Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

ERREGEA eta ERROTARIA

Piter Encinasek idatzitako istorioa.

120.Piter.Encinas.EHBILDU (id: 2538923)

 

Testua: Piter Encinas / Argazkia: EH Bildu / 2018ko abenduak 30, domeka

Bazen behin, urrutiko erresuma batean, errotari bat bere familiarekin egurrezko haize-errota batean bizi zena, errota oso zaharra zen, zutik irauteko zutabeak behar zituen, eta martxan zegoenean izugarrizko zarata sortzen zuen, baina bere lanari esker errotariak eta bere familiak bizimodu duin bat zeukaten, ez aberasteko; bai, ordea, gosez ez hiltzeko.

Egun batean inguru horretan erregeak jauregi bat egitea agindu zuen. Hilabete batzuk pasa eta gero, erregea joan zen bere jauregiaren lana ikustera, zaldiarekin paseatzen ari zela, zarata entzun zuen, eta zarataren jatorrira bideratu zen, bat-batean, errota zaharrarekin topo egin zuen, eta bururatu zitzaion lehen gauza aurri-itxura zuela izan zen, ingurua itsustu egiten zuela, eta nolabait, baita bere geroko jauregiaren ingurua ere, erregearen gonbidatuek ze pentsatuko ote dute eraikin hondatu hori ikusten badute? Gainera, ia-ia egun osoan zarata horrekin. Bitan pentsatu gabe, errotara joan zen, eta hor barruan errotaria lanean aurkitu zuen.

Jakina da, erregeen nahierak handiak direla, mugarik ez daukate, erregeek ez daukate yate bat, baizik eta gehiago,  ez daukate jauregi bat, baizik eta gehiago, oporretara ez dira joaten urtean behin, baizik eta gehiagotan, poltsikoetan ez daukate dirurik, haientzat dena doan delako, aspertuta daudenean Afrikara joaten dira elefanteak hiltzera.

Hau guztiagatik, errotara sartu zenean, gogaitu zuen lehen gauza hautsa izan zen, non-nahi hautsa, bere arropa dotorea zikintzen duen hautsa, azkenean errotaria aurkitu zuen eta horrela esan zion: haize-errota erosten dizut, «normalean erregeek ez dute ezezkorik entzuten» baina honek bai, honek entzun zuen: ez! Errota hau ez dago salgai! Niretzat eta nire familiarentzat diru sarrera da, lanari esker berak eta bere familiak jateko dutela, baina erregeak berriro esan zion: esan dizudan diru kopuruaren bikoitza emango dizut, ezetz! errotariak erantzun zion, errota hau ez da soilik gaur egungo tresna, etorkizunekoa ere izango da, honi esker nire seme-alabek eta gero nire bilobek jango dute, horrela izan zen nire guraso eta aitona-amonen garaian. Erregea haserretzen hasi zen, eta berriro erantzun zion: halako lau, halako bost emango dizut! Errotariak, berriro errepikatu zion: ezetz! Errota hau nirea da, eta ez dago salgai!, orduan, erregea oso haserretuta bira emanda irten egin zen, mehatxu egiten zion bitartean; errota nirea izango da eta botako dut!

Gertaturikoa berehala zabaldu zen inguruan, oso kezkagarria izan liteke, gertuko herrietan ez baitzen errota gehiagorik, beraz, errota hori botaz gero, aukera asko egongo lirateke ogia gehiagotan ez jateko, hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka jendea batzen hasi zen, eta jauregirantz abiatzen, herri guztietatik herritarrak elkartu ziren, milaka pertsona batu arte.

Erregeak hainbeste jende ikusi eta gero galdetu zien ea zer gertatzen zen? Herritarren artean neska gazte bat irten zen eta kontatu zion herritarrak zerk kezkatzen zituen, orduan, erregeak aldarrikapen bat egin zuen: «Nik, agintzen dut herritik hurbil errota berri bat egingo dela, errotariarentzat, bere familiarentzat, dohainik eta betirako, errota berri hori egin eta gero, herriari baimena emango diot zaharra botatzeko, lasai joan zaitezte! Arazo hau konponduta dago».

Istorioaren irakaspenak, nire iritziz hiru dira:

1/ Denok, daukaguna, pentsatzen duguna babestu behar dugula, nahiz eta gure kontrakoa gu baino indartsuago izan.

2/ Ikusten dugunean, pertsona ahul bat erasotzen dutela, bera defendatu behar dugula, adibidez, eskoletan ikus dezakegu pertsona bat erasotuta izan daitekeela menperatzaile batengatik, aurre egin behar dugu.

3/ Esaera batek ondokoa dio: «borrokatzen badugu gal dezakegu, ez badugu borrokatzen galduta gaude».

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE