Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Gurasoek kudeatuko dute Maalako gune berritua

Ireki da Txikitxokoa, 0-6 urte arteko umeek gurasoekin gozatzeko

Testua, bideoa eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2018ko abenduak 4, asteartea
 
Bertako eguraldi euritsuaren ondorioz, guraso ugarik urteetan zehar Udalari haurrendako jolasleku estali bat eskatu izan diote.
 
Horrela, iaz Udalak 2018rako Aurrekontuen zati bat arrasatearrek zuzenean bozkatzea onartu zuen, eta proposamenik bozkatuena Txikitxoko bat egitea izan zen.
 
Horretarako, Udala lokal bat bilatzen aritu da, eta erabaki du Maalako Okendo jauregiko lokala baliatzea. Bertan egon ziren garaian Casa del Pueblo delakoa, Amuebladora Mondragonesa eta Okendo Kirolak denda, besteak beste.
 
Alabaina, Txikitxokoa zabaltzeko, Udalak obra batzuk egin behar izan ditu, adibidez irisgarritasun irizpideak betetzeko, atea berriak jartzeko, argiztapen presentziala jartzeko, komuna egokitzeko, hormetan babesgailuak jartzeko,... 
 
Lan hauetan Udaleko Obren Sailak eta Hirigintza Sailak ere parte hartu dute, eta guztira 21.845 euroko aurrekontua izan dute.
 
Udalak errentan hartu du lokala, izan ere, "Udalak oso zail dauka erostea lokal hain handi bat, zentrikoa, irisgarritasun baldintzak betetzen dituena, ondoan plaza bat duena, oinezkoendako kale batean,...".
 
Horregatik "kokapen hau behin-behinekoa da, eta Udalak asmo du Txikitxokoa etorkizunean Udalaren jabetzako lokal batean jartzea. Baliteke hori egitea kultura-taldeen egoitzak lekualdatu ostean".
 
Energia eta kostu ekonomikoa aurrezteko, lokal berrituaren argiztapena sensoreak ditu, eta klimatizazioa martxan dago lokala erabilgarri izatean.
 
Udalak lokala aukeratu ondoren, baina lokala ireki aurretik, Txikitxokoaren egitasmoa guraso elkarteen ordezkaritza batekin landu du. Horretan parte hartu dute Arizmendi Ikastolako aita-amek, Arrasate Herri Eskolakoek eta Gurasoen Asanbladak.
 
190 metro koadroko zabalera dauka, eta gehienezko aforoa 61 pertsonakoa da (haur eta heldu guztiak kontuan hartuta). "Ez da begiralerik egongo aforoa kontrolatzen, eta beraz gurasoak izango dira kopurua kontrolatu beharko dutenak".
 
Izan ere, "gurasoak izango dira gunea kudeatuko dutenak, eta horregatik eurak dira gakoa Txikitxokoaren funtzionamendua egokia izan dadin. Konpartitzeko espazio bat da".
 
Udaltzaingoa arduratuko da ateak zabaltzeaz eta ixteaz. Txikitxokoa egunero-egunero egongo da zabalik (igandeak eta jaiegunak barne) goizeko 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Ondorengo material ludikoa erabilgarri dago:
  • Indiar kanpin-denda bi (bi tipi)
  • Koltxonetak
  • Piklerrak (zurezko jostailuak: kulunkak adibidez)
  • ...
Oinarrizko altzairuak ere erabilgarri daude:
  • Mahaitxoak
  • Aulkitxoak
  • Behitxoak
  • Karrotxoak
  • Puff izeneko eserlekuak
  • ...
"Lokaleko elementu hauek herriko saltokietan erosi ditugu. Saltoki ezberdinei aurrekontua eskatu diegu, eta lau saltoki ingurutan erosi ditugu". Ekipamendua erostera 8.048 € bideratu ditu Udalak.
 
Udalak erabili barik zituen material batzuk ere baliatu ditu lokal berrituan erabil daitezen. Obrak ere kontuan hartuta, Udalak denera 29.893 € erabili ditu Txikitxokoa egiteko.
 
"Txiki-txokoa zabalik dago, eta aurtengo negurako prest dago. Familiek aukera dute etxetik margoak, koadernoak, jostailuak, ... hona ekartzeko eta bertan erabiltzeko".
 
Aipatzekoa da Udalak martxan dituela aspaldi 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako ludotekak, baina "ludoteketan gurasoak ez dira haurrekin jolasten egoten, Txikitxokoan ordea horretarako aukera dago".

Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE