Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
'Zergatik Euskaraldia? Zergatik orain?' izeneko saioa
Kike Amonarriz euskarak Euskal Herrian eta munduan egin duen habiaz mintzatu da Kulturaten
"Euskara bidegurutzean" aurkitzen dela azpimarratu du Tolosako soziolinguistak. Bide batez, gure hizkuntzaren aurreiritzi negatiboak biluztu eta lorpen positiboak goraipatu ditu.

  (id: 2674071)

 

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / 2018ko azaroak 8, osteguna

 

"Euskaraz gutxi hitz egiten da orokorrean, gainera hizkuntza erraldoiz inguratuta gaude. Ondorioz, euskarak ez du ezertarako balio". Halako pentsaera edo aurreiritziak sarri izan ohi ditugu euskaldun pesimistok. Baina gero Kike Amonarriz bezalako baikorrak (edo informatuak) dauzkagu, falazia hauek gezurtatzeko.  "7.000 hizkuntza daude munduan, eta euskara hiztun gehien dauzkan hizkuntzetako bat da", dio telebista aurkezleak. Perspektiba kontua da beraz.

 

 (id: 2797603)

 

Datu gehiago: mundu zabalean milioi bat euskaldun daudela kalkulatzen da. Hori horrela, 6.000 hizkuntza baino gehiago aurkitzen dira euskarak baino hiztun kopuru urriagoarekin. Gainera, arlo batzuetan Estatu hizkuntzek baino presentzia handiagoa dauka euskarak; wikipedian, adibidez, euskarazko artikuluak grekozkoak baino gehiago aurki daitezke. Mundu digitalean, panorama musikalean... euskarak bere tokia egin duela ere ezin uka. Zergatik gara hain ezkorrak orduan? Agian gure zilborrera begira pasatzen dugulako denbora.

 

Ze kanpora irteten bagara gainontzeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzera, konturatuko gara euskara erreferentea dela mundu mailan. Duela 50 urte, euskaldun kopurua milioi erdikoa bazen, kopuru hori bikoiztu egin da mende erdian. Bikoiztu. Eta inbidiaz edo begirunez begiratzen gaituzte askok. Irlandan, adibidez, gaelikoak ez dauka erabilpen sozialik, eta ondorioz ikasleek gorroto dute beraien lurreko jatorrizko hizkuntza ikastea. Komunitate indigenek ere euskaldunen edabe magikoa probatu nahi dute, bertako hizkuntza autoktonoak berpizte aldera.

 

 (id: 2745858)

 Magiatik gutxi dauka ordea euskararen bilakaera prozesu honek. Etxeparek 1545ean idatzi zuen bezala, "euskaldunak badaki gutxiengo kontziente baten parte dela". Eta ia mende erdi pasa ostean kontzientzia honek fruitu emankor ugari ekarri ditu, hala-nola, gazteen ezagutza maila inoiz baino nabarmenagoa izatea.

 

Euskara bidegurutzean

 

Bidegurutze berri baten aurrean dago euskara gaur egun. Izan ere, hezkuntzan eta gazteen artean ezagutza hobetzeko tarte txikia dago, beraz, honakoa litzateke eman beharreko pausoa: ezagutza hori erabilera bilakatzea. Bide honetan normalizaziorako leihoak zabalduko lirateke, eta gaelikoak pairatzen dituen arazoak ekidin, bide batez.

  (id: 2713221)

 

Edozein esparrutan euskararen erabilera sustatzeko, ordea, dinamikak diseinatzeko beharra dago. Euskaraldia estrategia honen barruan kokatzen da, noski. Baina dinamika jarraikorrak behar dira. Lan munduan, adibidez, inertziak aldatzeko gakoak hemendik joan daitezke: gaur egun ardura postuak dituzten langile gehienek 50 urte baino gehiago dituzte, hauetako askok gaztelerazko hezkuntza formala jaso zuten bere garaian. Euskara fresko daukaten gazteak lan mundu honetan moldatzen doazen heinean, euskararen erabilerak gora egin beharko luke nabarmen.  

 

Ahobiziez gain, Belarripresten papera ere garrantzitsua izango da prozesu honetan, euskaldunak kontzientzia handiagoz hautemango duelako bere ingurumen linguistikoa.

 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE