Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Merkataritza, ostalaritza, industria, 1. sektorean

EH Bilduk bertako ekonomia indartzeko neurriak aurkeztu ditu

Koalizioak jakitera eman duenez, "ostalariak, merkatariak, enpresariak,... arduratuta daude Udalarek beraiekin sinergiak ez dituelako behar bezala egiten". Maider Morrasek planteatu ditu mahai amankomun bat sortzea, kirolaren eta kulturaren inguruko turismoa garatzea, azokaren egitasmoa garatzea, lanpostu duinak sortzea,...

595.Udal-Hautesk.19.EHBildu.Ekonomia (id: 7291753)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 15, asteazkena

 

Hauteskunde-kanpainak aurrera darrai, eta Euskal Herria Bilduk gaur eguerdian Portaloian azaldu du "gure herriaren bizipozerako eta biziberritzeko programa".

 

Ekitaldian Maider Morras alkategaiarekin batera bi zerrendakide izan dira: Igor Uribesalgo enpresaria eta Joseba Ezpeleta udal-teknikari eta ordezkari sindikala.


Salatu duenez "azken 4 urteetan ez da ezer egin gure ostalaritza, merkataritza eta herriko beste dinamikak sustatzeko".


Ostalaritza eta merkataritzari dagokienean, hainbat neurri planteatu ditu Maider Morras alkategaiak:


Baieztatu du Udalak merkataritza eta ostalaritzarekin diagnosi bat egitearen beharra, "ekonomia lokala nola biziberritu zehazteko".


Horretarako, "Arrasaten kontsumitzeko kultura sustatu behar da eta sinergiak bilatu ostalaritzaren eta merkataritzaren artean, ez soilik alde zaharrean, baita auzoetan ere".


Hartara, EH Bilduk proposatu du Udalak merkataritza eta ostalaritzarekin mahai amankomun bat sortzea, eta "mahai hau jarraikortasunez batuko" litzateke.


Koalizioak hirugarren sektoreari dagokion beste proposamen bat egin du: Alde zaharreko PERaren, lehengo PERIaren, Alde Zaharra Oneratzeko Plana delakoaren, "baldintza urbanistikoak malgutzea" proposatu du, "ostalari eta merkatariekin batera, ez bakoitza bere aldetik".


Jakitera eman duenez alor honetan "ez da komunikaziorik izan" azken 4 urteetan, hau da, "ez da PERa landu". Goian aipatutako mahaiak arazo hori saihestuko luke.


"Enpresa, denda, ostalarientzat... onura fiskalak" ere proposatu ditu koalizioak. Merkataritzaren eta Ostalaritzaren inguruko Plan Estrategikoa egin da legealdi honetan, baina "kajoian sartu zen eta ez da ezer egin".


"Gure apustua da Plan Estrategikoa abiatzea, argitu ahal izatea zergatik hainbat denda itxi diren, belaunaldien arteko transmisioa nola egin,...".

 

Tamaina handiagoko merkataritza zentroen inguruan galdetuta, EH Bilduko alkategaiak onartu du horiek Arrasaten jartzea edo ez "Udalaren esku ez dagoela, baina ikusi behar da nola uztartu era ezberdinetako komertzioak".


Zentzu horretan "herritarrak herrian kontsumitzearen garrantziaz kontzientziatuta egon behar du. Horretan politikariok eredu izan behar dugu, eta bertan erosi".

 


Turismoari dagokionez, bi ildo jorratu gura ditu EH Bilduk: alde batetik Turismoaren inguruko plan bat egin "transbertsalki, kulturarekin eta kirolarekin erlazionatuz".


Izan ere, "ikusi dugu hemen mugimendu handia dagoela kirolaren inguruan, eta batez ere BTTaren inguruan". Kirolen inguruko turismoak "gure herriaren balioak azalaratu behar" lituzke.


Bestalde, "aztertu behar dugu zein bideragarritasun izan dezaketen Lezetxikiren balizko interpretazio zentro batek eta balizko industria museo batek".

 


Industriari dagokionez, Udalak "kooperatibekin eta enpresekin daukagun sinergiak gehiago landu eta indartu behar dira". Alde horretatik, Arrasatearrekin etorkizuna giltza programa garatzea proposatu du.

 


Enplegua sustatzeko, alde batetik "ostalaritza eta merkataritza uztartu nahi ditugu, lanpostu duinak sortzeko eta batez ere kolektibo ahulenei begira: epe luzeko langabetuei, gazteei, emakumeei, ezgaitasunak dituzte pertsonei,...".


Langabetuendako formazioaren garrantzia azpimarratu du, baita "langabeek herriko ostalaritzan eta merkataritzan lan egiteko motibazioa sustatzea" ere.


Gainera, Udalak emango dituen lanpostuek "kalitatezkoak eta duinak izan behar dute. Azpikontratariko zerbitzuetatik zein publikotu daitezkeen zehaztu beharra dago".


Lanpostu horiek "berdintasuna irizpidetzat izan behar dute. Ezin liteke garbitasun zerbitzurako 13 pertsona azpikontratatu, eta horietatik 5 soilik emakumeak izatea. Hori gertatu zen Udalaren azaroko kontratazioetan".


"Hori onartezina da kontuan hartuta emakumeok lanpostu bat lortzeko ditugun zailtasunak. Udalak azpikontrataturiko 13 pertsonetatik 7 emakumeak behar lukete".

 

Lehen sektorea ere kontuan hartu du EH Bilduk, eta diagnosi baten beharra aipatu du. Horretan, azokaren biziberritzearen garrantzia nabarmendu du:


"Azokarako proiektu bikain bat egin genuen,  ehunka pertsonak parte hartu zuten prozesuan, baina oraingo Udal-gobernuak (eurek ere prozesuan parte hartu zuten arren) kajoira sartu zuten".


Merkatua "hiltzen joan da, baina gu azoka biziberritzeko konprometitzen gara. Herri honek, besteek bezala, azoka bat behar du".


Maider Morras alkategaiak adierazi du koalizioak bilerak egin dituela ostalariekin, merkatariekin eta enpresariekin, eta "jakitera eman digute arduratuta daudela, Udalak beraiekin sinergiak ez dituelako behar bezala egiten".


Izan ere, "komunikaziorik ez da izan, hau da, azken 4 urteetan Udalak ez die ostalariei, merkatariei eta enpresariei aditu. Udalak eragileekin egunero elkarlanean aritu behar du".


Gehitu duenez, koalizioaren "lantaldea horretarako diseinatu da, enpresei, ostalaritzari eta merkataritzari bultzada emateko, lanpostuak sortzeko, bai erdialdean bai auzoetan".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE