Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Loturak ''zuzenagoak lirateke Zarugalde kaletik''

Arrasate Aurrerak proposatu du Erguin-Gorostizarako bestelako mugikortasun bat

Herritarren hautagaitzak bisita gidatua egin zuen zapatuan Uribarriko auzune hauetan. Udalak aurkeztutako igogailuen proiektua "erabat desegokia" bezala definitu du, eta bestelako mugikortasun bat planteatu du.

595.Udal-Hauteskundeak19.Usaetxen.ARRASATE-AURRERA (id: 6286178)


Argazkia: Arrasate Aurrera / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 14, asteartea

 

Aurreko larunbatean Arrasate Aurrerak, Udal-hauteskundeetarako osatu den herritarren hautagaitzak, ekitaldi bat burutu zuen Gorostiza, Usaetxe eta Erguinen.


Ekitaldiak helburu izan zituen "bertako bizilagunen beharrak ezagutzea eta ahal bada denon artean konponbidea egokia lortzea", Ramon Ugaldek azaldu bezala.


Izan ere, "Udalak auzo horietarako proposatzen duen mugikortasun planak ez die inondik inora bertako bizilagunen beharrei erantzuten":


Uribarri etorbidetik Anboto kaleraino Udalak aurreikusi duen igogailu sistema "erabat desegokia da", ez du ia ezer konektatzen, ez du ezertan laguntzen auzokideen mugikortasun benetako beharrak arintzen".


Ramon Ugalde alkategaiak azaldu duenez, "ardatz tangentziala da, ez du auzoen eta herrigunearen arteko lotura errazten. Are gehiago Udalaren proposamen honek ez ditu betetzen Udalak berak ezarritako baldintzak proiektua erredaktatzean".


Baldintza baten arabera "igogailu sistema kokatuko da leku egokienean ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik, paisaia eta ingurumen ikuspuntua ere hoberena izan beharko da".


Arrasate Aurrerarentzat igogailuena "proiektu bidegabe" bat da, eta gogoratu du Udalak, proiektua gauzatzen joateko, 48.400 euro erabili dituela.


"Arrasate Aurrerak eta zona honetako bizilagun askok espero dugu datozen hauteskundeetatik aterako den Udalbatzak proiektu hau atzera botatzea eta pausoz pauso mugikortasun plan egokiagoa gauzatzen joatea".


Horren ordez Arrasate Aurrerak proposatzen du "mugikortasun sistemaren abiapuntua Zarugalde-Kalealdean kokatzea eta irisgarritasun neurriak leku gehiagotara iristea".
Konkretuki, bertako hainbat bizilagunekin hitz egin ondoren, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko "uste dugu konponbide egokiena ondokoa izan zitekeela":

  • Ranpa edo igoigailu sistema bat ezartzea Larrea Plazatik Usaetxe Plazara, eta beste igogailu bat Usaetxe Plazatik Jubilatuen tabernako espaloiraino. "Horrela asko arinduko lirateke Erguin eta Jauregibarria kaleetaraino iristeko aldatzak".
  • Beste igogailu bat Kalealdeatik, Gernika Ibilbideraino eta Larragain kaleraino, Olarango Etxeetaraino (Malbinak) eta Erguin herri ikastetxerainoko irisgarritasuna errazteko.
  • Bidexka bat egokitu Gernika ibilbidetik Anboto kalearen pareraino, tarte horri aldapa kentzeko.
  • Eskailera mekaniko edo ranpa sistema bat egokitu Maitena kaletik Larragain kaleraino, "kokapen zehatza denon artean adostu beharko litzateke".

Mugikortasun plan hau gauzatuko balitz, "inguruan bizi diren 3.000 bizilagunek irisgarritasun erosoagoa izango lukete oinarrizko zerbitzu askotara: farmaziak, autozerbitzuak, okindegiak, bankuak, mota askotako dendak, tabernak …".


Auzo horien arteko loturak eta herri guneekiko loturak "zuzenagoak izango lirateke Zarugalde kaletik Uribarri etorbidetik baino". Oro har "gure asmoa herria trinkotzea da, ibilgailuekiko menpekotasuna gutxitzea, auzoetako bizi kalitatea hobetzea eta Arrasate funtzionalagoa egitea eta uste dugu neurri hauek bide egokian doazela".


Arrasate Aurrerako ordezkariek jaso dutenez, "hiri autobusaren tarifa garestiegia dela diote hainbat bizilagunek".


Planteatu den beste proposamen bat Malbinetako frontoia estaltzea izan da, "auzoari, ikastetxeari, kirol klubei eta arrasatear guztiei kirola edo beste aktibitateak praktikatzeko aukerak eskainiz".


Zapatuko ibilaldi komentatura "hainbat bizilagun hurbildu zaizkigu euren ikuspuntua eskaintzeko eta guztion artean diagnostiko polita egin dugula iruditzen zaigu", baloratu du Ramon Ugaldek.


Arrasate Aurrerak agertu du holako ekimenak auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa, "herrigintza eta udalgintza egiteko modu interesgarria eta aberasgarria delako".

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE