sinatzen".

 

Beste emakume batzuek, ordea, "bertso-paperak egin zituzten eta euren izen-abizenekin sinatzen zituzten, tartean Maria Antonia Soloaga".

 

Bertso hauek "itsuek saltzen eta irakasten zituzten, horregatik 'itsuen koplak' bezala ere ezagunak ziren. Fenomeno hau europarra izan zen, eta adibidez bretoien artean arrakasta handia izan zuten".

 

Lan hauetan esaterako "Jean Etxepare aritu zen", eta bere hainbat bertso "buruz ikasi ziren eta gaur egun arte iraun dute". Gipuzkoan ezagunagoa zen 'Segurako itsua', eta bien ala bien emazteek "ez al zuten ekarririk?".

 

595.AZEAnabel.Ugalde.Mili.Lasturko3 (id: 3140356) 

'Neska soldau'arena ere ezaguna dugu oraindik. Baina bertso-paper horiek bertsotzat har daitezke? Galdera honen inguruan "Xenpelar eta Iparragirrek ika-mika izan zuten, eta hortik dator Xenpelarrek egindako 'Iparragirre abila dela...' bertso parea".

 

XIX. mendean Lore Jokoak antolatu egin ziren, eta aditu batzuen hitzetan "egungo bertsolaritzaren arkeologia izan ziren, bertan finkatu baitziren egungo metrika, arauak,...".

 

Emakumeek ere Lore Jokoetan parte hartzen zuten "naturaltasunez, eta batzuetan lehiaketa hauek irabazi zituzten". Areago, "agoteen artean emakumeak bertsotan trebeak ei ziren".

 

Garai honetan "bertso-paperak saltzen ziren, hau da, bertsogintza profesionalizatu zen, baina emakumeek ez zuten jauzi hori eman. Baina etxeko lanak egitean bertsotan jarraitu zuten". Emakumeak XIX. mendean bertsolaritza publikotik "desagertzearen arrazoiak izan daitezke: 

  • Industrializazioa
  • Familia handien desagertzea
  • Euskararen gainbehera
  • Publikoaren eta pribatuaren arteko mugen aldaketa
  • Andre burges idealaren sendotzea
  • Eskolak erdarazkoak izatea 

Oikiar bertsolari batek Berrian salatu bezala, "nik ez nuen tabernetan gizonekin abesterik, bestela ospe txarra jarriko zidaten". Hala, "gezurra badirudi ere, mojak izan ziren bertsotan jarraitu zutenak. Baita baserri giroan ere".

 

"Baina XX. mendearen bukera arte ez zuten plazarako jauzia egin, bertso eskolei esker, eta horretan ere gure bailarak badu zeresanik, pozgarria da".

  

Euskal Herriko historian zehar "emakume inprobisatzaile, koplari, bertso paper egile,... ugari aritu dira".

 

Anabel Ugaldek hitzaldiaren amaieran, mahai gainean jarri zuen hitzaldiaren izenburuko galdera: "Santxa Ozaetako, Milia Lasturkoren eresiaren egilea, andre bertsolariak ote? Ala inprobisatzaileak soilik? Ala koplatan eta bertsotan egiten zuten? Zuena da hitza".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE