Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua eta argazkiak: EMUN eta Garabide]
Garabide eta EMUN Mexikon nawat komunitatearekin hizkuntza lankidetzan
Nazio Batuen Erakundeak 2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duen honetan Garabide Elkarteak bere ekimenak ugaritu ditu eta, bereziki, euskararen biziberritzean diharduten eragileekin harremanak estutu ditu. Horien artean, EMUN euskara eta berrikuntza soziala batzen dituen kooperatibarekin indarrak batu ditu Mexikoko TOSEPAN kooperatiba taldean nawat hizkuntzaren plana garatzeko.

590.Bidaide2019.EMUN-GARABIDE (id: 2906793)


Testua eta argazkiak: EMUN eta Garabide / 2019ko azaroak 14, osteguna

 

Nazio Batuen Erakundeak 2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duen honetan Garabide Elkarteak bere ekimenak ugaritu ditu eta, bereziki, euskararen biziberritzean diharduten eragileekin harremanak estutu ditu. Horien artean, EMUN euskara eta berrikuntza soziala batzen dituen kooperatibarekin indarrak batu ditu Mexikoko TOSEPAN kooperatiba taldean nawat hizkuntzaren plana garatzeko.

Garabide Elkartea hizkuntza lankidetza egiten duen Gobernuz Kanpoko erakundea da eta bere egiteko ezagunena munduko hizkuntza gutxituetako ordezkariei Euskal Herrian eskaintzen dien formazioak badira ere, Aditu Ikastaroa edo Ikastaldia kasu, munduan barrena hizkuntzaren biziberritzerako aholkularitza lana ere egiten du Bidaide programaren baitan. Bidaide programaren bidez Garabidek zubi lana egiten du eta tokian-tokiko hizkuntza biziberritze beharrei erantzuten die Euskal Herriko aditu eta arituen laguntzaz. Testuinguru horretan, hain zuzen ere, sortu zen duela urte eta erdi Mexikoko nawat hizkuntza komunitatean, zehazki Puebla estatuko TOSEPAN kooperatiba taldearen baitan, hizkuntza plana garatzeko premia. 2006tik ari ziren TOSEPANen nawat hizkuntzaren biziberritze lanetan, baina 2018an erakundearen baitan hizkuntza plana garatzeko erabakia hartu zen. Prozesu horretan euskara planak erreferente izan zitekeela pentsatuta eta, aldi berean, euskara planei prozesu hau hurbiletik bizitzeak egingo liekeen ekarpenaz jabetuta, EMUN kooperatibara hurbildu zen Garabide, euskara eta berrikuntza soziala batzeaz harago urteetako esperientzia baitu sektorean. Beraz, Garabideren bitartekaritzarekin TOSEPAN eta EMUN batu zituen proiektu honek 2018an.

Atzera begirakoan, gogora ekarriko dugu nawat komunitatea Mexikoko Puebla estatuko mendizerran bizi dela eta eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru dituela. Halaber, komunitate honetan berebiziko presentzia eta garrantzia du Unión de Cooperativas TOSEPAN  Titataniske (“Elkarrekin irabaziko dugu” nawat-eraz) izeneko kooperatiba elkarteak.  TOSEPANek era guztietako jarduerak garatzen ditu eta, horien artean, honakoak ditugu: TOSEPAN KALNEMAXTILOYAN (eskola), TOSEPAN KALI (ekoturismo zerbitzuak) eta TOSEPANTOMIN (kreditu kooperatiba). Horrekin batera  aipagarria 200dik gora komunitatetan kooperatiba lokalak dituela martxan eta guztira 40.000 familiak parte hartzen duela. Beraz, funtzio sozial eta ekonomiko ikaragarria betetzen du entitateak bere eragin eremuan.

Zehaztasunera etorrita, duela urte eta erdi eman zioten hasiera Garabidek, EMUNek eta TOSEPANek hizkuntza planari; EMUNeko Txerra Rodriguezen aholkularitza tekniko eta GARABIDEko Gatxiren babesarekin TOSEPAN talde kooperatiboaren nawat planaren diagnostikoa eta diseinua gidatu zuen Lizbeth Sanchez arduradunak. Urte eta erdi honetan planari laguntza eta jarraipena eman zaizkio eta azaroa hasieran 15 egunerako joan ziren bigarrengoz Txerra eta Gatxi nawat lurretara.

Bi helburu nagusi ditu azaroaren 17ra arte luzatuko den egonaldiak: nawat planaren ebaluazioa egitea eta kooperatiba taldearen baitako espazio ezberdinetan formazioa ematea. Formazioari dagokionez, bi gairen bueltakoak dira nagusiki ikastaroak: hizkuntza aktibismoa eta hizkuntza ekologia. Goiz da eragina neurtzeko, baina badirudi bide onetik doazela, ondoko aitorpena egin baitzuen parte-hartzaileetako batek saio baten ondoren: “Aspaldi da batzar batean negar malkoa ateratzen ez zitzaidala”.

Planaren ebaluazioari dagokionez, lehentasuna eman nahi izan diote indarguneak eta ahulguneak aztertzeari. Pare bat aipatzearren, indargune gisa ondokoa nabarmendu dute: “Talde motorreko –Euskal Herriko testuinguruan euskara batzordearen parekoa– kideak hizkuntzaren aktibistak dira, egunerokotasunean interesa erakusten dute, talde ona osatzen dugu”. Ahulguneen artean, aldiz, sorpresarik ez: “arazo nagusiak dirua eta denbora izan dira”. Hainbeste kilometro egin arren bistakoa da hizkuntza gutxituen arteko hurbiltasuna.

Etorkizunari begira ideia, asmo eta ametsik ez da falta nawaten artean, ez horixe. Denboran bat egin dute bi faktorek: batetik, oraintxe burutzen ari diren ebaluazioarekin mugarri bat ipini nahi dute datozen urteetako dinamika finkatzeko eta, bestalde, TOSEPANeko 2 kide esanguratsu –tartean kooperatiba taldeko zuzendari nagusia– Euskal Herritik etorri berri dira Garabidek urrian antolatutako Ikastaldian parte hartzetik; begiak zabal-zabalik, pilak kargatuta etorri dira eta plan anbiziotsuago baten zertzeladak aurkeztu berri dituzte. Beraz, Euskal Herrian iluntzen duen hurrengoan gogoan izan itsasoaz bestalde kimutzen ari den hizkuntza lankidetza: dagoena aztertu, datorrena irudikatu, proposamen berriak integratu eta, batez ere, horri guztiorri osotasuna eman. Hori izango da datozen egunotan, egonaldiak iraun bitartean, euskal delegazioaren egiteko nagusia. Nawat komunitatean TOSEPAN kooperatiba taldea ausarta izan da hizkuntza plan aitzindari hau martxan jartzen: "kooperatiba taldea bera indigenen aurkako diskriminazioari aurre egiteko sortu bazen, bertakoen bizi kalitatea hobetzeko, koherentzia ariketa bat da eredu sozioekonomikoarekin batera geure hizkuntza, kultura eta identitatea lantzea, dagozkion espazioak ematea".


Informazio osagarria


2019ko egonaldiaz:

Aurrekariak:

  • 2018ko egonaldiko 3 kronikak:

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE