Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

Asko borrokatutako garaipena eskuratu du Kanpanzar Arrasatek

Isei Barbero / 2017ko martxoak 25, zapatua

 

300 (id: 3225233)Asko borrokatuta eta izerdi dezente botata, baita eguraldi kaxkarrari aurre eginez; horrela lortu dute garaipena zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Igor Isasiren mutilek Uribealdea  izan dute bisitari Mojategin eta, uste baino zailtasun gehiagorekin, baina berriro ere nagusitu dira, oraingo honetan 22-3ko emaitzarekin.  Sarrailagileek garaipenak bata bestearen atzetik poltsikoratzen jarraitzen dute aurtengo denboraldian eta, igoera fase erdia jokatu denean, sendo eusten diote lidergoari, 1. Mailarako txartela gero eta gertuago dutela.

 

Hotza eta euria izan dira nagusi Mojategin, dena den, hori ez da aitzakia izan Isasiren mutilentzat.  Bi taldeak kontzentratuta zelairatu dira, garaipena erdiesteko helburuarekin.  Testuinguru honetan, hasierako minutuetan parekotasuna izan da nagusi, eta lehen zatiko ordu laurdena bete arte etxeko taldeak ez du markagailua hautsi.  Epaileak Kanpanzar Arrasateren aldeko zigor kolpea adierazi du, eta zuri-moreek zutoinen artera botatzea erabaki dute.  Arizaletak ez du hutsik egin eta, modu honetan, 3-0ekoa igo da markagailura.

 

Sarrailagileek aurrea hartu badute ere, Uribealdea ez da kikildu, eta hasierako minutuetako sendotasun eta intentsitateari eutsi dio.  Isasiren mutilak ez ziren eroso jokatzen ari, baina bisitariek irabazitako mele batean Arizaletak berak baloia lapurtu, eta ezker hegaletik korrikaldia eginda arratsaldeko lehen entsegua lortu du.  Zoritxarrez, jaurtitzaile arrasatearrak ez du asmatu ondorengo transformazioan eta, honenbestez, sarrailagileak 8-0eko abantailarekin konformatu behar izan dira.

 

Entseguarekin batera Kanpanzar Arrasate suspertu egin da, eta Uribealdea bere zelaian sarrarazi du.  Modu horretan iritsi da etxekoen bigarren tantoa, oraingo honetan Dolararen eskuetatik.  Arizaletak ez du hutsik egin transformazioan, eta sarrailagileek 15-0ekoa jarri dute markagailuan.  Bazirudien atsedenaldira emaitza horrekin joan zirela, baina lehen zatiaren azken unean epaileak Uribealdearen aldeko zigor kolpea adierazi du, eta bizkaitarrek ez dute barkatu baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Honenbestez, 15-3koarekin hartu dute bi taldeek aldageletarako bidea.

 

Bigarren zatian norgehiagokak bide beretik jarraitu du, eta berriro ere indarrak oso parekatuta egon dira.  Parekotasun hori Azkarragak baino ez du hautsi, sarrailagileentzako hirugarren entsegua lortu baitu.  Arizaleta berriro ere eraginkor aritu da baloi kolpatzen eta, modu honetan, amaierako 22-3koa jarri du markagailuan, Kanpanzar Arrasaterentzat denboraldiko 15. garaipena bermatuz.  Sarrailagileek lidergoan jarraitzen dute, eta beste hiru “final” baino ez zaizkie geratzen 1. Mailarako ibilbide honetan.

 

 

Infantilen garaipena

 

Seniorrek bezala, 16 urtez azpikoek ere garaipena erdietsi dute zapatu honetan.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Gernikari egin dio bisita eta, bigarren faseko estreinaldiko jardunaldiaren baitan, 12-29ko emaitzarekin nagusitu dira.  Gauzak horrela, arrasatearrek ezin hobeto ekin diote denboraldiaren bigarren zatiari, non bederatzi eta hamabigarren postuen arteko sailkapena egongo da jokoan.

 

 

 


ASTEBURUKO PARTIDUAK


 

SENIORRAK

Kanpanzar ART 22–3 Uribealdea

 

INFANTILAK

Gernika 12-29 Kanpanzar ART


Galeria de fotos
KANPANZAR ART 22-3 URIBEALDEA

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE