Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Entseguei eta lagun giroari esker sariak lortu ditu

Goikobaluk 25 urte betetzen ditu publikoaren txaloak jasotzen [Bideoa]

> 1989tik FASE EZBERDINAK izan ditu: "in crescendo" batzuetan, "adagio" besteetan, "andante con moto",... > OSPATZEKO HIRU EKITALDI potente prestatu ditu: Santiago Compostelako katedralean kontzertua, Orfeoi Donostiarra Arrasatera ekarriko du eta Goikobalun parte hartutako lagun guztiekin “Carmina Burana” abestuko du Amaian.

590.Goikob.Jimmykinj.GOIKOBALU (id: 6837273)


Bideoak: Javier Antonio Fernandez eta Arteman / Goiko argazkia: Arrasate Press / Erdiko argazkiak: Goikobalu / Beheko argazkiak: Mondraberri / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2014ko apirilak 14, astelehena

 

Arrasaten XX. mendean zehar musikarekiko zaletasun handia izan zen: Arrasate Musikal, zarzuela emanaldiak, Danok abesbatza, Parrokiako Koroa, …

 

Azpimarratzekoa da Arrasate Musikaleko Orkestrarekin batera parte hatzen zuen abesbatza, Juanito Arzamendiren zuzendaritzapean. Alabaina koro hau desagertu zen, herrian hutsune bat utziz.

 

Hori betetzeko, Jesus Mari Arcek eta SUDCeko beste kide batzuk erabaki zuten sortzea, abesbatza mistoa. Herritar ugariri proposatu zieten bertan parte hartzea, eta SUCDek Pablo Urangan zeukan lokalera dei egin zieten.

 

Bertaratutakoei galdetu zieten ea ze iritzi zitzaien ideia hura eta ea parte hartzeko prest zeuden. 70-80 pertsona prest azaldu ziren. Udaletxean ere beste bilera egin zuten, betiere abesbatza sortzeko asmoz.

 

Lehen zuzendari izateko Ignacio Ruiz de Alegria “Jimmy” aukeratu zuten, hain zuzen, Eskoriatzako Gorosarri Abesbatzako zuzendaria zena.

 

Zenbait arrasatearrekin ahots probak egin zituzten, eta Jimmy zuzendariaren “disziplina gogorrarekin” lehen fruituak iritsi ziren. Goikobalu 1989ko udaberrian jaio zen. Hala azaldu digute Iñaki Maidagan, Joaquin Etxeberria, Mari Carmen Olalde, Gotzone Balanzategi, Juan Antonio Barriocanal “Barrio” eta Juan Jose del Vallek.

 

Lehen entsegua 1989ko maiatzaren 4an egin zuten, eta lehenbiziko kontzertua Ordizian eman zuten. Entzule gutxi izan ziren, “15 bat egongo ziren” gogoratu du Mari Carmen Olaldek, ordutik Goikobaluko partaide.

 

Entzule gutxi izan ziren, baina Juanito Arzamendi zuzendari arrasatearrak (Goikobalu entzutera joana zen Ordiziara) kontzertu ostean animoak eman zizkien abeslari hasiberriei.

 

Arrasateko lehen kontzertua 1989ko abenduaren 23an izan zen, San Juan Bautista parrokian, Arrasate Musikalekin batera, Juanjo Mena zuzendariarekin. Ilusio handia zegoen eta Goikobaluk 100 ahots baino gehiago elkartu zituen. “Dena azkar joan zen: hasiberriak izatetik orkestra batekin kontzertua ematera urte eskas batean”.

 

1992an Vivaldiren obrak lantzen hasi ziren, orkestra profesional batekin, solista profesionalekin,… “Hurrengo urteetan maila bateko obrak landu genituen”.

 

590.Goikob.Kolorez.GOIKOBALU (id: 7455828)

Hala ere, azpiegiturei dagokienez, “lokal hau [Zerrajerako erlojuaren eraikinekoa] utzi ziguten arte, egoera kaxkarretan egin behar izan genituen entseguak, besteek utzitako lokaletan: Abadetxean, Arrasate Musikalen, Ikastolan eta inoiz Mankomunitateak utzitako lokal batean… Hango leihoetako kristal batzuk apurtuta zeuden, eta kriston hotza egiten zuen, baina ilusio handia geneukan…” gogoratu du Juan Jose del Vallek.

 

Nazioarteko lehen bidaia 1991n ospatu egin zuten: Gales eta Ingalaterra. Bidaia hori gogoratzen duten bakoitzean, barrea ateratzen zaie:

 

“Gales eta Newcastle bidaiko gau bat apoteosiko izan zen: Aberri Egun bat zen, eta hiriko alkateak eta guzti harrera egin zigun. Gau hartan parranda handia egin zen, batzuek gaupasa egin zuten. Kontua da gaztelua egurrezkoa zenez, suteen aurkako detektore bat zeukala eta parrandan erretzen ari ginenez, alarma piztu zuten eta handik korrika batean atera behar izan ginen…”.

 

Edatekoa ona zegoen, bai, “baina hango janaria oso txarra zen, eta hara eraman genuen karapaixoak salbatu gintuen…” gogoratzen du Joaquin Etxeberriak. “Baita Goikobaluko Gurutze Uribarrenen ahizpak egin zizkigun tortilak ere”.

 

Argentinara egindako bidaian, ordea, “gutako bakoitza 6 kilo gizenago itzuli ginen… [barreak]”. Besteak beste, Iguazúko ur-jauzietara egindako bisita ere gogoan dute: “Hangoek esan ziguten ez zutela gogoratzen hainbesteko ur-emaririk”.

 

Hortaz gain, frantziar eta espainiar estatuetan zehar ere kontzertuak eskaini dituzte, adibidez Andaluziako birak.

 

590.Goikob.Sari.GOIKOBALU (id: 7501733)

 

Baina ez pentsa Goikobalukoek bidaiak bakarrik egiten dituztenik: Astero entseguak dituzte, kontzertuak baino lehen ahotsak berotu behar dituzte, …

 

Arrasaten izandako “indar musikal guztiak elkartu izan balira, baliteke gaur egun orfeoi bat, abesbatza handi bat izatea”. Bidenabar, “garai batean Donostiako orfeoiaren zuzendariak bere abeslariei ohartarazi zien piztu zitezela, arrasatearrak oso maila altua lortzen ari ginelako…”. Kritikak ere Goikobalu txalotu izan du:

  • Vivaldiren “Gloria”, German Torrellasen zuzendaritzarekin
  • Beethovenen “Bederatzigarren Sinfonia”, Kieveko Orkestra Sinfonikoarekin
  • Carl Orffen “Carmina Burana”, Errusiako Orkestra Sinfonikoarekin
  • “Requiem de Faure” eta “Te Deum”, Letoniako Orkestra Sinfonikoarekin

25 urte hauetan zuzendari artistikoak “Jimmy”, Eugenio Etxebeste (“Jimmy”k eszedentzia bat eskatu zuenean) eta Iñaki Maidagan 1996tik izan dira. Lehen sariak ere lortu dituzte:

  • Ejea de los Caballeros (Aragoi, 1991)
  • San Vicente de la Barquera (Kantabria, 1995)
  • Cieza (Murtzia, 1997)
  • Autol (Errioxa, 2000)
  • Rivas Vaciamadrid (Madril, 2006)

25 urte irautea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Juan Antonio Barriocanalek nabarmendu ditu 25 urte irauteko faktoreak. Adibidez, “futbolistei bezala, guri ere entseguak (entrenamenduak) egin ostean, gustatzen zaigu kontzertuak ematea (partidua jokatzea). Horrek ematen dio jarraikortasuna Goikobaluri, neurri batean.Hori argi ikusten da: kontzertu baten aurreko entseguetan jende gehiagok parte hartzen du, beste entseguetan baino”.

 

Nabarmendu du ere Iñaki Maidagan zuzendariak jarraikortasuna eman diola, nahiz eta Iñaki Maidaganek apaltasunez hori ukatu. “Pazientzia handia dauka, beste dohain batzuen artean”.

 

590.Goikob.Emak.Txok.GOIKOBALU (id: 7621753)

Hortaz gain, lehendakari ohiak azpimarratu du abesbatzako lagun giroa: “Gure artean daukagun elkarbizitza ona da, lagun talde bat gara, txapela kentzeko moduko taldea”.
Baina aurrera egiteko ere, beharrezkoa izan da partaideek bere gain hartzea lehendakari, idazkari, diruzain edota bokal karguak. “Hasieran inork ez zuen nahi ardurarik hartzea, eta horregatik junta batean erabaki zen partaide guztiek txandaka kargu horiek betetzea. Horrela guztiek ezagutzen dituzte ardurak. Dena den, lokal honetara etorri ginenetik boluntarioak aurkeztu dira eta karguak bete dituzte”.

 

Une gogorrenetako bat Oiartzungo kontzertu bat izan zen: 19 lagun bakarrik elkartu ziren. “Erabaki genuen zirt edo zart egitea: Goikobalurekin jarraitzea edo bertan behera uztea. Aurrera jarraitzea erabaki genuen”.

 

Gaur egun guztira 60 gizon-emakumek osatzen dute abesbatza, eta kontzertuetan 45 inguruk parte hartzen dute. Ondokoak dira urteroko zita garrantzitsu batzuk:

  • Udaberriko Musikaldia
  • Zezilia Deuneko kontzertua
  • Urte Zaharreko kontzertua Arrasate Musikalekin

25. urteurrena ospatzeko, Juan Antonio Barriocanalek iragarri du 25 urteak ospatzeko Goikobaluk hiru ekitaldi potente prestatu ditu:

  • Compostelako Santiagoko katedralean kontzertua
  • Orfeoi Donostiarraren kontzertua Amaian
  • Goikobaluko parte izan diren lagun guztiak elkartu eta “Carmina Burana” abestea

Compostelako kontzertuari dagokionez, adierazi behar da Goikobaluk 2009an ekin ziola Santiago-Bideari.

 

Maiatzaren 1ean Arrasatetik abiatuko dira, gauerdiko 00:00etan, eta gauez egingo dute bidaia. Compostelara heldu baino 5 kilometro lehenago, nahi dutenak autobusetik jaitsiko dira eta Monte del Gozo-tik oinez hirira jaitsiko dira.Obradoiroko plaza ezagunean elkartuko dira, eta egun hori baliatuko dute atseden hartzeko edota turismoa egiteko.

 

590.Goikob.Andaluzi.Gorro.GOIKOBALU (id: 7656855)

 

Biharamunean, maiatzaren 2an, eguerdiko 12:00etan izango da kontzertua: Erromesaren Meza abestuko dute. Meza ostean, eta katedralean ere, Goikobaluk kontzertua emango du. Ondoren bazkaldu eta arratsaldea libre. Maiatzaren 3an gura dutenek Rias Baixas ingurura txangoa egingo dute. Maiatzaren 4ko goizean (10:00ak inguruan) bueltako bidaia hasiko dute, eta Villafranca del Bierzon bazkalduko dute.
Beste ekitaldia Orfeoi Donostiarraren emanaldia izango da, irailaren 20an, Amaia Udal Antzokian. Kontzertuagatik ez du ezer kobratuko, Aldundiarekin hitzarmen bat sinatua baitu. Ordaindu beharko zaie bidaia, luncha edota afaria.

 

Kontuan hartu behar da orfeoiak 100 abeslari baino gehiago dituela, eta beraz, gastuei aurre egiteko, Aldundiari, Udalari eta orfeoiari baimena eskatu zaie, kontzertuagatik sarrera eskatzeko. Baietz erantzun dute, eta sarreraren prezioa 15-20 euro ingurukoa izan daiteke. Baliteke Goikobaluk orfeoiarekin abesti pare bat abestea. Afaria Txalaparta sozietatean egitekoa da.

 

590.Goikob.2014.Ordezkariak (id: 8017760)

Azaroan, Goikobalu ahaleginduko da abesbatza honetan kantatu duten lagun guztiak elkartzea, eta guztiek “Carmina Burana” pieza abestea. Amaian egingo litzateke eta ondoren lagunarteko afaria ospatuko lukete.

 

Hortaz gain, beste egitasmo bat da, aurten Goikobaluk abestea Arrasateko auzo guztietan, bai urbanoetan, baita baserri-auzoetan ere. Orain arte emanaldi hauek zehaztu dituzte:

 

Musakolako San Isidrotan abestuko du, Bedoñan ekainean eta San Andresko Feriaren harira azaroaren 30ean Arimazubiko elizan.

 

590.Goikob.Orain1 (id: 7698576)

 

590.Goikob.Orain2 (id: 7729048)

Etorkizunari begira, Goikobaluk baditu abesbatza gazteagoak. 1994an Goikobalu Txiki sortu zuen, eta bere lehen zuzendaria Anuska Ezkurra izan zen. Hiru urte geroago Rakel Murgiondok lekukoa hartu zion, eta ekimen horren fruitua Goikobalu Gazte izan zen. Egun umeentzako eta gazteentzako proposamenak izaten jarraitzen du.

 

“Ikastetxeetara eta Unibertsitatera joan gaitezke abeslari berrien bila. Horretarako egia esan ez gara asko mugitu, egunkarien bitartez egin nahi izan diegu gazteei dei”.

 

Zentzu honetan, ondokoa azaltzen du Iñaki Maidagan zuzendari artistikoak: “Goikobalun parte hartzeko ez da beharrezkoa abesten jakitea. Zu abesbatza batean sartzerakoan, ahalmena eta ezagutzak badaukazu, hobeto. Baina jendeak pentsatu behar du, berak abestu gura badu, abesten ikasiko duela. Horretarako lantzen dugu teknika bokala, horretarako egiten dira entseguak,… Gu laguntzeko gaude, eta koro herrikoia gara, ez talde itxi bat”.

 

25 urte hauetatik azpimarratzen dituzte “egindako lagunak, baita 25 urteren ostean bertan jarraitzea ere,… Gauza guztietan bezala, gorabeherak izan dira, baina hemen jarraitzen dugu”. 

 

Beraz, Goikobaluk kantari jarraituko du, lagunartean, hango eta hemengo txokoak musikarekin entzuleak girotuz eta alaituz.

 

Zorionak Goikobalu!

 

 


Goikobalu Facebooken


Erlazionatutako albistea:

Goikobaluk indartsu bete ditu 20 urte
2009ko martxoaren 18an publikatutako albistea


20. urteurreneko CD-DVDaren aurkezpena


 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE