Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

PINTAKETAK ETA GARBITASUNA ARRASATEN

Kepa Ibaberen iritzi-artikulua.

595.Pintaketak3.KEPA.IBABE (id: 6083338)


Testua eta argazkiak: Kepa Ibabe / 2018ko urtarrilak 17, asteazkena

Atzo (astearte) eguerdian Mondraberrin irakurri nuen Udalak berriro bidali duela ohar bat, oso hitz gogorrekin Arrasaten azken egunetan egin dituzten margoketak gaitzesten. Oker ez banago, euskal presoen ingurukoak izango lirateke aipatutakoak, oraingoan.

Hain zuzen ere, pintaketa politikoak aipatzen dira testuan, eta horiek omen dira Arrasateko ondare historikoa balioan jartzeko eta turismoa erakartzeko Udala egiten ari den ahalegin itzela “ezerezean” uzten dutenak. Tira ba, ni Erroma, Marsella, Atenas eta Kolonbia aldean ibili naiz azken hamar urteotan, eta iruditu zait horietan, orokorrean, Arrasaten baino kartel, pankarta eta pintada politiko gehiago ikusi ditudala. Eta zer nahi duzue ba esatea... ez dut uste horregatik inguru horiek turistarik gabe geratzeko beldur direnik. Ez da ba izango, Arrasaten agintzen dutenek ez dituztela gustuko mezu politiko zehatz batzuk, eta ezinikusi hori turismorik gabeko kataklismo baten beldurra zabalduz estaltzen dutela?

 

 

595.Pintaketak2.KEPA.IBABE (id: 6143262)

 

Bestalde, Arrasateren garbitasuna aipatzen da. Dirudienez, pintaketa politikoek asko zikintzen dute gure herria, baina bestelakoek ez horrenbeste. Hara, atzo (astearte) eguerdian lanera joan ginen lagun bat eta biok Uharkapetik Alde Zaharrera, eta honekin bidaltzen ditudan irudiak dira bidean ikusi genituenak. Batzuk urteetan egon dira hormetan... eta, kasualitatez edo, ez dira ezabatzen. Zer gertatzen da, politikoak ez direnez, ez dute zikintzen ezer? Ez dute gure herriaren balio historiko eta estetiko txundigarria kaltetzen? Ah, eta horietako asko Alde Zaharrean bertan daude, baina ez duenez jartzen “Altsasukoak askatu”, hor geratzen dira.

Dirua ere aipatzen da: 85.000 euro bi urtetan hormetatik pintaketak eta kartelak kentzen gastatuak. Asko da ala ez da hainbeste, segun eta zerekin konparatzen dugun. Asko da nire soldatarekin konparatuz gero, ez da hainbeste Udalaren azken aurrekontuarekin konparatuz gero (32.247.058 euro). Hiruko Erregela erraz batekin, esan daiteke urtero aurrekontuaren %0'13 bideratu dela hormen garbiketa politikora, gutxi gora-behera. Itxuraz, herriak ez du kiebra joko, oraindik diruaren %99'87 geratzen da turismoa bultzatzeko eta! Interesgarria izango litzateke ikustea, ostera, Arrasateko biztanleen zergetatik zenbat doazen, adibidez, AHTren zuloak estaltzera urtetik urtera... hor bai hartuko genukeela sustoa, baina diru hori EAJko koinatu eta lagunen poltsikora doanez, ez dago arazorik.

 

595.Pintaketak1.KEPA.IBABE (id: 6173177)

Enfin, nik neuk zalantza izpirik gabe diot: mila bider nahiago ditut mezu politikoak dauzkaten mezuak agertzea nire etxeko edo lantokiko hormetan, Udalekoek ezabatzen ez dituzten “Fede paga la coca”, “Puta”, “Buag”, “JuanP Te Quiero”, “Ramones-The Ruders”... eta bestelako zentzugabekeriak baino. Behintzat, pintaketa politikoek eta kartelek gure inguruko arazo publikoen berri ematen dute eta horiek konpondu gabe daudela gogorarazten digute; hau da, behintzat motibazio moral eta politiko bat daukate. Bai, ideala litzateke pintaketarik ez egotea, baina idealagoa izango litzateke horiek egiteko arrazoirik ez balute herriko gazteek. Margoketen atzean daudena kausa horiek ez dituzte gaitzesten, baina, EAJ-PSE zuzen eta garbiek. Horiek ez dute turismoa uxatzen, ematen duenez. Eta zabor pilaketek ere ez. Eta txakur kakek ere ez.

Bukatzeko, esan nahi nuke nik ere  Alde Zahar inguruko negozio batean lan egiten dudala, eta noizbehinka egin dizkigutela margoketa politiko batzuk fatxadan, edo kartelak agertu zazkigula; katalunia dela eta edo presoak direla eta, uste dut; baina ez zaizkit iruditu ez gure enpresaren aurkako erasoak ezta gure lanari inola kalte egin ahal dioten idatziak. Aldarrikapen politikoak iruditu zaizkit eta kitto, arazo politiko latz batzuen inguruan egindakoak. Agertu bezala kendu zituzten eta listo. Beraz, ez dezatela hitz egin Udalekoek Alde Zaharreko langile eta biztanleen izenean, guztiok ez gara eta iritzi berekoak gai honen inguruan. Ez gara gutxi kartelek, pankartek, muralek... zikindu baino aberastu egiten dutela uste dugunak.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE