Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Boxeoa Arrasaten

Jaime Carabias Arroyo: "Jipoi handia jaso nuelako hasi nintzen boxeoan"

 (id: 2899271)Testua: Marijo Simon. Argazkiak: MJ eta Jaime Carabias. AZEk eskaneatutako argazkiak. 2019ko otsailak 7, osteguna.


Jaime Carabias Arroyo (1948) Valdecarrosen, Salamancan jaio zen, eta gaztetan Euskal Herrira etorri zen lan egitera.  Carabiasek Zerrajeran lan egin zuen, eta bertan lanean zegoela boxeoaren munduan sartu zen. 1969an Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Iturripen.


Noiz hasi zinen boxean?


1969ko apirilaren 3an.


Lehendik gustukoa zenuen boxeoan aritzea? Nola hasi zinen?


Egia esanda ez nuen zaletasun handirik, baina egun batean, lanetik irteten, Cerrajeran lan egiten nuen zure aitaginarrebarekin, ezagun batek, Antonio Rico, esan zidan “ez daukat inor  nirekin boxeoan aritzeko, etorri nirekin gimnasiora eta erakutsiko dizut”. Jipoi handia eman zidan, eta nire buruari agindu nion mendekua hartuko nuela. Eta horregatik hasi nintzen boxeoan.


15 egun neramatzanean  gimnasioan entrenatzaileak galdetu zidan “Prest al zaude? Nahi duzu Donostiara joan? Eta nik erantzun nion “Nola joango naiz Donostiara, 15 egunetan soilik entrenatu dut, eta ez dakit 3 round jasango ditudan. Eta berak erantzun zidan baietz.


Donostiara joan ginen, Trinidadeko plazara. Arrasatetik 4 joan ginen: Roman, Renato, Rico eta laurok. Denek galdu zuten, nik izan ezik.


3 astetara errebantxa jokatu genuen, eta Romanekin Donostian borrokatua zuena, nirekin lehiatu zen. Ekitaldia San Viatorko patioan egin zen. Nik berriro irabazi nuen. Ostean, Zestoara, Aretxabaletara eta Zaldibarrera joan ginen, eta beste behin Aretxabaletara. Azken honetan, pasadizo kurioso bat gertatu zitzaidan. Oraindik prentsako albistea gordeta daukat. Rafa Fernandez idatzitakoa. Gipuzkoako selekzioarekin ere aritu nintzen Mutrikun.


Aretxabaletan Martinezen aurka lehiatu nuen. Benancio Martinez amateur mailan Espainiako txapelduna hirutan izan zen, eta jipoi handia eman zidan. Lehenengo bi roundetan bere esperientzia nabarmena izan zen, bera 100dik gora borrokaldi lehiatuak zituen, eta nik 12 edo 13 soilik.


Entrenatzaileak esaten zidan “toalla bota egingo dut”. Eta nik esaten nion ez botatzeko, bestela koska egingo niola. Hirugarren roundean, zorionekoa izan nintzen, eta belauniko jartzea lortu nuen, baina ez zen lurrera erori. 15 segundo bukaerarako falta zirenean, epaileak kanpaia jo zuen.


Beti amateur moduan boxeatu zenuen?


Azkenengoa profesional berri moduan egin nuen 6 roundenera. Egun berezia izan zen, San Kristobal eguna, gidarien patroia eta soldadutza egin nuen lekuarena, Ceuta.  1971ko uztailaren 10an lehiatu nuen nire azken borroka ofizialki.


Zein mailatan aritu zinen?


Welter pisuan, orduan 64 eta 67,5 kilo arteko mailan. Urteekin mailak eta pisuak ere aldatu dira.

 

Boxeoaren munduan jarraitu zenuen?


Bai, entrenatzaile txartela lortu nuen, eta urte batzuetan entrenatzen egon nintzen Arrasaten. Hala ere, jendea gutxika uzten joan zen, eta boxeoa herrian desagertu zen. Pena bat izan zen gauza handiak lortu genituelako. Diru-ekarpenekin Espainiako ring onena erosi genuen. Holakorik ez  zegoen Madrilego Kirol Jauregian ere.


Zer gertatu zen berarekin? Beyena enpresan jarri genuen, orain Aranzabaleko etxeak dauden lekuan. Esne enpresa bat zen, eta Aranzabalek lokala utzi zigun entrenatzeko. Ura goiko aldean zegoen, eta ez zegoen berogailurik. Ur hotzarekin dutxatzen ginen, eta neguan, askotan gora igo behar genuen izotza apurtzera.

 

 (id: 3143537)Orduan Arrasaten boxeo-ekitaldi ugari antolatzen ziren, zaletasun handia zegoen. Zure iritzian, zergatik desagertu zen?


Zehazki ez dakit, orokorrean boxeoa utzi genuen. Nire kasuan familiarengatik. Emazteak gaizki pasatzen zuen, baita nire gurasoek ere. Salamancako batek, nire herrira eramaten zituen kartelak kaleratu orduko, eta tabernetan jartzen zituen. Orduan aitak ikusten zituen.


Aita askotan etortzen zen ni ikustera, Gipuzkoako txapelketa lehiatu nuenean, Gipuzkoako selekzioarekin egon nintzenean Mutrikun,… baina nik ez nuen ikusten. Etortzekoa zela ez zidan esaten, borroka ikusten zuen eta Salamancara bueltatzen zen. Handik hainbat urtera, bere bidaien berri eman zidan.


Nolanahi ere, boxeoa kirol nobleena da. Behin Zarralde izeneko batekin lehiatzea tokatu zitzaidan San Viatorren. Zarraldek Romani Donostian irabazia zion. Borrokan sudurra eta bi saihets apurtu nizkion. Ostean, Lagunilla tabernara joan ginen bokadilo bat jatera, eta bertan gugana hurbildu zen, eta besarkada bat eta eskerrak eman zizkidan. Zergatia galdetu nionean, bere erantzuna honakoa izan zen, “honekin boxeoari agur esan diodalako”.


Jende asko uste du boxeoa kirol bortitza dela?


Boxeoa ez da holakoa. Futbolean adibidez, %90ean mina egitera doana nahita egiten du. Boxeoan berriz, garbi borrokatzen dute aurkariek. Ni egunero jarraitzen dut boxeoa, batez ere, ETBn eskaintzen dituzten borrokak. Ez ditut gustuko GolTV-en eskaintzen dituzten borroka mistoak. Horretan denak balio du, ez dute boxeoak duen noblezia. Borroka bukatu ondoren oso arraroa da aurkariek elkar agurtzea.


Irunen Zubiriaren aurka aritu nintzen, hau ere Arrasaten ibilitakoa, eta familia bertan dauka. Irurzun frontoia izan zen borroka, eta bero izugarria egiten zuen. Gainera jende guztia erretzen,…  Borroka bukatu zenean, Zubiriak oso kantsatuta bukatu zuen, eta esan zidan, “Carabias, niregatik munduko txapelduna izan nahi baduzu, nik ez zaitut berriz izorratuko”. Hau askori gertatu zitzaien: borroka kopuru polita egin ondoren, boxeoa utzi zuten.


Zenbat borroketan parte hartu zenuen?


Hemen 27 borrokatan, baina Ceutan soldaduska egiten, hainbat lekuetan borrokatu nuen: Cadizen, Sevillan, Ecijan, Chipionan, Malagan,…. Beti kuarteleko jendearekin joaten nintzen, normalean bi, Bengoa abizeneko bilbotar bat eta biok. Teniente-koronela agindu zigun 5 borroka irabazten bagenituen, hilabeteko baimena emango zigula. Nik 7 borroka irabazi nituen eta Bengoak 5, eta agindutakoa bete zuen. Borrokatzen genuenean, hurrengo egunean beti etortzen zen gugatik galdetzera.


Zenbat borroka irabazi zenituen?


Azkenean 26 borraka irabazi nituen, azkena Martinezen aurka.


 (id: 2968310)Zein da zure oroitzapen onena?


Onena, ez dudana inoiz ahaztuko, Iturripen Gipuzkoako txapelketa irabazi nuenean izan zen. Martinez de Ubago dentista, txapeldunaren banda jartzen zidan bitartean, negarrez ari zen. Hori da daukadan oroitzapen politena 1969. urtean Welter pisuko Gipuzkoako txapelketa irabazi nuenean.

 

Benetan hunkigarria da, gizon bat, mediku bat, orduan medikuak oso garrantzitsuak ziren, horrela negarrez ikustea, asko hunkitu ninduen.


Zenbat boxeolari zineten Arrasaten?


Arrasaten 20 lagun ginen, Kimets tabernan orduko argazki bat dago. Kasualitatez argazki horretan ez naiz agertzen.


Anekdota ugari bizi izan ditut. Zestoan adibidez Arrasateko lagun batekin borrokatu nuen. Mozorekin borrokatu behar zuena ez zen agertu. Ni borroka ikustera joan nintzen, eta pilotariek egiten duten moduan arropa kotxean neraman. Orduan entrenatzailea nirekin hitz egitera etorri zen, eta esan zidan borroka lehiatu egin behar nuela. Lizarazu (Mozo) eta biok borrokatzeko asmorik ez genuen, eta lehenengo roundaren bukaeran epaileak kargu hartu zigun.  Esan zigun "borrokatzen ez baduzue poltsa kenduko dizuet".  Lizarazuri esan nion borrokan hasteko, dirua jokoan zegoelako.  Zorte txarra izan nuen, eta lehenengo kolpea eztarrian eman nion, eta Mozok mihia irentsi zuen.


 (id: 3099907)Boxeo-borroketan dirua zegoen jokoan, dirua irabazten zenuten boxeoan?


Beno, nik 3 irabazten nituen, eta 5 gastatzen. Gu amateurrak ginen, eta oso diru gutxi irabazten genuen.  Amalio Galanek, adibidez, dirua irabazi izan zuen, Europako txapelketa lehiatu zuen eta Valladolideko boxeolari bat, Pecho de Pollo, irabazi zion. Galanek irabazteko aukera izan zuen, baina nahigabe aurpegia ukondoarekin ukitu zion eta deskalifikatu zuten. Errebantxa eskatu zuen, baina ez zioten eman. Ondoren, Arrasaten Espainiako txapelketa lehiatu zuen.


Etxeko norbaitek zaletasunarekin jarraitu du?


Nire seme-alabek, Jaime Luis eta Sulima, borrokatzen dute. Gimnasioan entrenatzen dute, baina ez dute inoiz lehiatu.


Zerbait gehitu nahi al duzu?


Beste hiru borroka gogoratzen ditut. Bi San Viatorren eta beste bat Zaldibarren San Joan jaietan.  San Viatorren Romanek puntuetan borroka on bat irabazi zuen Toni Gonzalezen aurka. Ondoren, nik Garralderen aurka borrokatu nuen, baita irabazi ere. Bestalde, Zaldibarren Romanek Monchoren aurka borrokatu zuen, garaipena lortuz.


Beno, boxeoan ere ezbeharrak egon dira. Lagun bat oso gazte hil zen, Juanjo Herrero. Bestalde, Goñi Gasteizen ertzaina zen, eta kontaktua galdu genuen. Romanek ere utzi zuen, nik baino borroka gutxiago lehiatu ondoren.


Pixkanaka denok utzi genuen boxeoa. Ez zen erreleborik egon. Arrasaten olinpiko bat izan genuen,  Antonio Caballero, Seulen borrokatu zuena. Galanek Europako txapelketa lehiatu zuen. Erreferenteak egon bazeuden, baina hala ere, dena bukatu zen. Gazteei boxeoa gustatzen zaie kirola egiteko, baina ez borrokatzeko.


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE