Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Jolasa, harremana, giro hezitzailea eta gogoeta oinarri

Desoreka klubak 180 laguni judo irakasten die pedagogia berritzaileaz

Arrasaten, Aretxabaletan eta orain Oñatin ere irakasten du klubak. Berrikuntzetako bat da neskatila-mutikoek klasean ikasitakoa eta irakasleen planifikazioa gurutzatzen direla, horrela hurrengo saioa egokiagoa izan dadin. Klubak eskatzen ditu "tatami egokiak eta klaseetarako espazio zabalagoa".
595.Erakustaldia2.DESOREKA (id: 5879972)

Argazkiak: Desoreka kluba / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2018ko urriak 11, osteguna
 
Egitasmo hau 2012an hasi zen, Aretxabaletan 5 umerekin. Sorreratik Arrasateko klub bat zen eta 2014an Arrasaten eskolak ematen hasi ziren. Urterik urte ikasle kopurua handituz joan da, eta iaz 180 kide inguruk osatu zuten Desoreka Arrasate eta Aretxabaletan. Desorekan izena emateko epea zabalik dago urtean zehar, bai Arrasaten, baita Aretxabaletan ere, eta Oñatin ere taldea sortu berri dute. 
 
"Herriak harrera ona egin dio proiektuari, Desorekaren kirol-proposamenek ikuspuntu hezitzailea daukalako izan liteke hau. Markel Urrutia, Desorekako arduradun teknikoa da eta egitasmo honen aita kontzeptuala. Anje Isasi- Isasmendi, Kattalin Linazisoro eta Irati Martinezekin batera dihardu proiektu honetan lanean. Horretarako "beharrezkoa izan da talde teknikoaren sentsibilizazio maila handia izatea, bai kirolarekiko baita hezkuntzarekiko ere". Izan ere, bertako irakasleek 2012tik formakuntza jasotzen dute, eta egungo talde teknikoko partaide guztiak Hezkuntzan graduatuak dira".
 
595.Erakustaldia5.DESOREKA (id: 5908367) 
Horrez gain, "literatura zientifikoa sortzen dugu, eta gure webgunean kontsultatu daiteke gradu amaierako lana, Judoa eta Hezkuntza uztartzen dituen 100 orrialdeko lan mardula, bibliografia eta-guzti", diosku Markel Urrutiak. Alde horretan "uste dugu jakintza ez dela sortzen, baizik eta denon eskura dagoen zerbait dela, herriaren onurarako. Desoreka erakunde pribatu bat da, funtzio publikoa daukana, komunitate batentzat lan egiten dugula sinesten baitugu".
 
Irizpide hezitzaileekin "unitate didaktikoak egin dira, eskoletan judoa ezagutzera eman dugu, kalean aritzea oso gustuko dugu,... herriak ikus dezan zer lan egiten dugun, horrela estereotipoak apurtuz".
 
595.Erakustaldia3.DESOREKA (id: 5939235) 
Adibidez, genero ikuspegia, lehiakortasuna, giza harremanak, emozioak,... kontuan hartzen dituzte, eta "curriculum ezkutua aintzat hartzen da egunerokotasunean ".  Horretarako, "irakasleak ikasleei ez die gai horien inguruko aipamenik egiten, baina bere jarrerarekin eta jokabidearekin irakasten die, hausnarketari toki handia emanez".
 
Beraz, "judoa instrumentalizatzen dugu gai horiek neska-mutilekin lantzeko". Haurrek gogoeta egin dezaten, Desorekak baliabide digitalak sortu ditu eta "haurrak konektatzen dira zerbitzari batera, eta 4. mailatik gorako haurrek, ikasitakoaz hausnartzen dute, guk emandako galdera batzuei erantzunez".
 
595.Erakustaldia7.DESOREKA (id: 5976701) 
Horrela irakasleek "ikasleen bizipenak ezagutzen ditugu, beraien ekarpenak egiten dituzte, eta lau galderari erantzuten diete: zer ikasi dut, nola hobetu dezaket, zein ekintza zehatz egingo dut hobekuntza hori gauzatzeko eta zein teknika dut gustukoen".
 
Erantzunaren arabera, "ikasleari konektatzen den hurrengo saioan bideo bat proposatzen zaio, eta gure feed-backa ere jaso dezake. Aplikazio hori uztartzen da guk egindako planifikazioarekin. Egitasmoak zehazten du saioaren helburua zein den, adibidez, desplazamendua lantzea. Horri batzen zaio eurek saio horretan ikasi dutenari, eta sistemak esaten digu ea biek bat egiten duten. Horrela ez bada, sistemak eskaintzen dizkigu datuez baliatuta hurrengo saioa nola planifikatu behar dugun moldatzen da. 'Ikerkuntza-ekintza' dinamika aplikatzen dugu, eta era zientifikoan lantzen dugu".
 
595.Erakustaldia.DESOREKA (id: 6007188) 
Ildo honetan, Desorekaren aurtengo beste helburuetako bat da "gradu amaierako lan hori liburu formatuan gazteleraz argitaratzea. Euskaraz honezkero argitaratua dugu, eta erdaratu behar izan dugu. Euskararekiko militantziagatik egin genuen, honetan erreferente baikara. Zabalkunde handiagoa emateko, erdaraz ere argitaratuko dugu Espainiara eta atzerrira begira".
 
Judoko saioak tradizionalki diseinatu dira ikaslea "makina bat izango balitz bezala: beroketa, atal zehatza landu eta lasaitasunera itzuli. Baina pertsonok emozioak ere baditugu, eta hauek harremanetan islatzen dira". Gai honekin jarraituz, motrizitatea jorratzen dute "pertsonaren lau esparruak kontuan hartuta: adimena, motrizitatea, emozioak eta harremanak edo gizarteratzea. Judoa hori guztiori lantzeko tresna bat da". Ikasleen adinaren arabera, Desorekak kontuan hartzen du "haurraren garapen psiko-ebolutiboa. Hala, 4 eta 6 urte bitarteko haurrak estadio aurre-operazionalean daude, eta 7tik 12ra operazio zehatzen estadioan".
 
595.Erakustaldia6.DESOREKA (id: 6045310) 
 
Bestalde, lehiaketa "ez da gure helburu nagusia, heztea baizik, baina zentzu horretan fase guztiak gainditu dituzten haurrek ere lehiatzea komeni da, betiere lehiaketa beste ikuspuntu batetik ikusita".
 
Egun, Desorekan, Hezkuntzan graduatutako bi hezitzailek dihardute eta beste bi hezitzaile-laguntzailek (gure bi ikasle). "Dena ondo bidean, biek aurten gerriko beltza lortuko dute, eta horrela Desorekaren lehen fasea osatuko litzateke: bospasei urterekin hasi ziren gurekin ikasten, eta egun 15 urte inguru dituztenean, gerriko beltza lortzea dute helburu".
 
595.Erakustaldia4.DESOREKA (id: 6079707) 
Desorekak adierazi du Udalarekin elkarlan bat duela iaztik, esklusio arriskuan dauden pertsonekin lan egiteko. Horrela, "irakasleok prest gaude talde bakoitzeko ikasleen %10arekin boluntario gisa lan egiteko. Modu honetara, gizartetik jasotzen duguna gizarteari itzuli gura diogu. Judoak denon ongizatea bilatzen du eta". "Ulertzen dugu Udalaren baliabideak mugatuak direla, baina Desorekak izandako bilakaera ikusirik, eta Herriari zerbitzu bat ematen diola aintzat hartuz, Desorekak beste baliabide batzuk izan beharko lituzkeela uste dugu espazioari dagokionean". Antoñako "tatamiak ez dira egokiak, ez dute nahikoa irrist egiten, ez baitira Judoa praktikatzeko tatami homologatuak, eta horrek handitzen du lesio larriak jasateko arriskua. Tatamiak aldatzeko eskaera ere egin dugu, baina oraindik konponbide baten zain gaude kirolariok.
 
Gainera "tatamiaren erdia beste klub batekin partekatu behar izaten dugu, eta tatami honetan 22 heldu aritzen gara. Espazio urritasun honek ez digu gure jarduna egiteko aukerarik ematen, arriskua handitzen baita denok pilatuta egotean". Musakola kiroldegia berritzeko, Udala plan estrategiko bat lantzen dabil, eta "gu oso aktibo aritu gara bertan eskaerak egiten, proiektu bat ere aurkeztu genuen,... baina aurtengo ordutegia zabalagoa izan ordez, murriztu egin digute”. Leku gehiago lortzeko eta nolabait klubaren egoera nolabait hobetzeko Desorekak Udalari eskatu dio tatami bat instalazio publikoren batean jarri ahal izatea. Ez da konponbiderik onena baina irtenbide bat jarri behar zaio nahiz eta irtenbide tenporala izan. 
 
Desorekak herritarrak animatu gura ditu judoa probatzera. "Egitasmo irekia da eta parte-hartzailea, gurasoek ere urteko batzarrean parte har baitezakete, baita Zuzendaritzan ere. Erabaki garrantzitsuenak denon artean hartzen ditugu". 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE