Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
EAJ-PNV eta PSEk mozioa aurkeztu dute

Pankarta kentzea eztabaidagai izan da Osoko Bilkuran

Bideoak eta testua: Gontzal Landa Herbias / 2018ko uztailak 11, asteazkena


Ziklo berrian, bi preso politikoren argazki bana zituen pankarta kendu zuen EAJ-PNVko zinegotzi batek, Ibon Arrupek, Sanjoanetan herriko plazatik.


Horrek sumina eragin zien herritar ugariri, baita ondorengo egunetan Udal-gobernuko ordezkari batzuek hedabide batzuetan egindako adierazpenek ere.


Ondorioz, hainbat herritarrek eta Txosna Batzordeko ordezkariek atzoko plenoan euren ezinegona azaldu nahi izan zuten. Besteak beste, hala aritu ziren Maider Morras, herritar gisa, eta Josu Zugasti 'Xusti' Txosna Batzordearen izenean [interbentzioak beheko bideoetan].


Udal-gobernuko kideek ere, EAJ-PNV eta PSEk, mozio bat aurkeztu zuten atzoko udalbatzarrera, 'Bizikidetzaren aldeko mozioa' izenarekin.


Dokumentu horrek dio Herriko plaza "elkarbizitzarako gunea dela, are gehiago jai egunetan", eta Udalak iragarri duenez, "politizatu gabeko jaien alde lan egingo duela".


Gehitzen duenez, "herrian badaude pankarta guneak adierazpen librerako", eta horiek baliatzen dituzte "egunero arazo sozial ezberdinei bide emateko berauek erabiltzen dituzten eragile, talde zein norbanakoek".


Udalak "irmoki salatzen ditu edozein aitzakiaz baliatuta modu bortitz batean pertsona baten aurkako kanpaina, eraso zuzenak eta gezurrak". [EAJ-PNVren interbentzioa beheko bideoan].


Mozioan ere, EAJ-PNV eta PSEk adierazten dute "errespetua eta egia" direla "bizikidetzaren aldeko ukaezinezko printzipioak".


EH Bilduren izenean, Eneko Barberenak, salatu zuen "gerra zibiletik bederen" "indarkeriazko ekintza ugari ezagutu dituela gure herriak". Hori izan daiteke "elkarbizitzari ematen diogun garrantziaren motibo nagusiena".

 

Alabaina, "beldur gara elkarbizitza berbaren atzean ez ote nahi den kontsentsuaren kultura deitu izan zaion hori ezkutatu nahi".


Koalizioak galdetu du ea "elkarbizitza den, botorea aprobetxatuz, gustuko ez duguna kentzea?". Politika berbaren esanahia gogora ekarri du, Euskaltzaindiaren hiztegia aipatuta:


"Estatu edo nazioak gobernatzeko antzea eta praktika; herri arazoen multzoa, eta herritarrek horretan duten esku hartzea". Alde horretatik, "jai egitaraua prestatzea bera ekintza zinez politikoa da".


Ibon Arrupe zinegotziak 'Diario Vasco'n "herriko plazaren dominazioaz" hitz egin zuen, eta EH Bilduk atzo aurpegiratu zion "herriko plaza Serenguettia balitz" aurkeztea, "ehiza lekuengatik, lehoien arteko borroken leku" bezala.


Zinegotzi baten "beroaldi hutsa izan balitz, ulertuko genuke, baina ondorengo kanpainak ildo bat erakusten du, eta ez da zinegotzi baten kontua izan".


Eneko Barberenak galdetu du ea "euskaraldiaren aldeko, eraso sexisten aurkako edota etxez etxeko langileen pankarta bat kenduko zenukete herriko plazatik?".


Jakitera eman duenez, "Udaltzaingoak atestatuetan adierazi zuen egun hori [ekainaren 23a] ez zela egun aproposa pankartak kentzeko. Iritzi hauek komeni denean soilik aintzat hartzen dira?".


Koalizioak azaldutakoaren arabera, "ondorengo kanpainan bertsio bakarra eta bertsio ofiziala azaldu zen. Guk jaiak amaitu arte isilik izan ginen, baina guri leporatzen diguzue jaiak politizatu nahi izatea".


Eneko Barberenak jakitera eman zuenez, "Arrupe jaunak tabernari, dendari edota elkarteetako herritarrei euren ideologiaz galdetu eta aurpegiratu die". Berriro eskatu du "Udaltzaingoa alderdikerietarako ez erabitzea".


EH Bilduk adierazi zuen "guk ez dugu fokoa zinegotzi bakar batean jartzen, EAJ osoan baizik, ataraldiari eman dion babesagatik, hitz ederrez jantzirik". "Ibilbide tristea izan da".


PSEko Óscar Garcíak adierazi zuen "mozioaz hitz egitera mugatuko naizela". Gehitu zuenez, "jaiak ez dira politika egiteko unerik aproposena", izan ere, "askori ez zaigu politika egiten utzi, ez zaigu toki batzuetan sartzen utzi Arrasaten".


Bere hitzetan "mozioak soilik errespetua eskatzen du, nik ez ditut jokabideak baloratzen, baina pertsona bati [Arrupe zinegotziari] sare sozialetan jarraipena egiteari, iraintzeari,... aurre egingo dio, beti".

 

EAJ-PNVren eta PSEren hitzek hainbat herritarren haserrea piztu zuten, eta alkateak erabaki zuen udalbatzarra bertan behera uztea. Hala ere, oraindik plenoak beste puntu bat jorratu behar zuenez, atsedenaldi bat egin zen. Atsedenaren ostean, mozioa bozkatu zen, eta ondorengoa izan zen emaitza:

  • Aldeko botoak: EAJ-PNV + PSE (11 boto)
  • Aurkako botoak: EH Bildu + Baleike + Irabazi (10 boto)

Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE