Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Julen Barrutia, lehen taldeko entrenatzaile berria:

"Errugbi dinamikoagoa egiten ahaleginduko gara 2019/2020an"

Arrasatear honek 25 urte ditu eta horietatik 20 inguru errugbia jokatzen daramatza. 5 urte daramatza harrobia entrenatzen, eta klubak eskaini dio lehen taldea zuzentzea. Erronkak ilusioa eragiten dio.

392.JULEN.BARRUTIA (id: 6295681)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: Julen Barrutia Roa / 2019ko uztailak 11, osteguna

 

Igor Barrutia Roak erronka berriari heldu dio ilusioz: "Motibatzen naute nire orain arteko jokalariak lehen taldean entrenatzea, baita nire orain arteko taldekideak entrenatzea ere".

 

- Nolakoa izan da entrenatzaile aukeratua izateko prozesua?

 

- Orain direla 5 urte harrobia entrenatzen hasi nintzen, eta horietako azken 2 urteak 18 urtez azpiko taldea entrenatu dut. Hortaz gain, entrenatzaile tituluak lortuak ditut, eta jokalari bezala esperientzia luzea daukat:


25 urte ditut eta horietatik 20 inguru errugbian jokatzen daramatzat. Klubak oraintsu eskaini zidan lehen taldeko entrenatzaile postua, Igor Isasi ordezkatzeko, eta beste aukera bat izan dudan arren, baietz erantzun nion.


- Zein beste eskaintza izan duzu?


- Klub batek 18 urtez azpiko bere taldea entrenatzea eskaini dit, baita eskola-kirolean jardutea ere. Baina nik sentitzen nuen Arrasate Rugby Taldearekin jarraitu egin behar nuela, eta bertako proiektuari heldu diot.


Aurrerago seguruenik izango ditut beste aukera batzuk kanpora irteteko. Hemen geratzeko beste arrazoi bat izan da denboraldi berrian ARTko 18 urtez azpiko hainbat jokalari, eurek entrenatzen 4 urte eman ditudanak, orain arteko nire jokalari batzuk lehen taldera igoko direla. Horrek ere motibatzen nau.


- Harrobiari jarraipena ematea garrantzitsua da ezta?


- Bai, 18 urtez azpiko batzuk kanpora ikastera joango dira, baina beste askok igoko dira 2019/2020an edo datozen beste denboraldietan. Ilusioa egiten dit eurekin lan egiteak eta gozatzeak.


Gainera, lehen taldeko beste jokalariak, orain arte lehen taldeak aritutakoak, eurekin jokatu nuen ekipoan. Gainera, nire orain arteko taldekideak entrenatzeak ere motibatzen nau. Errugbian oso garrantzitsua da, ikasten joateaz gain, kirolaz gozatzea. Taldean gustura izatea gauza handia da.


- Zelakoak dira 2019/2020an lehen taldera igoko diren jokalariak?

 

- Nik euren egoeratik igaro dut, eta jakin badakit kontaktuzko kirol bat denez, pixka bat urduri daudela. Izan ere, orain arte adin bereko edo antzeko jokalarien aurka neurtu dituzte indarrak, bai 16 urtez azpiko mailan, baita 18 urtez azpikoan ere. Baina seniorretan ezberdina da:


Adin handiagoko jokalarien aurka neurtu behar dituzu indarrak, partiduetan kontaktu fisikoa handiagoa da,... Baina, nik euren progresioa ikusi dut, asko hobetu dute eta jokalari oso onak dira. Gainera, gogotsu daude eta hori garrantzitsuena da.


Hortaz gain, pesak egiten badituzte, fisikoki zaintzen badira, errugbiaz dakitena aplikatzen badute,... urrun ailegatzeko aukerak izango dituzte.


- Noiz hasiko duzue denboraldiaurrea?


- Uztailean jokalariek pesak euren kaxara egiten dituzte, nik bidalitako planifikazioan oinarrituta. Gainera, astean behin edo birritan elkartzen gara eta 'tokata' bat egiten dugu, hau da, jokatzen dugu elkarrekiko kontaktu barik.


Ariketa horiek egiten ditugu, besteak beste, jokalariek udako jaietan edandako garagardakoak izerdiaren bitartez kanporatzeko.


- Zer-nolako jokoa nahi duzu zure taldearentzat?

 

- Nik errugbi dinamikoa gustuko dut, kontaktuzkoa baina oso azkarra. Orain arte errugbi motelagoa jokatu da, baina 2018/2019an 18 urtez azpiko mutilek joko azkarra egin dute. Estilo arriskutsuagoa da, baina bere abantailak ere baditu, eta hori aplikatzen ahaleginduko naiz.


Orain arte lehen taldea kontaktuan oso indartsua izan da, baina baloia mugitzen pixka bat motela. Horregatik, kontaktu horretan oinarrituta, errugbi dinamikoagoa egiten ahaleginduko gara. Joko osatuagoa egiteko.


- Joko estilo hori gero eta nabarmenagoa da errugbian ezta?

 

- Bai, horrek jokalariari exijitzen dio fisikoki hobeto egotea, eta harrobiko jokalariak sasoiko datoz. Entrenamenduetan landuko dugu eta uste dut azkenean lortuko dugula.

 

- Igor Isasiren sistemarekin alderatuta, aldaketarik egitea aurreikusten duzu?

 

- Entrenatzaile bakoitzak bere gustuak ditu, eta Igorren sistemako nire ustez positiboak diren gauzak mantentzen ahaleginduko gara. Igorren sistemaren abantailei gehituko diegu joko dinamikoago bat, eta horretan lehen taldera igoko diren jokalariek ekarpen handia egin dezakete.
Izan ere, jokalari azkarrak dira eta eskura oso ondo jokatzen dute.


Igorrek adibidez oso ondo lantzen zituen fase estatikoak eta dominatzen jakitea, eta azken urteetan garaipen ugari horri esker lortu ditugu. Hankako jokoa hobetzen ere saiatuko gara, talde lehiakor batekin lehen mailara itzultzeko.


- Hori da 2019/2020rako helburua?

 

- Denboraldiaurrean bilera bat egingo dugu, eta nire ustez errugbiaz gozatu eta ikasi behar dugu, baina hortaz gain, errendimenduari dagokionean, helburua da liga irabaztea eta lehen mailara itzultzea.


- Zerbait gehitu nahiko zenuke?

 

- Bai, Zuzendaritzari eskerrak ematen dizkiot, batez ere Igor Isasiri, aukera hau emateagatik. Igorri ere eskertzen diot hainbeste gauza erakusteagatik. Baita jokalariei ere, eta ea datorren denboraldian errugbiaz gozatzen dugun eta ea gauzak ondo irteten diren.

 

 

ARTren webgunera

joateko klikatu hemen

 

Erlazionatutako elkarrizketa:

"11 urte hauetan ahalegindu naiz errugbiaz dakidana jokalariei erakusten"
2019ko maiatzaren 31n argitaratutako elkarrizketa 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE