Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
''1986an Paco Carreterok bertan klaseak ematen hasi zen''

Saioa Karate Taldeak 30 urte egin ditu sasoitsu

595.Saioa.1988.Sanan.IÑAKI-MUÑOZ (id: 9487267)


Argazkiak: Iñaki Muñoz Pérez, Saioa Karate Taldea eta GLH / Bideoak eta testua: Gontzal Landa Herbias / 2018ko otsailak 13, asteartea 

 

 

1982 inguruan Francisco 'Paco' Carretero Musakola kiroldegian karate klaseak ematen hasi zen.

 

Bigarren mailako DANa zen, eta eskolak 4 urtetan zehar eman zituen kiroldegiko 'tatamia'n.

 

1986 inguruan erabaki zuen bere ibilbideari ekitea, eta Saioa gimnasioan klaseak ematen hasi zen, Kontzezino kaleko galerietan.

 

Taldearen estatutuen arabera, Saioa Karate Taldea 1987ko maiatzean sortu zuten, eta lehenbiziko lehendakaria Paco Carretero izan zen.

 

Pertsona askoren artean karatearekiko interesa handitzea lortu zuten, batez ere belaunaldi gazteenen artean, baina baita helduen artean ere.

 

Izenak dioen bezala, "Saioa Karate Club y deportes asociados" klubaren oinarria karatea zen baina squashak eta aerobicak ere tokia zuten.


Bertan abiatu ziren Debagoieneko lehen squash eta aerobic jarduerak, federatzeko eta lehiatzeko zabalik. Saioako lehen Zuzendaritza Batzordea osatu zuten:

  • Francisco Carretero, lehendakaria
  • Eugenio Uribarren, idazkaria
  • Hermenegildo 'Pitillas' diruzaina
  • Angel Carretero, Iñaki Muñoz eta Odilo Vázquez bokalak 

Iñakik 14 urtez klubean jardun zuen, lehenengo laurak bokal gisa eta beste hamarrak lehendakari bezala. 

 

Izan ere, Saioa Gimnasioa zuzentzeko eta kudeatzeko ardura 1992an hartu zuen. Era berean, klubeko lehendakari izendatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen 2002. urtera arte.

 

595.Saioa.1995.Kiroldegian.IÑAKI-MUÑOZ (id: 9739711) 

1992an klubak 25 lizentzia zituen, eta horietatik gerriko beltz bat zegoen, 3. mailako DANa (Paco Carretero).

 

Denbora tarte hartan "taldea handitzen ikusi nuen, kirolariak pertsona bezala garatzen ikusi nituen, baita pertsonak kirolari gisa ere".

500 kirolari baino gehiago pasatu ziren Saioako "tatami"tik, adin ezberdinetakoak, Arrasatekoak edota Debagoienekoak:


Benjamin txikietatik hasita 60 urte baino gehiagoko kirolarietara, Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Bergara eta Eskoriatzakoak. Iñaki Muñoz zuzendari, taldeak 5 helburu zituen:

  • Kluba sustatzea, programatzea eta zuzentzea, Debagoiena osoan ezagutzera emateko
  • Lehiaketetarako talde lehiakorrak sortzea, hainbat kategoriatan
  • Klubaren kalitatea hobetzea irakaskuntzari zegokionez eta kirolari zegokionean
  • Jarduerak abiatzen aitzindariak izatea
  • Kluba Euskadiko karate klub onenetakoa egitea

"Helburuak lortu egin ziren guztion borondateari eta esfortzuari esker, besteak beste" baloratu du.

 

Bide hartako klubaren mugarri nagusietako batzuk azaldu dizkigu, eta "barkamena eskatzen dut izen, egoera edo kirolari batzuk ahazten baditut".


Gerriko beltza lortzen Iñaki Muñozen lehen ikaslea Odilo Vázquez izan zen, 1992. urtean hain zuzen.


Infantil mailako gerriko beltza lortu zuten Iñaki Muñozen lehen ikasleak Erik Martín eta Isigor Ugarte izan ziren, urtebete geroago.


Infantil mailako gerriko beltza lortu zuen Iñaki Muñozen lehen neska Laida Ramos izan zen, 1995ean. 1998an estatutuak aldatu ziren eta Saioa karate Taldea izendatu zuten.


3. DAN maila lortu zuten lehen ikasleak Luís Alberto Muñoz eta Odilo Vázquez izan ziren, 2000 urtean. Orokorrean, 10 urtetan Saioak ondoko lorpenak egin zituen:

  • 1. DAN mailako 12 gerriko beltz
  • 2. DAN mailako 2 gerriko beltz
  • 3. DAN mailako 2 gerriko beltz

Azpimarratzekoa da ere klubak Euskadiko Kadete-Junior txapelketak antolatu zituela 1995 eta 1997an.


'Stage' bat ere antolatu zuen, Aloña Mendi klubarekin batera (bertan ere klaseak ematen zituzten Arrasatekoek), José Manuel Egea mundu mailan lautan Kumite txapelduna ekarriz, bai 1994an baita 1996an ere.

 

595.Saioan.2002.IÑAKI-MUÑOZ (id: 151900) 

Saioak urtero erakustaldietan eta kausa ezberdinen aldeko ekitaldietan parte hartu zuen Arrasaten, Oñatin eta Eskoriatzan.


Isidor Ugarte eta Erik Martínek 1993an Euskadi mailako txapelketa irabazi zuten, biek ala biek jubenil mailan eta pisu ezberdinetan.


Gainera, hurrengo urtean Isidor Espainiako Kadete Txapelketaraino iritsi zen 1994an, Saioako lehenbizikoa.


"Gogoan dut Isidorri tokatu zitzaiola Ivan Leal jaunarekin borrokatzea, hau da, handik urte batzuetara Kumiteko mundu mailako lehiakide onenetako batekin".


1995ean Erikek Espainiako Kadete Txapelketan domina lortu zuen, eta brontzezko domina izan zen Saioak estatu mailan lortutako lehena.


Erik bera izan zen euskal kumitean Joam Blume beka lortzen lehena (egun ADO bekaren parekoa).


1996an Saioako junior taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen eta Euskadiko hirugarren postua, denboraldi berean.

 

Talde horretako partaideak ziren Erik Martín, Isidor Ugarte, Unai Valor, Iker Vitoria, Jonatan Salazar eta Iker Zabarte.


Saioako lehen senior taldea Gipuzkoako txapelketa lortzen 1997koa izan zen. Euskadiko hirugarren postua ere lortu zuen. Ondoko lagunek osatzen zuten talde arrakastatsua:

  • Odilo Vázquez (UDAren Karateko egungo zuzendaria)
  • Luis A. Muñoz (Giartzu Karate Taldearen egungo zuzendaria)
  • Iker Vitoria
  • Angel Carretero

Klubeko lehen kadete taldea Gipuzkoako txapelketa lortzen, eta Euskadiko txapeldunordeak izaten. Besteak beste, ondoko lagunek osatzen zuten beste talde arrakastatsua:

  • Carlos Sánchez (Saioa Karate Taldeko egungo zuzendari)
  • Jon Rodríguez (Saioa Karate Taldeko egungo zuzendari)
  • Iban Galan
  • Julen Zabarte
  • Goizeder Caballero

1992tik 2002ra aipatzeko moduko beste lorpen batzuk ere izan ziren, Europa mailan ere lehiatuz, eta Iñakik ere aipatzen ditu:

  • Patricia Morales
  • Amaia Uribarren
  • Zahara Galán
  • Jorge Sánchez
  • Eneko Kortabarria
  • Daniel Barbero

"DO lortzeko (japonieran "bidea" esan nahi du) euren esfortzuarekin, sakrifizioarekin, erregulartasunarekin eta dedikazioarekin Saioa kluba garrantzitsu egin zuten arte-martzialen euskal panoraman".


Goian aipatutako guztiek, "baita beste ehunka pertsonak ere klub honen parte izan ziren, maila handiagoan edo txikiagoan".

 

Ildo horretan, gogoan izan ditu ere orduko pertsona batzuk "honezkero gurekin ez daudenak (hilik daude)".

 

Hala ere, bizirik jarraitzen dutenekin topatzean "solastu egiten dugu, eta horrek pentsarazten dit zerbait ondo egin genuela", baloratu du Iñakik.


Iñakik bere ikasleei irakatsitako gauzetako bat da "pertsonen 'kirol-bizitza' karatean mugatua ez dela. Hori azaldu nien txikiak zirenetik eta horretan jarraitzen dut: Karatea ez da jolasten, karatea egiten da".

 

595.Haurrak.Irakasleekin.2018.SAIOA.KARATE.TALDEA (id: 9181710)

 

Orduko ikasle batzuek orain Saioa Karate Taldea zuzentzen dute, Carlos Sánchez eta Jon Rodríguez hain zuzen.


"Kluba egun sasoiko dago baina noski askoz hobea izan liteke - azaldu berri digute - baina denboraldiaren hasiera gorabeheratsua izan da".


Izan ere, Saioa gimnasioa udan itxi zenez "lehenengo San Andresko gimnasio berrian jarraitu genuen klaseak ematen baina handik gutxira hona, Musakolara etorri ginen".


Klubaren oraingo helburuetako bat da "haurren klasea handitzea, izan ere, lehen 15 ikaslek ziharduten eta orain 6-7 dihardute".

 

Kirol eskolarrean, hau da, 15 urteko adinera arte, guztira 25-26 neskatila-mutikok dihardute Saioan. Hortaz gain, 24 heldu trebatzen dira, eta guztira 50 lagun inguruk osatzen dute Saioa familia.


Kluba gidatzen hiru irakasle ari dira: Haurren irakaslea Eneko Ruiz da, gaztetxoen irakaslea Carlos Sánchez eta helduen irakaslea Jon Rodíguez.


Bertan, kirol-karatea (gorakada izan duena, olinpiarra izango baita) eta karate tradizionala lantzen dituzte. "Ahalegintzen gara ahalik eta eskaintza zabalena eskaintzen".

 

Alde honetatik "jende bat prestatzen ari da Espainiako kirol-karateko txapelketan parte hartzeko, eta beste jende bat Espainiako karate tradizionaleko lehiaketen parte hartzeko". "Maila ona dago klubean".

 

595.Saioa.2018.Helduak.Karate.Entrenatzen2 (id: 669415) 

Azpimarratzekoa da irakasleak "gazteagoak izatean txapelketak irabazi genituela".
"Euskadiko selekzioan parte hartu genuen, entrenamendu guztietara joaten ginen, eta orduko maila oso altua zen, estatu mailan altuenetarikoa".


Izan ere, egungo irakasleek "Euskadiko txapelketetan lehen, bigarren, hirugarren,... postuak lortu genituen 10 urtetan zehar".


Carlosek lehiatzen jarraitzen du "irakasteko ere positibo ikusten dudalako; lehengo lehiatzeko era eta egungoa erabat ezberdinak dira: Lehen astokiloenak irabazteko aukera asko zituen, orain argiena, azkarrena, abilena,... izatea askoz garrantzitsuagoa da". 

 

Etorkizunari begira, klubak aurrera egiteko lanean dabiltza: "Bertan inbertitzen dugu, hobetu eta eboluzionatu nahi dugu, pertsona gehiagori irakatsi,... ahal bada (lehen bezala) 70-80 ikasle entrenatzeko".


"Kopurua garrantzitsua da hobe delako jende askorekin entrenatzea bakar batekin baino: gehiago ikasten da eta ondorioz maila igotzen da".


Alde honetatik "Espainiako txapeldun bat daukagu eta lehiaketetan parte hartzen dihardugu".

 

595.Saioa.2018.Helduak.Karate (id: 789905) 

Saioa Karate Taldeak herritarrei dei egin gura die "karatea proba dezaten, karatea biolentoa dela esaten da baina ez da halakoa".


Adina ere ez da muga arte-martzial hau praktikatzeko: "4 urtetik 62 urte bitarteko ikasleak ditugu gurean. Karatea pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen da".


"Gu hemen gaude jendeak gozatu dezan, eta gustuko dugu karatea irakastea".
Izena emateko 

 

4 eta 8 urte arteko neskatila-mutikoendako klaseak 17:15etik 18:15era dira astearteetan eta ostegunetan. 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilendako klaseak astearteetan eta ostegunetan izaten dira 18:15etik 19:15era. Azkenik, helduen klaseak 20:15etik 21:30era astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan dira.


Saioa Karate Kluba orain Ziorlan du egoitza, lehen Ziga-gym zegoen lokalean, martxotik Club Deportivo Esparta Arena.


"Txapelketetan parte hartzea ez da beharrezkoa, baina gura duten ikasleek, entrenamenduez gain, lehiaketetan parte hartu dezakete. Jendea karatea probatzera animatu dadila!". Zorionak Saioa Karate Taldea!


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE