Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua: Pottogorriak asanblada]

Azaroaren 25aren harira, Ander Garay Berdintasun zinegotziak idatzitako artikuluari erantzuna

Azaroaren 25aren harira, Ander Garay berdintasun zinegotziak “Emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzen” izenburupean iritzi artikulu bat argitaratu zuen. Polita benetan, baina hitzek ezer gutxi balio dute, ekintzak ez baldin badatoz hitzekin bat.
Testua: Pottogorriak gorputz askeen asanblada / 2018ko abenduak 5, asteazkena 
 
Azaroaren 25aren harira, Ander Garay berdintasun zinegotziak “Emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzen” izenburupean iritzi artikulu bat argitaratu zuen. Polita benetan, baina hitzek ezer gutxi balio dute, ekintzak ez baldin badatoz hitzekin bat. 

Eta hitzak eta ekintzak kontrastatze aldera, azkenaldian Arrasateko EAJ-k egin dituenak gogoraraziko dizkiogu Anderri eta berau babesten duten udal karguei, hauek ere badirelako emakumeen kontrako indarkeria. 

Hasteko, gogoratuko duzue duela urtebete Arrasateko kiroldegiaren inguruko bideo bat argitaratu zuela Arrasateko Udalak. Emakumeen presentzia oso txikia izateaz gain, gimnasia erritmikoa eta pilates egiten soilik agertzen ginen. Gainontzeko kirol guztietan, gizonezkoak agertzen ziren. Hori ere emakumeen kontrako eraso bat dela jakinarazi nahi dugu. Eskerrak Arrasateko gazte talde batek zuek egindako bideo horri buelta eman zion, lan bikaina eginez eta errealitatearen beste alde bat erakutsiz. 

Jarraitzeko, duela hilabete arte, Arrasateko etxez etxeko langileak greban egon dira, zuekin akordio bat lortu nahian. Ez dizkiozue gauzak erraz ipini ordea, eta zuek ere izan zarete etxez etxeko langileek jasan duten lan esplotazioaren erantzule. Zaintzaren esparruan lanpostu gehienak emakumeek egiten ditugu eta zaintza lan hauek duten prekarizazio eta esplotazio maila oso handia da. Hori aldatzea zuen esku ere egon den arren denbora luzez egon behar izan dira greban, zuek zerbait aldatu arte. Beraz, oraindik ere identifikatu gabe bazenuten, jakin honen aurrean erakutsi duzuen jarrera emakumeon kontrako erasoa ere badela.

Horrez gain, pasa den hilabetean, Oscar García PSEko zinegotziaren alde agertzea izan da egin duzuen azkena. Bere emaztea zenak tratu txarrengatik bere aurkako salaketa jarri arren, zuek eskumen osoa eman diozue zuekin batera lantaldean gobernatzen segi dezan. Martxan jartzekotan zaudeten kode etikoak ez du balioko zuek egindakoaren larritasuna leundu edo estaltzeko;  argi daukagu zuen posizionamendua zein izan den.
Udal gobernuko kideak eta are gehiago berdintasun zinegotzia eredu izan beharko lirateke Garcíarena moduko kasuetan. Benetan lotsagarria iruditzen zaigu horrelako salaketa bat medio, pertsona horrekin gobernatzen jarraitzea. Justiziak ez gaitu sinesten, eta ikusi dugunez, Udalak ere ez.

Beraz, azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko diskurtsoekin etorri beharrean ea datorren urtean hitzekin esandakoa ekintzekin demostratzen duzuen.
 
Pottogorriak, gorputz askeen asanblada

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE